Duela bi urte iraulketa politikoa jazo zen Nafarroan, urte gutxi lehenago ia sinetsi ezinezkoa. 2015eko uztailaren 22an Uxue Barkosek presidente kargua hartu zuenetik hainbat gauza aldatu dira foru erkidegoan, esangura sakonekoak.
Joseba Arruti
Lunes, 28 de agosto 2017
UPN beti saiatu da abertzaleen mamua baliatzen. Nafarroaren nortasuna jokoan zegoela, Euskal Autonomia Erkidegoak beretuko zuela eta antzekoak behin eta berriz errepikatzea politikoki errentagarri zitzaion garai batean. Hauteskundeetan gehiengo osoa lortu barik, sozialistak zituen estatusaren bermatzaile eta sasoian sasoiko aliatu. Erkidegoaren aniztasuna ezkutatu eta, zenbaiten ustez Estatu arazo bati dagokion lez, itxurako ahobatekotasunetik jardutea zen helburu nagusia, abertzaleak botere gune ahalik eta gehienetatik urrun izan eta Nafarroaren euskal izaeraren inguruko eztabaida edo hausnarketa oro errotik ezinezkotzea. Hala, bertako erakundeetan, ezker-eskuin ardatza bazter utzita, kosta ahala kosta 1982ko Foru Hobekuntzaren ildoa lehenetsi beharra zegoen. Horrela eraiki da hiru hamarkadatan politika instituzional jakin bat, egiteko modu bat, beste inon posible ez zena.
Baina, gehiegizko konfiantzagatik edo, UPN aspaldi hasi zen huts egiten, Nafarroako Kutxa zenaren kasuak eta beste hainbatek argiro erakutsi duten legez. Horrekin batera, ETAren indarkeriaren amaierak eta krisi ekonomikoaren ondorioek beste aro bat ahalbidetu zuten. EH Bilduren jardun normalizatuak eta Podemosen agerpenak oso agerian utzi zituzten UPN eta PSNren arteko aliantza historikoaren mugak. Eta, halako batean, sozialistarik gabeko alternatiba bat izan zen posible. Horretan, Uxue Barkosen izaerak eta onarpen politiko zabalak ere zerikusi zuzena izan zuten, Kongresuan diputatu zenetik bere jokamoldeari esker aldekoen eta aurkakoen begirunea irabazitakoa baitzen. Geroa Bairen hazkundea ezin da ulertu Nafarroako egungo presidentearen figurarik gabe, funtsezkoa izan baita. Abertzalea izanda, zubigintzan aritzea zer den ondo daki, eta gizarte anitz eta konplexu batean ezinbestekoa den malgutasuna egoki baliatzen. Alde horretatik, ezin lagungarriagoa izan da hainbat aurreiritzi gainditzen laguntzeko, euskal abertzaletasuna, eta euskaltasuna bera ziurrenik, hasieran oso aldekoak ez ziren sektoreetan hurbilagoko senti ditzaten. Arrisku barik aukera modura hartuak izan daitezen.
Lauko gobernuak —Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Ezkerraren babesa duenak— legealdiaren erdia egina du, eta ez da UPNk iragarritako hondamendirik gertatu. Momentukoak ez diren eztabaidak alde batera utzita, normaltasuna eta egonkortasuna izan dira nagusi maila guztietan. Iruñea eta Madrilgo gobernuen artean, kudeaketa zereginetan zein arlo legegilean. Ikurren Legearen aldaketak hainbat udaletxetan ikurriña ere jartzea ahalbidetu du, nafarren zati esanguratsu batek eskatzen zuen lez. Eta euskara sustatzeko benetako ahaleginak egin dira estrainekoz, jatorriz bertakoa den hizkuntza zeharo baztertuta izan baitute UPNren aurreko gobernuek. Bi gai horiei behin eta berriz eutsita saiatu dira erregionalistak bazterrak nahasten, baina alperrik. Izan ere, Nafarroako Gobernuaren helburua ez da inor xaxatzea edo mintzea izan, orain arteko adostasunak eta akordiorako eremuak zabaltzea baizik. Nafartasunaren osagai guztiak aintzat hartuta denen erosotasuna bilatzea, ukaziorik gabe, inor bazterrean utzi barik. Bertako gizarteak berezkoa duen aniztasuna agerian jarri nahi izan da, orain arte bezala ildo bakar bati eutsi beharrean. Bi urte barru jakingo da hango gizarteak zelan baloratzen duen guzti hori, baina inkestek ez dute aldaketa handirik aurreikusten. Ikurriña ez delako «beste erkidego bateko ikurra», euren lurraldearen ezaugarrietatik abiatuta euskal herritar sentitzen diren guztiena baino; eta euskara ez delako derrigorrez ikasi beharreko hizkuntza arrotza, bertako ondarearen funtsezko elementuetakoa baizik.
Baina Barkosen gobernua ez da honelakoak normalizatzera soilik mugatu. Egunerokoan eragiten saiatu da. Horretaz jabetzeko, norbere iritzien gainetik, zenbait oinarrizko daturi erreparatzea da onena. 2015ean 3.223 milioi euroko zorra zuen Nafarroak, biztanleko 5.187 eurokoa, eta Estatuan murrizketa sozial gehieneko hirugarren erkidegoa zen. Hortik abiatuta, eta 2030. urtea jomuga hartu eta oparotasuna, jasangarritasuna eta bizi-kalitatea bilatuta, espezializazio adimendunaren estrategiari ekin zaio, sei sektore estrategikotan oinarritu eta lehiakortasunari begirako bost faktore lehenetsita. Epe ertaineko asmoez gaindi, badira berehalakoan aztertu beharreko emaitzak ere. Hala, Gizarte Segurantzan izena emanda zeudenak 256.167 lagun ziren iazko urtarrilean, eta 271.532 aurtengo ekainean. Eta enpresa kopurua, aldiz, 36.738koa zen 2015eko urtarrilean eta 38.444koa 2017a hasterakoan. Langabeziak behera egin du azken bi urteotan; eta kontratu mugagabeek, gora. Eta Barne Produktu Gordina %2,9 hazi da aurreko bi urteotan. Nekez esan liteke, beraz, arlo ekonomikoan atzerakadarik dagoenik.
Lauko gobernu bat kudeatzea konplexua da, jakina. Kontraesanak ere eragin ditzake behin baino gehiagotan. Baina Nafarroako Gobernuaren ildoa oso zentzuzkoa izan da, hausturarik gabekoa, inor baztertu barik bere egitasmoan herritar guztiak aintzat hartu nahi izan dituena. Nortasuna garrantzitsua delako, eta maila horretan erkidegoak dituen ikuspegi ezberdinak oinarrizkoenean nolabait uztartzeko ahaleginek bizikidetzari mesede egiten diotelako, baina ezin direlako horiek noiz bideratuko zain bestelakoak baztertuta utzi. Alde horretatik, hainbat oreka gordetzen jakin dute azken bi urteotan, hartutako erabakiek bertako gizartearen errealitateari erantzuten diotelako.
Nafarroaren etorkizuna nafarrek erabakiko dute, hala dagokielako. Baina, horren gainetik, bertako gizartea askotarikoa da, historia luzeak eta sustrai sakonek gizaldietan moldatutakoa. Horren onarpenetik ekin behar zaio beti, ez ukaziotik. Lauko gobernuak jakin du guzti hori babesten, erkidegoko errealitatea desitxuratzen saiatu direnei bestelako alternatibarik badagoela erakusten. Bi urteko balantzea oparoa da, hainbaten batuketak aberastutakoa. Apokalipsia iragartzen zutenek beste bideren batetik jo beharko dute, beraz.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.