Borrar
Borja Agudo
Kobetamendi eta Mendizabalara bueltatuko gara

Kobetamendi eta Mendizabalara bueltatuko gara

Buru-belarri ·

Last Tour enpresak Gasteizko Azkena Rock jaialdia datorren udara arte atzeratu du eta Bilbao BBK Live ezin izango dela espero zen moduan ospatzea aurreratu du

Jueves, 14 de mayo 2020

Bagenekien. Guztiok. Hala ere, goibeldu gaituen informazioa izan da. Azkena Rock eta Bilbao BBK Live jaialdiak ezin izango dira espero genuen bezala ospatu. Gasteizkoa datorren urtean izango da (Iggy Pop bertan izango dela aurreratu dute) eta Kobetamendiko ekitaldiarekin zer gertatuko den zehatz mehatz jakiteko hilaren amaierara arte itxaron behar izango dugu. Beraz, duela bi aste zutabe honetan bertan kontatu nizuen bezala, jaialdirik gabeko uda izango dugu.

Jarrerarik zuhurrena da. Aukera bakarra, izan ere. Makrokontzertuak benetan arriskutsuak dira garai honetan. Bi metroko distantzia mantentzea eta eskularru eta maskara eramatea zuzeneko bat ikusten duzun bitartean ez da gozatzeko modua. Eta hala ere ezin da segurtasuna bermatu. Ez, ez da makrokontzertuak egiteko unea. Streaming bidez baino ez. Nahiz eta, onartu dezagun, gauza bera ez izan. Zuek ere urduri jarri zarete kontzertu bat hasi baino lehen? Argiak itzali egiten dira. Ikuskizuna berehala hasiko da eta badakizu ordu erdi batez aretotik kanpo gertatutako guztia bost axola zaizula. Momentu bakarra da hori. Errepikaezina.

Plataforma baten bitartez ematen diren kontzertuak errepika daitezke gehienetan. Grabatu egiten dira eta. Eta horrek egia kentzen dio ikuskizunari. Areto osoan zuk bakarrik egongo bazina bezala sentitzen zara emanaldia izan eta gero play botoia sakatzen baduzu. Baina ez da kontzertu pribatua, ezta esklusiboa. Koronabirus madarikatu honen emaitza da.

Itxaron behar dugu. Tamalez, hau ez da hilabete bakarrean konponduko den arazoa. Langile ugari egoera zailean daude. Artistak, sustatzaileak, aretoak, teknikariak... Kulturalki asko galtzen ari gara, baina krisialdi honek eragingo dituen arazo ekonomikoak eraldoiak izango dira. Izaten ari dira. Adibide bat: Bilbao BBK Live eta Azkena Rock bezalako jaialdiak antolatzea urte osoko lana da. Programatu ziren bezala ospatuko ez direnez, egindako lanaren protzentaje handiak ez du 'ezertarako balio'.

Behintzat, Azkena Rockek 2020 honetarako antolatutako izen propio batzuk mantendu ahal izango ditu. Patti Smithek eta Brian Wilsonek, esaterako, baietz esan dute berriro. Last Tour konpainia John Fogerty mantentzeko lan egiten ari da orain. Esan bezala, jaialdiak hilabete askoko lana dira eta 2021ko edizioa prestatzeko bi urte emango dituzte. Hogeigarren urteurrena izango da. Itzela. Gogotsu hartuko dugu.

Momentuz ez dakigu zer gertatuko den Bilbao BBK Live jaialdiarekin. Lan eta lan dabiltza. Nobedaderen bat aditzera emango dute ziur. Iggy Pop Azkena Rockeko kartelera gehitu duten moduan. Baina Kobetamenditik berriak heltzen diren bitartean... igo bolumena!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Kobetamendi eta Mendizabalara bueltatuko gara