Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Kataluniako egoera txarrera egiteko ia aukera guztiak gainditzen ari da. Duela zenbait urte eta baita hilabeteko aurreikuspenik gazienak ere bata bestearen atzetik ari dira gaiztoagotzen. Espainiako Gobernuak Konstituzioaren 155. artikuluaren ildotik bertako erakundeetan bete-betean esku hartzeko ekin izanak ezin okerragoko jauzi berriak ahalbidetuko ditu, sakoneko auzia muturreraino bizituz. Aspaldi eutsi behar izan zitzaion benetako negoziazioari, eduki politiko mamitsuz betetakoari, kataluniar asko eta askoren oinarrizko eskaerak eta aparteko ezinegona bideratzekoari.
Egonean geratuta, eta fiskaltza zein epaitegiak baliatuta, Estatuak ezin izango du gainditu egun bertan duen legitimitate defizita. Eta gizarte demokratiko batean hori ezinbestekoa da norbere jarrerari luzaroan eusteko, areago hain oinarrizko direnei buruzkoetan. Bestela, sor litezkeen kontraesanak errotikoak izan daitezke, sistema ordezkatzailearen funtsak praktikan eztandarazterainokoak. Hala, Kataluniako erakunde nagusiak norbereganatzeak eta datorren urtarrilerako hauteskundeak deitzeak ez du deus konponduko. Argi dagoenez, ez independendistek berriz gehiengo osoa lortzen badute. Ez horiek egoera salbuespenekotzat jo eta parte hartzeari uko eginez gero. Ezta bestelako gehiengoren bat osatzeko nolabaiteko modurik izango balitz ere; soberanismoak eta, zabalago, erabaki eskubidearen aldeko blokeak hor iraungo dutelako. Eliteen arteko elkar trukeren baten edo PDeCat barruko balizko norabide aldaketaren ondoriozko konponbideen zain daudenek, ez dute ondo ezagutzen edo neurtzen Kataluniako prozesuaren bultzagai sozial indartsu eta erabakigarria.
Guzti horiek aintzat hartuta, muineko auziari buruzko elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko deia nagusitu da Euskadin, Iñigo Urkullu lehendakaria eta EAJ buru direla. Aurreko osteguneko bere adierazpenean lehenak nabarmendu zuenez, ezinbestekoa da egoera zaildu dezakeen erabakirik ez hartzea eta bi gobernuetako kideek formularen bat adostea elkar ulertzen hasteko prozesuari ekiteko, baldintzarik eta ezein aldetan «umiliaziorik» eragin barik. Euzkadi Buru Batzarrak, bere aldetik, Kataluniak salbuespen neurririk behar ez duela azpimarratu du, demokrazia batean ohi den bezala elkarrekin hitz egiteko aukerak baliatzea baizik.
Jeltzaleen iritzia bat dator euskal gizartearen gehiengoak duenarekin. Urriaren 9an gai honen inguruan zabaldutako EiTB Focus inkestaren arabera, herritarren %62,9k ez lukete Kataluniakoa hona ekarriko, eta %21,6k, aldiz, bai. Bertokoari begira, %60,1ek Estatuarekin hitzartzea lehenesten du, horrekin haustearen aldekoak %24,8 diren bitartean. Zehazki, %43,5ek oraingoa baino autogobernu gehiago gura duela dio; %22,6k, independentzia; eta %18,9k, gaur egungo autonomia maila. Hortik aurrera, haatik, gehienek egoki irizten diote Katalunian urriaren leheneko erreferenduma egin izanari eta emaitzak hango gizartearen borondatearen adierazle direla diote.
Elkartasuna eta mimetismoa ondo bereizte hori da euskal herritarren iritziaren ezaugarri nagusia, beraz. Egoera historiko ezberdinak dira bertokoa eta hangoa, eta abiapuntuek ez dute zerikusi handirik. Kontzertu zein Komenio ekonomikoak zeharo bestelakotzen ditu, euskal lurraldeei burujabetzan sakondu eta ongizatean eraginda aparteko aukerak eskaintzen dizkieten neurrian. Zuhurra da, beraz, inkestek islatzen duten jokabidea: mugarik gabe erabakitzeko eskubidearen aldekoa eta kataluniar erakundeei zein gizarteari elkartasun aktiboa adieraztekoa, baina berton bide propioa jorratzekoa. Eta hori, jakina, ez da berri ona EH Bildurentzat, modu irreflexiboan ekin nahi baitio antzeko prozesu bati Euskal Herrian, baldintza objetiboei eta hauts daitezkeen hainbat orekari erreparatu gabe. Tartean, zazpi lurraldeen arteko lankidetza dinamika eta egitasmo partekatu berritzaileei.
Kataluniako agertokia baliatuta EAJ estu hartu guran dabil ezker abertzalea, baina alperrik. Hala erakusten dute azken inkestek, jeltzaleen nagusitasuna berretsi eta sendotzen dutenek. Hauen aurka jotzeko baliatzen diren argudioak ez dira bereziki landuak edo jasoak: PPren bazkide gisa agertarazi gura dituzte, Espainiako eta EAEko aurrekontuen inguruko aurreko akordioak direla eta. Horiek, baina, Euskadirentzat biziki onuragarri diren zenbait lorpenen inguruan gauzatu ziren, eta jada ez dago bestelako itunik. Hala erakusten du Kongresuko euren jardunak. Bozketetan jeltzaleak nola lerrotu diren arretaz aztertzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Gutxi balitz, EAJk argi eta garbi esan du Kataluniako egoera aintzat hartuta egun ez dagoela baldintza egokirik hurrengo aurrekontuez negoziatzeko. Eta horren ondorioz PPk aurtengoak luzatu beharko ditu ezinbestean, horrenbesterainokoa baita bost diputatu jeltzaleen eragina.
155. artikulua indarrean jarri eta Kataluniako autogobernua kontrolpean hartzea erabaki ezin larriagoa da, konponbiderako saiakera orotik ezin urrunagokoa. Horrek behar du lehentasuna, behingoan negoziazio prozesu serio bati ekiteak. Eta eragiteko gaitasuna duen euskal alderdi bakarrak, EAJk, sekulako ekarpena egingo du horretarako bere alea jarrita. Estatu eredua bera dagoelako jokoan, batik bat nazio izaerako lurraldeei dagokienean. Azken lau hamarkadatan lortutakoan sakontzea eta edozein batasun lotura borondatezkoa izatea oinarrizko osagaiak dira elkar ulertzen saiatzeko.
Konstituzioaren balizko erreforma berandu helduko da, auzia haragi bizitan dagoenean. Eta Ciudadanos-ek zein PPko hainbat sektorek, baita sozialisten artekoek ere, birzentralizazio asmoz ekingo diote prozesuari. Joera hori gailenduko balitz, jakina, ezinezkoa izango da akordiorik lortzea eta lurralde egitura bera jarriko litzateke kolokan, bideraezin egiteraino. Sakoneko arazoa Katalunian eta Euskadin dagoelako, ez beste inon. Bi horiei begira, arrakasta izatekotan, praktikan errealitateak guztiontzako kafearen pareko izan litezkeen asmo federalista oro gainditu dituenez, kutsu konfederaleko urratsak egin beharko dira. Ez inoren bat bateko burutazioren bati erantzuteko, bertako gizarteetako gehiengoen ondo errotutako eskaerei eraginkortasunez erantzuteko baino. Haatik, orain arteko dinamika oso bestelakoa da, eta porrot gordinenera baino ez darama. Egunez egun Kataluniara begiratzea baino ez dago horretaz jabetzeko.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.