Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Kike Amonarriz, elkarrizketa batean.
Kike Amonarriz: «Hizkuntza bat menperatzeko, erabilera bezalakorik ez dago»

Kike Amonarriz: «Hizkuntza bat menperatzeko, erabilera bezalakorik ez dago»

Euskararen Nazioarteko Eguna ·

Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak uste du Euskararen Nazioarteko Eguna hausnarketarako unea dela, eta, batez ere, urtearen beste 365 egunetan «euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan» erabiltzeko akuilu gisa balio duela

Jueves, 2 de diciembre 2021

Kike Amonarriz (Tolosa, 1961), gure gaurko protagonista, ETB 1eko aurpegi ezagunetako bat da. 2019an, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari bihurtu zen, eta, ordutik, buru belarri dihardu jardun horretan. Harrigarria bada ere, 'Mihiluze', 'Burubero' eta beste zenbait telebista saioetako aurkezleak aitortu digu 15 urte bete arte bere lagunekin harremana gaztelaniaz izaten zuela, eta, hori dela eta, harro esaten du berarentzat euskara «konkista» bat izan dela.

Euskal filologo honek gogoratzen du garai hartan karreran ikasgai gehiago zituztela gaztelaniaz euskaraz baino. Irakurzale amorratua da eta frantseza, gaztelania eta euskara menderatzen ditu. Ingelesa eta katalanarekin, berriz, disimulatzeko gaitasuna dauka. Idazle, aurkezle, umorista, soziolinguista eta ikerlari honen pasioen artean mendizaletasuna, perretxiko bilketa eta zinemara, antzerkira eta kulturarekin zerikusia duen edozertara joatea daude. Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean, euskal hizkuntzaren eta martxan dagoen 'Haurren aurrean, helduok heldu' ekimenaren inguruan galdetzeko aprobetxatu dugu.

-Duela hamar bat egun hasi zen 'Haurren aurrean, helduok heldu' ekimena. Zer bilatzen duzue horrekin?

-Ekimen hau sortzen da behar batetik. Izan ere, gure gizartean ohikoa den kezka bat da haurrengan eta gazteengan erortzen dela neurri handi batean euskararen biziberritze prozesuaren pisua, eta guk ekimen honekin nabarmendu nahi izan dugu haurren eta gazteen inguruneak daukan garrantzia beraien hizkuntzaren erabileran. Nola lortzen dugu hori? Euskaraldiaren helburu izan den hizkuntza ohituren aldaketarekin. Beraz, kasu honetan izango genuke ariketa hau ere, hizkuntza ohituren aldaketarako ariketa bat dela, Euskaraldia den moduan, baina kasu honetan ariketa fokalizatu egiten dugula sektore konkretu batean: haurren ingurunea, alegia. Ariketa honen oinarrian dagoen filosofia da haurrei euskaraz egitea bezain garrantzitsua dela haurrak aurrean daudenean helduok dugun hizkuntza portaera. Haurrek jasotzen dutena da euren inguruan ikusten duten hori. Orduan, guk nola jokatzen dugun beraiek ere horren arabera jokatuko dute ondoren. Euskaraz askotan esan izan duguna: 'Zer ikusi, hura ikasi!'.

-Jendea animatzen ari da euskaraz hitz egitera ekimenaren guneetan?

-Bai, bueno balorazioak oraindik jasotzeke dauzkagu oraintxe bertan ari delako ekimena burutzen, baina guretzat lehen balorazio inportantea izan da 80 herri baino gehiago parte hartu dutela, nahiz eta ekimen honen lehenengo urtea izan. Gainera, kontuan izan behar da pandemia egoera batean gaudela eta horrek asko zaildu digula... Neurri batean ariketa egitearen arrazoietako bat ere bada Euskaraldi Batzordeak eta euskara elkarteak berraktibatzea eta hizkuntzaren gaia berriro plazara ateratzea. Ikusten ari gara herritik herrira dinamikak lantzeko moduak desberdinak direla, baina badago, kasu askotan ikastetxeen bidez, egiten ari den hausnarketa kolektiboa gaiaren inguruan eta hori berez oso garrantzitsua da. Esan bezala, emaitzen inguruan oraindik ezin dugu hitz egin, baina bai somatzen dugu gaiarekiko sentsibilidade berezi bat. Egia da hedabide askok aipatu dutela ariketa, gaiaren inguruan egon direla hitzaldi, aurkezpen eta artikulu ugari, eta, alde horretatik, guretzat hori bada aurrerapauso bat. Batez ere, foko aldaketa bat ekar dezakeelako eta hori da bultzatu nahi izan dugun ideia nagusia. Berrietatik jasotzen ari gara kezka hau oso partekatua dela, eta aurkezpenean esaten genuen bezala, leloa esate hutsarekin ia euskaldun guztiek badakite zertaz ari garen. Horrek esan nahi du egoera orokorra dela, kezka partekatua dela eta berau gainditzeko gogoa ere oso zabala dela. Gainera, guretzako ere pozgarria da jakitea herri eta ikastetxe askok adierazi digutela oraingoan ezin izan dutela 'Haurren aurrean, helduok heldu' ekimenean parte hartu baina beraien asmotan badagoela ariketa hori ere martxan jartzea.

«Haurrek jasotzen dutena da euren inguruan ikusten duten hori»

-Ekimena iragartzen duten bideoetan umeek diote euskaraz aritzen direla eskolan, eskolaz kanpoko ekintzetan, baina gero etxean, erdaraz. Kasu askotan, gurasoek euskara ez dakitelako gertatzen da hori, baina zergatik uste duzu guraso askok euskara jakin arren, azkenean etxean gehienbat gaztelaniaz hitz egiten dutela?

-Normalean hori galdetzen duzunean, jendearen ohiko erantzuna da: ohitura, edo inertzia. Hain zuzen ere, horregatik bai Euskaraldiak bai 'Haurren aurrean, helduok heldu' ekimenek ohitura aldaketak bultzatzen dituzte. Kontua da gero ohitura horren azpian zer dagoen, eta hor, egia esan, fenomeno desberdinak aurki genitzake gurasoen eta eremu soziolinguistikoaren arabera. Eta hor zeintzuk dira normalean aurkitzen ditugun faktoreak? Bat da hizkuntza ez dela menperatzen behar bezala: hanka sartzeko beldurra. Eta hor ere askotan esan dugun bezala, hizkuntza bat menperatzeko erabilera bezalakorik ez dago. Orduan, gurpil zoro hori puskatu beharrean gaude. Jende askok euskara erabiliko luke, baina ez du erabiltzen iruditzen zaolako ez duela behar besteko maila edo hanka sartzen duelako, baina hanka sartzen ez badu eta ez badu erabiltzen ez du hobetuko bere maila. Gurpil zoro horretatik bakar bakarrik atera gaitezke dakiguna erabiltzen. Beste konponente bat izaten da jauzi hori emateko momentua aurkitu ez dela, eta hori ere eskaintzen dute horrelako ekimenek, izan ere, horien bitartez helduleku bat sortzen dugu gaia mahai gainean jartzeko eta esateko: «Eman dezagun urrats bat aurrera eta negoziatu dezagun nola emango dugun urrats hori». Euskaraldiaren ondorioz jaso ditugun lekukotza askok eta askok diote ekimen horrek aukera eman diela aurrerapauso hori emateko. Hori da probokatzen ari garena eta hori da lortu nahiko genukeena.

-Beraz, Euskaraldiak mugarria jarri duela uste duzu?

-Askotan esan dugu, baina nik uste dut metodologia berri bat izan dela. Uste dut Europako hizkuntza gutxituetan ez dela egon maila honetako ekimen sozial erraldoirik hizkuntza ohituren aldaketan, eta gero ikusi duguna da ondorio onak izan dituela. Jende askok aldatu zituen bere hizkuntza ohiturak Euskaraldiak bi edizioetan iraun zuen denbora horretan, eta gero ohitura aldaketa horietatik batzuk finkatu egiten dira, eta beste batzuk berriro atzera egiten dute eta behar dute beste bultzada bat, ohitura aldaketak beti ez baitira automatikoak eta hain errazak. Beraz, oso garrantzitsua da horrelako bultzadak ematen jarraitzea, eta iruditzen zaigu dinamika horiek Euskaralditik kanpo ere erabil daitezkeela, bai enpresetan, bai elkarteetan, bai bestelako erakundeetan. Ildo horretan esango dut interesatuta daudenentzat Topagunearen web orrian erabil daitezkeen material guztiak edozeinen eskura jarri ditugula, ariketa bere herrian edo bere ikastetxean egin nahi dutenek egin ahal izan dezaten.

-Non ikusten duzu gehiago hobetzen ari garela?

-Nabarmena da ezagutzan aurrerapauso handiak eman direla. Gaur egun, elkarte autonomoan eta Nafarroako iparraldean esan genitzake haur eta gazteen gehiengo nagusia euskalduna dela, hau da, euskaraz hitz egiteko gai dela nahiz eta erraztasun maila handiago edo txikiagoa izan. Gainera, eremu formaletan ere aurrerapausoak ikusten ditugu, baina lehen esan bezala erronkak handitzen ari zaikigu eta klima aldaketa nazioarteko kezka den bezala, hizkuntzen biziraupena eta hizkuntzak osasuntsu mantentzea gero eta kezka nazioartekoagoa izango dela uste dut. Izan ere, ikusten ari gara globalizazioaren eta hizkuntza hegemonikoan dauden ikus-entzunen eta sare-sozialen erabileraren eraginez, munduko hizkuntza gutxituak eta zenbait estatu hizkuntzak bere biziraupena kezkaz bizi dutela. Orduan uste dut aurretik ditugun erronka horiei aurre egiteko jarraitu beharko dugula bi norabide indartzen; batetik, hizkuntza politika instituzionalak, eta, bestetik, herritarren euskararekiko atxikimendua eta hizkuntza aktibazioa. Nolabait esateko, euskarak aurrera egingo baldin badu, behar ditu politika publikoak eta gizarte aktibo bat.

«Jende askok euskara erabiliko luke, baina ez du erabiltzen iruditzen zaiolako ez duela behar besteko maila edo hanka sartzen duelako»

-Zer uste duzu Euskararen Egunari buruz?

-Nik esango nuke Euskararen Eguna egun seinalatua dela, pixka bat bai lorpenak nabarmentzeko eta ditugun erronkak eta hutsuneak nola bete pentsatzeko. Euskararen Egunak zentzua du hausnarketa egun gisa eta batez ere akuilu gisa urtearen beste 365 egunetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko.

-Elkarrizketa elebidunek garrantzia hartu dute ekimen ezberdinetan. Etorkizunean horiek presentzia handiagoa izango dutela uste duzu?

-Bai, nik uste dut orain arte ikaragarri zaila zela horrelakoak aurrera eramatea, gutxi zirelako euskara ulertu bai, baina hitz egiteko gai ez zirenak. Zorionez, gero eta jende gehiago dago euskara ikasten ari dena eta ikasten ari diren horietatik batzuk gai dira euskaraz hitz egiteko, eta beste batzuei kosta egiten zaie baina ulertzeko gai dira. Garai batean horrelako kasuetan sistematikoki erderara jotzen baldin bagenuen ere, elkarrizketa elebidunek erakusten digute aukera daukagula pertsona batek euskaraz egiteko eta besteak ulertzen baldin badu, nahiz eta berak erderaz egin, euskaraz jarraitzeko. Hori errazagoa da konbertsazio laburretan, elkarrizketa luzeetan baino. Baina muskulu hori egiten badugu, ohartuko gara ez dela horren konplikatua eta aukera ikaragarri zabaltzen dituela euskararen erabilerarako. Are gehiago, euskara ikasten ari diren pertsonek askotan esan izan digute: «Aizue, gurekin pazientzia eduki. Ikasten ari gara!. Bestela ez dugu inoiz ikasiko».

-Etxean eta lanean euskaraz, beti. Nola lagundu dio euskarak Kike Amonarrizi?

- Niretzat euskara da bizitzeko daukadan modua. Baina esan behar dut nik gaztetan etxetik kanpo dena erdaraz egiten nuela. Erdaraz ikasi nuen, nire ikasketa guztiak hizkuntza horretan izan dira, lagunekin 10-15 urterekin erabat gaztelaniaz egiten nuen, eta orduan niretzako euskara ere izan da konkista bat. Hau da, nik hizkuntza aldaketa egin dut nire ingurune guztiarekin. Denekin erdaraz egiten nuen familiakoekin izan ezik. Orduan badakit zer suposatzen duen hizkuntza aldaketa batek, jende askorekin aldatu behar izan dudalako nire gaztaroko ohiko hizkuntza. Azken urte luzeetan nire ohiko hizkuntza euskara da, bai, baina ni horra iritsi egin naiz. Horregatik batzuetan entzuten dudanean 'Es que niretzako naturala da hizkuntza batean ala bestean hitz egitea', beti pentsatzen dut hala erabakita eta hautu kontziente baten ondorioz lortu dudala niretzat naturala izatea euskaraz hitz egitea. Baina ahalegin bat ez badago, eta gure hizkuntza ez bada babesten eta berau erabiltzeko aukerak eta gune erosoak ez badira sortzen, hizkuntza hegemonikoek daukaten indarraren ondorioz, inertziak beti hizkuntza handietara eramango gaitu.

-Eta noiz hartu zenuen zuk erabaki hori?

-14-15 urterekin, Abaigarko euskal udalekuetatik pasa eta gero. 15 egunez euskaraz bizi izan nintzen, bi urte segidan, eta orduan ikusi nuen hori zela bai nire buruarentzat bai nire herriarentzat nahi nuen etorkizuna.

-Saioren bat zuzendu duzu gaztelaniaz (ETB 2ko 'Tribuaren berbak' datorkit burura), baina noizbait ikusiko zaitugu euskara ez den beste hizkuntzaren bat hitz egiten telebistako aurkezle bezala?

-Pentsatzen dut ezetz, ez bada euskararen zabalkunderako saioren batean. Telebistako nire jarduera batez ere bat dator hizkuntza sustatzeko helburuarekin. Halaxe hasi nintzen txiste kontari nire garaian, euskararen aldeko ekintza gustagarriak egiteko. Niretzat telebista izan da bitarteko bat eta ez helburu bat. Orain, dena den, Topagunean buru belarri nago, eta gero nire bestelako lanak, nire ohiko jardunarekin zerikusia dutenak egiten, baina telebistatik aparte azkenengo lau urte hauetan.

«Azken urte luzeetan nire ohiko hizkuntza euskara da, baina ni horra iritsi egin naiz»

-Aurpegi ezaguna, Topaguneko lehendakaria, idazlea, aurkezlea, umorista, soziolinguista, ikertzailea... Erronka gehiago al dituzu?

-Orain erronka nagusiena da aiton ona izatea, eta nire pasioa irakurtzea da. Kirola baino gehiago ariketa fisikoa egiten dut, eta mendira joatea eta perretxikoak biltzea asko gustatzen zait, batez ere biltzen ditudanean (kar, kar). Hortaz aparte, zinemazalea naiz, zinemara ahal dudan guztietan joaten naiz, eta musika kontzertu, antzerki eta kultur ekitaldietara ere bai. Kontuan izan Tolosan horretarako aukera ugari dauzkagula, eta bai saiatzen naiz horietara joaten, bai hemen baina bai hemendik kanpo ere. Orain, hainbeste gorabehera direla, aukera gutxiago ditut, baina esate baterako gozamen bat izan zen Baigorrin 'Ur muga' ekimena medio han entzun genuen 'Et Inkarnatuz' orkestraren kontzertua edo 'Zetak'ek Tolosako zezen plazan eman zuena, batzuk aipatzearren. Hemen zuzenean normalean euskal musika jarraitzen dut, baina bestelakoa ere bai.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Kike Amonarriz: «Hizkuntza bat menperatzeko, erabilera bezalakorik ez dago»