Borrar
Amaia Romero abeslaria. EFE
Klikatu hemen

Klikatu hemen

Askotan egin didaten -eta gustuko ez dudan- galdera da hau: Kontatuko didazu zuk bizitako pasadizo xelebre bat mesedez?

Martes, 10 de abril 2018, 23:38

Askotan egin didaten -eta gustuko ez dudan- galdera da hau: Kontatuko didazu zuk bizitako pasadizo xelebre bat mesedez? ('Anécdota divertida' erdaraz egiten didatenean). Ezinbestean galdegilearen aurpegian babalore keinu bat marrazten da, nire bitxikeriaz, zernahi dela ere, barre egiteko prest egongo bailitzan.

Kasu horietan erantzun ezberdinak datozkit burura: «Ba ez, ziur aski, errepasoa eginez gero batzuk egongo dira, baina momentu honetan gogoratzen ditudanak tontakeria hutsak dira, eta nahiago nuke tontakeria gehiegi ez esatea... inporta ez bazaizu».

Edota: «Bai, kontatuko dizut bat. Behin batean kazetari batek bitxikeria bat kontatzea eskatu zidan eta ezetz esan nion... A zer nolako aurpegi dibertigarria geratu zitzaion... zuk oraintxe daukazuna hain zuzen...».

Baina bai, onartu behar dugu: bitxikeriak askotan gure memorian geratzen dira, gogoeta sakonek nekez lortzen duten moduan. Francisco Umbral gogoratua da gehiegitan «nire liburuaz hitz egitera etorri naiz» esaldiagatik. Camilo José Cela, askorentzat, senatuan puzkerra bota zuena da -hamaika aldiz ezeztatu bazuen ere-, Fernando Arrabal telebistako debate batean, erabat mozkortuta «cojones ya» oihukatu zuena da, eta, Sanchez Dragó, «orgasmo lehorraren» profeta izango da betiko, gai horretaz ez dela berriro mintzatuko iragarri arren.

Lagunarteko kalakak horrelako pasadizoekin elikatzen dira eta guztioi bost axola egiazkoak diren ala ez. Pasadizo on batek -batez ere morbo pixka bat baldin badauka- ez du inongo egiarik behar bizirik irauteko eta ahoz aho hazteko. Edonork badauka lagun baten lehengusu batek irratian Ricky Martin eta haren jarraitzailearen txakurrari buruzko kontaketa entzun zuenekoa, eta koinatu batek, Carlos Iturgaiz, Miguel Ángel Blancoren neskalagunarekin ikusi zuenekoa.

Internet garaia, 'fake news' ez ezik -dudarik gabe bitxikeriak ezagutzeko grina konpultsiboaz elikatzen direnak- klikaren kultura ere ekarri digu. Milaka web-argitalpen pasadizoen merkatuan daude norgehiagoka, amuak jarriz gu guztioi heldu nahian: «Hau da Amaia Romerori geratu zaion aurpegia ezusteko berria jaso duenean», «Eskandalu itzela sortu du Keith Richardsek Mick Jaggerren aitatasunari buruzko adierazpenak direla eta». «Letizia eta Sofia erreginak polemika sortu dute bideo honetan ikusten den liskarren ondorenean».

Kazetaritzaren historian sekula ez dira 'eskandalu' eta 'polemika' hitzak horrenbestetan eta horren funsgabean erabili. Berriki, nahiko ezaguna den egunkari digital bateko kazetari batek klikak lortzeko obsesioaz gogaiturik zegoela aitortzen zidan. Bere ustez, oso ohitura mingarria bihurtu da gure lanbidean. Publizitatea lortzeko orduan kliken kopurua neurtzen da eta.

Joera alu honetan, ez dira libratzen monumentu historikoak ere. Aste Santu honetan, Avilako harresietan bisitan nengoela, Santa Teresaren ustezko ahotsa entzuteko aukera izan nuen, haren esperientzia mistikoak azalduz.

Ikusten? Azkenik neuk ere pasadizo bitxi bat kontatu dizuet ia konturatu gabe. Hurrengo elkarrizketarako zer edo zer deigarria prestatuko dut kazetariaren gosea asetzeko. Bitartean, izenburu on bat asmatu behar dut artikulu honetarako klikak lortzearren. Ez dugu erremediorik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Klikatu hemen