Borrar
Urgente Grandes retenciones en Rontegi, La Avanzada y el Txorierri por un accidente entre dos vehículos
Karmelo Iribarren elkarrizketa batean, duela urte batzuk. Jose Usoz
Karmelo C. Iribarrenen literaturaren barrena

Karmelo C. Iribarrenen literaturaren barrena

Viernes, 23 de septiembre 2022, 21:32

Karmelo C. Iribarren Donostiako poeta ezagunak beste eguneroko bat argitaratu du gaztelaniaz, hau ere 'El Diario de K.' izenburupean, eta bertan kontatu digu 2010-2022 urteen bitarteko bere bizitza. Izenburu bereko beste edizio bat izan zuen liburu horrek, baina beste batzuk ziren jasotako urteak. Liburu berria dugu, beraz, eta ez berrargitalpena.

Bertako orrialde batean galdetzen digu egileak bera ez ote den «Euskal idazlea», eta non galdetu behar den titulu hori lortzeko. Bide horretatik jarraituz, ez da harritzekoa gaztelaniaz egindako liburu batek euskaraz idazten duen irakurlearen iritzia jasotzea.

Egun zehatzik gabeko egunerokoa

Kronologiarik gabeko kontakizuna dugu liburuan ageri dena, egunerokoa benetan bitxia bihurtu duena, zeren ez baitago egunen aipamen zehatzik. Egunero-egunero gertatzen zaionaren egunerokoa da, baina egunik zehaztu gabe, noiz gertatu den ekintza aipatu gabe, egun anonimoen segizioa balitz bezala bizitza. Noizbehinka, argi printzak bezala, urtaroren baten aipamena, denbora orokor baten apuntea, baina bizitza loturarik ez duen haria balitz bezala, orokorra balitz bezala, kontatu du poetak berea. Edo, noiz edo noiz, liburu baten aipamena, eta zehatza bada irakurlea, datu horri jarraituz jakingo du zein urtetan bizi den aitorpena egin digun pertsona.

Berebizikoa da Karmelo C. Iribarrenen egunerokoa. Ez da soilik ez dagoela datarik. Aforismoz, oharrez, irudi bitxiz eta pentsakizun zorrotzez beterik hasten da liburua. Bizipenak hor dira, baina ez dira lotzen denbora zehatz bati, kalenderak ez du agintzen; denboraren jario indartsuak, ordea, bai. Hortxe dago orri orotan presente, min emateraino, denboraren agerpen itogarria: «Hau ez da lotzen minutu bat ere», eta aurrera doa etengabe iraupenaren itzal lausoa.

«Aforismoz, oharrez, irudi bitxiz eta pentsakizun zorrotzez beterik hasten da liburua. Bizipenak hor dira, baina ez dira lotzen denbora zehatz bati»

Nolako irudia, halako pertsona

Egunerokoetan eta autobiografietan adituek diote eguneroko guztietan dagoela liburua idatzi duenaren irudia eta autobiografia guztiak direla nortasun baten sorkuntza. Askotan bete du arau hori Karmelo C. Iribarrenek, bere irudiaren berri han eta hemen agertuz, aipamenen barnean josiz. Valle-Inclánen harako markes hartaz esan ohi zen «itsusia, katolikoa eta sentimentala» zela. Donostiako poetak bere irudia ugaritan eman du orriok eta oharrok idazten zituen artean: «Harrizko sentimental bat naiz», dio bere buruaz, baina lumak azaldu digun pertsonak mila adierazpen ditu: Nostalgikoa da, ironikoa, letxe txarrekoa eta, hala ere, sentimentala… Kontxan itsasoak eta eguzkiak arratsaldeko azken unean sortzen dituzten argiak maite ditu, maite du euria, emakumeak etengabe daude presente, begiz jotako emakumeak direlarik gehienak… Iluna maite du, eta horregatik da (esan ditzagun hitz batzuk edizio zainduaz) beltzez jantzitakoa azala, bere argi jokoekin, iluna delako askotan hitz egiten duen pertsonaren ikuspegia.

«Donostiako poetak bere irudia ugaritan eman du orriotan: Nostalgikoa da, ironikoa, letxe txarrekoa eta, hala ere, sentimentala…»

Aforismoetatik gertaeretara

Aldatuz doan liburua da 'Diario de K.' hau. Liburuaren lehen alde osoa aforismoz osaturik dago, eta horixe da genero nagusia liburuaren lehen aldean, esan dezagun 160 orrira heldu arte. Horren ondoren, aldatu egiten da balantza. Gertakarien kontakizunak hartzen du tokia. Hasierako denboratik eta ahanzturatik salbaturiko pentsakizun sorta horri egileak 'Barojianas bagatelas del otoño' deitu dio. Eta egia da, firi-firiak direla Iribarrenek orrietan barrena uzten dituen unean uneko pentsakizunak.

Bigarren aldean gertakizunak, esan nahi da, ekintzek, pertsonaien agerpenak, kontakizunak beste joera bat eman diote liburuari, eta, agian, irakurleak gozamen zabalagoa du eguneroko gertakizunen artean, pertsona eta bizipenen deskribapenen bidean, pertsonak egin dituen Donostia deitzen dugun munduaren agerpenean.

Bizitza eta literatura

Pentsakizuna eta bizi egoera biltzen dituen liburu honetan, nire ustez alderdirik mamitsuena osatu dute Karmelo C. Iribarrenek bere literaturaz egindako hausnarketek. Oso poeta berezia da, traiektoria luuuuuze batean bere lanaren berri eman duena. Erraza irakurtzeko, eta hortik datorkio poeta sinplearen fama. Niri beti iruditu zait, arinaren itxuran, oso poesia landua eta egokitua zela Iribarrenena. Eta joera horrek eragin bi izan ditu haren lanaren harreran. Alde batetik, poeta gazte askok haren lanaren itzala aitortu dute, eta bere pausoei jarraituz hasi dira poesia idazten. Beste aldetik ez du kritikaren erabateko onarpena jaso. Eta joera kontraesankor horien berri eman du idazleak zenbait oharretan.

Dena dela, harrera ezinbestekoa bada ere, poesiaz, eta bere poesiaz duen ikuspegia argi eta garbi utzi du paperean. Aitortzen du egoerak era sinple batez idazteko joera, baina beti ere bigarren helburu batekin: «Argi idatzi, baina galderak eta zalantzak sortzeko asmoz» (79), sinpletasuna ez baita gogoan zirrikitua sortzeko bidea baino.

Maite du maite literaturaren eta bizitzaren arteko batasuna: «Arteak eta bizitzak elkar ukitzen dutenean gertatzen dena utzi nire poemetan» (125), «Nik bizitzarekin batzen den literatura dut atsegin, harekin lohitzen dena. Bestea, ezer ez dioena, nabarmen esaten badu ere, ez zait interesgarria, eta uste dut hori ez dela jada aldatuko nigan» (209).

Bizitzaren eta literaturaren ezkontza da bere poetikaren oinarri. Eta hori egitea erraza badirudi ere, ez da horrelakorik gertatzen Karmelo C. Iribarrenen poesian. «Hori nik ere egin dezaket» esaten dutenei, «Egizu ba» erantzunez, ez da kontua bukatzen.

Poesia hau egiteko ikaragarrizko irakurketa zabala behar du idazleak. Eta maite dituen idazleen joerak nabari dira testu honetan. Beti harrituko nau zein neurritaraino irakurri dituen modernistak Iribarrenek: Juan Ramón Jiménez, edo Antonio Machado… Baroja, nola ez?, baina horiekin batera liburuak eta liburuak errenkadan.

Guztiak helburu batekin: eguneroko bat idaztea dena «gertakizunez, pentsamenduz, euriz, desengainuz, irakurketez –eta pixka bat lanbrotua tonu gris orokorraren artean– bizi alaitasunez» betea. Eta hori da, hain zuzen ere, Karmelo C. Iribarreni irakurtzen ari gatzaizkion liburua: 'Diario de K. 2010-2022'.

Publicidad

Premios Goya

La quiniela de los premios Goya 2025

Equipo de Pantallas, Oskar Belategui, Borja Crespo, Rosa Palo, Iker Cortés | Madrid, Boquerini, Carlos G. Fernández, Mikel Labastida y Leticia Aróstegui

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Karmelo C. Iribarrenen literaturaren barrena