Borrar
Maddi Goikoetxea Juanena eta 'Ura jaten. Antzerkia, prestigio soziala eta prekaritatea Euskal Herrian' lanaren azala. susa-literatura.eus
Ura jaten eta jana edaten
Territorios

Ura jaten eta jana edaten

Maddi Goikoetxea Juanenaren 'Ura jaten. Antzerkia, prestigio soziala eta prekaritatea Euskal Herrian' lanaren arabera, antzerkiak baldintza prekarioak bizi ditu prestigio sozialik ez duelako, eta hori aldatzen ez den artean, hala jarraituko du

Karlos del Olmo

Sábado, 17 de febrero 2024, 00:23

Gaur euskal antzerkiaren gaineko ikerketaren alorrean plazaraturiko ekarri garrantzitsuenetako bat aipatu nahi dizuet: 'Ura jaten. Antzerkia, prestigio soziala eta prekaritatea Euskal Herrian'. Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak biok biotara sortutako Ganbila bildumako 21. alea da. Egilea, Maddi Goikoetxea Juanena antzerkilari, antropologo eta idazlea.

Hipotesi hau darabil abiaburu: antzerkiak baldintza prekarioak bizi ditu prestigio sozialik ez duelako, eta hori aldatzen ez den artean, hala jarraituko du. Hots, prekaritatea ez da gertatzen baliabide faltagatik, botereguneetan kulturgintza bultzatu edo indartzeko interesik eza dagoelako baino.

Gizarte Antropologia ikasi zuenez gero, liburuan bi alderdi horiek uztartu ditu, antzerkigintza barru-barrutik bizitzeari ikertzailearen jakiundea gehitu dio, euskal antzerkiaren baldintza prekarioaren eta gizarte osperik ezaren erroen bila.

Hala, euskal herrietako hainbat antzerki eskolatatik ikertzeari ekin zion. Hamahiru elkarrizketa egin zituen, oreka geografikoa eta aniztasuna zituela lema. Hara hor mintzakideak: Axut! Kolektiboko Manex eta Ximun Fuchs, Nafarroa Beherea; Itzuli konpainiako Marise Urruti, Lapurdi; Urruñako Antzerki Eskolako Ixabel Etxeberria, Lapurdi; Nafarroako Antzerki Eskolako Monika Torre, Nafarroa Garaia; Intujai Teatroko May Gorostiaga, Gipuzkoa; Eromen elkarteko Amancay Gaztañaga eta Goizane Barroso, Gipuzkoa; Artedrama plataformako Ander Lipus, Bizkaia; Eneritz Artetxe, Bizkaia; Kurkuluxetan Kultur Elkartea Rita Naveira eta Koldo Zelestino, Bizkaia; Sorginguneko Amaia Gabilondo, Araba; Baratza Aretoko Garazi Lopez de Armentia, Araba; Azala Kreazio Espazioko Idoia Zabaleta, Araba, eta Dejabu Panpin Laborategiko Ainara Gurrutxaga, Gipuzkoa.

Elkarrizketa luzeak dira, antzerki irakaskuntza mota horrek bizi duen egoera ulertzeko oso baliagarriak, esaera zaharra parafraseatuta, bakoitza bere prekaritateak bizi du eta. Ondorioa, saio sakon eta mamitsu bat. Halere, sarritan jazo legez, ikerketak ustekabeko ekarriak ere izan ditu: abioko hipotesia gordin eta goibel samarra zen arren, alegia, antzerkiak gizartean itzalik lortzen ez duen bitartean prekaritatea duela zigorra, aztertu ahala, Maddi Goikoetxea kontuan jausi da nork bere txokotik zeozer egin dezakeela prekaritatearen zigor astuna arintzeko.

Administrazioaren mendeko izateak baldintzatzen du artistek sortzeko behar duten askatasuna

Guztiak bat datoz prekaritatearen handia eta segurtasunik eza salatzerakoan. Prekaritatea ez da berdin mamitzen gizarte maila guztietan, ez eta antzerkigintzaren alor mugatuan ere. Orainean jazo arren, etorkizunean ere izaten ditu ondorioak, ekonomia aldetik larri bizitzeaz gain, prekaritateak joak ezin duelako jakin geroko planik egin edo amaitu ote lezakeen.

Administrazioaren mendeko izateak baldintzatzen du artistek sortzeko behar duten askatasuna; zenbat eta lotura estuagoa, orduan eta beste ildo batzuk jorratu beharrizan handiagoa eta sormena oztopatuago. Egoera larriagoa da antzerki eskolei gagozkiela, gehienek erakunde publikoei esker diraute-eta bizirik.

Prekaritate hori ezin dugu ondo ulertu antzerkiak euskal gizartean duen estatusari arretaz begiratzeke: antzerki konpainia nazionalik ez dago, literatura dramatikoa ia hutsaren hurrengoa da —gutxi argitaratua, Euskadi sarietan inoiz saritu gabea…—, apenas ez da antzerkirako nahiz eszena arteetarako industria azpiegiturarik, dramaturgoek ia ezin dute lanik agertokietara eraman berberek konpainiak eratu ezean, erakundeetan euskal eszena arteen inguruko politika bateratu eta argirik ez da…

Egilearen ustez, kulturan hainbat modutan interpretatzen dute «prestigio» berba: izen ona, garrantzia, eragina, merezimenduen ondoriozko estimu publikoa… Berak ez dio halako garrantzirik aitortzen «fama» eta «glamourra» adierei, halere, hizpideetatik argiro ondorioztatu du antzerkiak ez duela prestigio handirik ezelako adieratatik aztertuta ere.

Hasierako jomugatik harago heldu dira autuak, eta hipotesian kultura eta artea ere jaso behar izan ditu ikertzaileak, beste auzi bat ere agertu da eta: zelan izango du prestigioa antzerkiak, kulturak eta arteak eurek gizartean ia itzalik ez badute (non ez diren nabarmentzen kontsumo gai moduan)? Solaskideek nabarmendu legez, prestigioaren barruan mailak edo hierarkiak daude, ez da kontzeptu monolitikoa.

Mintzakideek argiro diote ez dutela hautematen kultur politika duintzat jo daitekeenik, eta, gainera, agerikoa dela administrazio publikoetan utzikeria, interesik eza edo kudeaketa kaskar halako bat zabaldu samar daudela. Ikusi besterik ez ei dago zeinen urriak diren antzerkia sortzeko edo irakasteko laguntzak eta zelako nekezkoak horiek eskuratzeko izapideak.

Elkarrizketatuek diotenez, kultur eragileon artean sareak eratzea eta indarrak batzea dira antzerkia indartzeko gakoak

Laguntza publikoei esker bizi ei dira antzezlagun gehienak, hortaz, horien azpikoak dira. Erakundeek ez diete sortzaileei gune publikoak erraz erabiltzen uzten, «kultur etxeetako areto edota antzoki asko hutsik egon ohi diren arren». Kultur teknikari edo programatzaile batzuk ez omen daude eszena kontuetan behar bezala prestatuta, eta ez bide dute harreman edo komunikazio eraginkorrik sortzaileekin. Bestalde, hezkuntza legedian eta irakaskuntza formalean antzerkia eta beste arteak ia hutsaren hurrengo direlakoan daude mintzaideak.

Egilearen ustez, prestigiorik ezaren ardura ez da, guztiz, politikariena edo administrazio publikoarena; gizarte eredu baten ondorioa dugu, egungo gizartean nagusi edo hegemoniko diren balioen zantzua. Ahuntzaren gauerdiko eztularen pareko gertatzen da kulturgileen lana. Elkarrizketatuek diotenez, kultur eragileon artean sareak eratzea eta indarrak batzea dira gakoak, administrazioaren inplikazioaz eta konpromisoaz gain. Sortzaileek kultura kudeatzen esku hartzeko eta erabakitzeko ahalmena izanez gero, guztia errazagoa bide litzateke. Kulturaren eta artearen garrantziaren gaineko kontzientziazio lana eta pedagogia egiteari funtsezkoa deritzo Goikoetxeak.

Liburuaren amaieran agertzen diren berbak ditugu akaburik egokiena: «gu artistak gara. Eta… ez! Ez gaude prekaritatera kondenatuta». Ez eta ura jatera ere.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ura jaten eta jana edaten