Lagun baten aholkuari jarraituz, Obama familiak babestutako 'American Factory' dokumentala ikusteari ekin nion. Iaz oscar batekin saritua izan zen lan honek bi ordu inguru irauten du. Bertan agertzen diren errotuluetan irakur daitezkeenak baino azalpen gehiago ez ditu; ez du aurkezlerik, ezta bere iritzia ematen duen aditurik ere.

Publicidad

'American Factory' lana Ohion dago kokatua, Dayton izeneko hiri txikian. Fabrika bateko langileek bizi duten egoera prekarioa irudikatzen du. 2008an, General Motors auto konpainiak, galera handiak izan ostean, itxi egin zuen milaka pertsona kalean utziz. Horrek kalte handia ekarri zion 150.000 biztanle inguruko hiriari, ehunka lanpostu desagertu baitziren.

2015ean, Fuyao Glass America enpresa txinatarrak filial bat jarri zuen fabrika zaharra zegoen leku berean. Enpresa horrek haizetakoak eta autoetarako beirazko beste produktu batzuk fabrikatzen ditu. Horrek 3.000 pertsona baino gehiago kontratatzea eragin zuen eta alaitasuna nagusi izan zen berriro hirian.

Dena den, Txinako enpresak beste asmo batzuk zituen bere langileentzat, eta talka kulturala laster agerikoa egin zen. Ia bi orduko film honetan, langileek berek hitz egiten dute, enplegu berri baten truke onartu zituzten baldintzak azaltzen dira. Besteak beste, 12 ordu egunero, hilean bi egun jai bakarrik eta beharrezko segurtasunik gabe.

Langile batzuek ekintza sindikala enpresan sartzeko eta horrela lan-baldintza hobeagoen alde egiteko ahalegina egin zuten, baina kaleratze-mehatxuek eragindako erreferendum batek zapuztu zuen asmo hura.

Publicidad

Era horretan, lan baldintzekin zerikusia zuen guztia Txinako patronalaren esku geratu zen. Bajak eta gaixotasunak ez ziren ongi etorriak. Ohean geratu edota medikuarengana joan nahi izanez gero, hobe zuten bitan pentsatu.

Azken eszenetako batean, fabrikako presidentea sailez sail doala bere laguntzaileekin batera ikus daiteke. Horiek adierazten diote atal bakoitzean nortzuk kaleratuko dituzten eta zer motatako makinak jarriko dituzten haien ordez. Ohar batek honako hau jakinarazi dio ikusleari: «Mundu osoan 375 milioi pertsonek baino gehiagok beste enplegu bat, erabat desberdina, bilatu beharko dute, 2030. urterako».

Publicidad

Presidente txinatar honek aitorpen interesgarriak egiten ditu bere herrialdeko hiri bateko kaleetan zehar autoz eramaten duten bitartean: «Egia esan nire haurtzaroko loreak eta intsektuen falta igartzen dut. Herri txiki batean hazi nintzen eta. Fabrika asko eraiki ditut azken hamarkadetan; bakea eta ingurumena suntsitu al ditut? Ez dakit ongilea edo kriminala naizen. Baina honelako gogoetak, triste nagoenean bakarrik datozkit burura. Bizitzaren zentzua lan egitea da, ezta?».

Nire haurtzaroko ikasgelan, txinatar baten buru-itxura zuen itsulapiko oso bat txanponez bete behar genuen, mojen arabera «ume txinatarrentzat» ezarrita baitzegoen. Gaztetan zenbait «txinatar kutsuko» erakunde nituen inguruan, maoismoak langileentzako zituen oneziak etengabe predikatuz. Nork esango zuen. Komunismoaren oinarrietan eraikitako Txinatar Herri Errepublikatik datorkiguna, kapitalismoaren bertsiorik perfektuena eta gupidagabeena bihur daiteke: sindikaturik gabe, eskubiderik gabe, epaile askerik gabe... beldur naiz ez ote garen izango «mendebaldarren antzera engainatuak».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad