Orain arte jazz munduan egin den diskorik onena omen. 'Kind of Blue', tristura klase bat, malenkoniaz zipriztindutako notak, malenkoniarik gabe ez baitago arterik, ezta bizitzarik ere, hala esango nuke. Gure izaera baldintzatzen du, ohartu gabe, gure nortasuna bihurritzen du, ez ordea ezezaguna egiteraino. Poeten bazka, tristura goxoa, sosegu sakona ere bai, horrela ere defini daiteke malenkonia. Hirurogei urte dira grabatu zutela. Izenak: Miles Davis, John Coltrane, Julian Cannonball, Jimmy Cobb, Bill Evans eta Paul Chambers. Ondo gogoan gordetzeko musikariak. Bizirik bakarra geratzen da, Jimmy Cobb, bateria-jolea. Bakoitza bere aldetik hartuta ere, maisuak denak.

Publicidad

Interesgarriena, nire irudirako, John Coltrane da. Saxo tenorea hartzen du, eta, isurtzen zaion musika hori entzunez, munduari buruzko ikuspegia alda daiteke erabat. Ez zen Miles Davis bezain mediatikoa izan. Behin baino gehiagotan ahoskatu beharra dago Milesen izena, bi aldiz gutxienez, Cristina Lisok, Los Esclarecidos taldeko abeslariak bezala. Harroa zen oso; jenio direla sinesten dutenen harrotasun horretaz jantzirik ibiltzen zen. Berdinak zirenak edo berdintzat zituenak bakarrik zuten haren errespetua. Ez zuen Coltrane ulertu, ez zuen Thelonius Monk ulertu. Ez zen erraza Coltrane ulertzen, tren baten moduan joaten zen, eta trenak ez dira ulertzen, harrapatu egiten dira; edo, bestela, ihes egiten dute, edo ez dira geltokian geratzen. Trenen ahalmenak dira. Coltrane trena zen, hala esaten zioten bederen, tren bat zela, tren beroa, tren arina, tren tramankulurik gabea.

Coltranek jotzen duen musikaren barruan samurtasuna dago, nolabait esateko. Ontasuna ere badago, eta biak elkarrekin borrokan dihardute. Hortik tonu-aldaketa, gora eta behera, inork espero ez duenean azaltzeko eta desagertzeko boterea. Samurtasuna versus ontasuna. Perfekziozalea omen, ez zen konforme geratzen diren horietakoa, beti gehiago nahi. Bada perfekzioa maite duten artisten artean, norberaren mugak gainditzeko ahalegina, diren gizakietatik haratago, urrutiraino, joateko desira. Artista bakoitzaren baitan jainko txiki bat ezkutatzen da, jainko handi egin nahian. 1964an 'A Love Supreme' izeneko diskoa kaleratu zuen. Bere emazte Aliceren hitzak dira ondorengoak: «Moises menditik jaistean bezala, halakoxea zen haren poza eta haren bakea aurpegia estaliz». Coltrane erlijioak ukitutako gizona zen, erlijio-jendearen aretan sortu eta hazitakoa izateagatik. 1957an bere bizitza aldatuko zuen zerbait gertatu zitzaion. Beste santu edo sasi-santu askok bezala jainkoaren deia sentitu zuen, bere iraganaz beste egiteko esanez eta ekiteko bizitza berri eta garbi bati. Heroina utzi zuen, beste bat bilakatu eta Jainkoaren bila abiatu zen.

Jakinekoa da Jainkoa toki guztietan aurki daitekeela, baita sukaldeko tresnen artean ere. Hori zioen behintzat santa Teresak, eta esango nuke san Joan Gurutzekoak ez zuela kontrako iritzirik. Coltranek Stravinskyren musika ezaguna zuen, ezagunak zituen bezala, ikasiagatik, Hindemath-en eta Debussyren musikak. Musika arazo formalei irtenbide formalak eman nahian aritu izan zen beti, eta musikari moduan iritsi zitekeen tokira iritsita, joa zuen gailurrean zegoelarik, ez zen isildu.

Laboa ere ez zen isildu, ahotsarekin lortutakoa lortu zuenean ere. Ahotsari beste doinuak atera nahi zizkion eta saiatu zen horretan. Isiltasuna oihu bilaka zitzaion. Coltraneren isiltasunetik oihu eta otoitza atera ziren garaile. 'A Love Supreme' otoitz luzea da. Lau zati ditu: 'Acknowledgement', 'Resolution', 'Pursuance' eta 'Psalm'. Gizakia eta Jainkoa biak aurrez aurre daude, elkar ulertu nahian. Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremana ez baita erraza izaten, bere gorabeherak ditu, bere koskak, bere ezpalak.

Publicidad

Saxoa ahotsa da, metalezko ahots urduri eta sakona. Miles Davisen tronpeta mundua aldatzeko tresna zen. Hirurogei urte igaro dira 'Kind Of Blue' grabatu zutenetik hona. Tristura guztiak, azken finean, tristura bat eta bera dira, historia guztiak historia bera, mila modutan kontatua. Su guztiak su bakarra dira, erre ondoren itzali eta itzali ondoren berriro erretzen duena. Malenkonia tristura klase bat da, bigunagoa, ordea. 'Kind of Blue'.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad