Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Azken urteotan Literaturako Nobel Sariaren kinieletan agertu ohi da Liudmila Ulítskaya errusiarra. 1943an Davlekanovon jaioa, eleberrigintza eta antzerkia jorratu izan ditu batez ere. Errusiak Ukraina inbaditu ostean, Berlinera joan zen bizitzera. Erbesteratu berritan jaso zuen Formentor saria, 2022an. Saria jasotzean, esan zuen bizitza osoan saiatu dela bere burua alaitzen ikasten, zeregin ona delakoan. «Hori opa dizuet bihotzez guztioi, eta bizitza zoragarria delako sentipen horrek ez zaitzatela inoiz abandonatu». Onartzen du, hala ere, gaur egungo egoerak ez duela alaitasunera gonbidatzen. Estalinismoa berpizten ari da bere errautsetatik, «denuntzien bidez, bizilaguna salatzeko dei sekretuen bidez. Salaketa horiek Estatuak sustatzen ditu, eta ordaindu ere bai».
Ulítskayaren lanak poz eta giro ilun horren artean mugitzen dira. Haren lan bakarra dago euskaratuta, 'Soniexka' nobela laburra (Pasazaite, 2021, Josu Zabaletak itzulia), emakume irakurzale baten gorabeherak biltzen dituena. Gaztetan izugarri gustatzen zitzaion irakurtzea Soniexkari, eta hezur haragizkoak bezain benetakoak begitantzen zitzaizkion fikziozko pertsonaiak. Liburuzain gisa ere lan egin zuen, baina bera baino helduagoa zen margolari batekin ezkondu ostean, Europara bizitzera joan zen aldi baterako. Errusiara itzultzean, gerra izango du zain, hara-hona luzeak Sobietar Batasunean zehar, irakurketak «kroketen eta konpotengatik» aldatu beharra (senarra zaintzeko, azken honen aginpideak hala eskatuta), amatasuna… Giro gris eta itogarri horretan aurrera egiteko gai izango da Sonia, poz txikiak bilatuz (Ulítskayak berak aldarrikatu bezala), egunerokoan sakonduz. Etxe giroko bizitza lasai hori Yasia umezurtzak apurtuko du, zeinari abegi egingo dion Soniak. Baina Soniaren senarra eta Yasiaren artean zerbait ernetzen hasiko da.
Soniaren eta honen unibertsoan biraka dabiltzan pertsonaien bizitza modu sotil eta adimentsuan azaltzeaz gain, Ulítskayak garai oso baten erretratua eskaintzen digu, giro gris horren ertzak alegia. Altzairuzko oihala igo, eta oihal horren atzean egosten zena deskribatzen digu, pertsonaia xumeen bidez, zehaztasunez eta errazkeria saihestuz, Txekovhetik dezente edaten duen estilo argian. Gauza bera egiten du askoz mardulagoa eta anbiziotsuagoa den 'Karpa bat zerupean' eleberrian. Iaz kaleratu zuen gazteleraz Automática argitaletxeak, 'Una carpa bajo el cielo' izenburupean. Stalinen heriotzarekin eta eskolan elkarren lagun bihurtzen diren hiru ikaskiderekin abiatzen da eleberria: Ilia, Sania eta Misha. Hortik aurrera, bakoitzak bere bideari ekingo dio, lagun izaten jarraituko dute, euren bideak gurutzatu eta urrundu egingo dira, berriro ere elkartzeko. Bakoitzaren bizitzan garrantzia duten pertsonaiak ere esku trebez eta sakontasunez landuta daude nobelan zehar. Eta, haiekin batera, indar eta esangura historikoa hartu zuten beste hainbat: Brodsky, Nabokov, Xoxtakovitx, Mandelstam, Akhmatova, Pasternak...
Bizitza pertsonala eta ibilbide politikoa esku beretik doaz eleberrian zehar. Sormena, disidentzia, maitasun kontuak, miaketak, atxiloketak, kontrabandoa, zorion eta festa uneak, bidaiak, kartzela… Eleberriak Sobietar Batasunaren kartografia askotarikoa eta osatua eskaintzen digu, batez ere disidentziaren ikuspegitik. Disidenteen multzoan daude protagonista gehienak, baina nekez egin diezaiokete ihes boterearen atzaparrei, salatari ere izateari. Batzuek sorterritik ihes egiten dute; beste batzuek, ordea, ezin dute hura atzean utzi. Eta, pixkana, nabarmen itzelagoa izango da kolkoan pilatutako iragana, etortzear dagoen etorkizuna baino. Eta, guztiarekin, pertsonaia gehienak beren poz amiñi hori bilatzen saiatuko dira. Anna Aleksandrovna pertsonaiak une batean ironia samurrez dioen bezala, bizitza erdia ilara egiten pasa du ogia, patatak, esnea, xaboia... lortzeko. Itxaron bitartean, poesia errezitatzen zuen bere artean. «Nork esan behar zidan, ilara amaiezin horiei esker, botere sobietarrak memoria lantzeko aukera emango zidala».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.