

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Betiraundea, horra hor artista izan nahi duen ororen helburua. Diote tiranoek iraun nahi dutela, eta beren urteak luzarazten dituztela, sendagaien bidez edo beste zernahi aurrerapen tekniko erabiliz, hil ordua atzeratu nahian. Tiranoak, dena dela, hil egiten dira, ez tiranopekoek nahi luketen bezain goiz, baina haien azkentzea iristen da, negua eta berarekin hotza iristen diren bezala. Hil ondoren, obrak geratzen dira oroigarri: plaza handi eta zabaletan eraikitako estatua erraldoiak, milaka langileren esklabotza erabiliz egindako arkitektura edo ingeniaritza-lanak. Estatuak bota daitezke behera; hala gertatu da Leninen eta Stalinen zenbaitekin, sobietarren utopia errekatik errekara isuri ondoren. Idazleak ere iraun nahi, idatzitako testu eta liburuen bidez. Horretarako, ordea, idazten utzi behar zaio, eta behin idatzi ondoren, argitaratzeko askatasuna eman behar. Idazleak mendebaldean ez du idazteko bat ere arazorik, bere ahalaz gainekorik. Argitaratzeko ere ez, normalean. Liburu batek, edo poema batek bere bidea egiten du, tantaka ez bada, uholdea balitz bezala. Ez dago beti idazlearen esku irakurlearen jarrera. Merkatua tiranoa izan daiteke, baina ez da hiltzaile.
Ismail Kadarék Frantziara 1990ean alde egin zuen arte, purgatorioa bizi izan zuen bere aldian. Errusian lehen poema liburua itzuli ziotenetik, non David Samoilovek, hitzaurregile eta, era berean, editore, dekadentetzat jotzen zuen itzulitako poesia. Ez zen bestela argitaratuko. Kadarék nahiago argitaratua izatea, nahiz eta hitzaurrearen tormentua jasan behar. Datu hauek guztiak eta gehiago daude 'Le Dossier Kadaré' liburuan, Shaban Sinanik prestatutakoan. Shaban Sinani Albaniako Artxibategi Nagusiko zuzendari izan zen. Arazoak izan zituen Kadaréri buruzko dokumentuekin batera liburua argitaratu ondoren. Egileak hitzaurrean adierazten du ez dagoela Kadaréri buruzko dokumenturik Artxibategi Nagusian. Liburuan daudenak bestelako biltegietan lortutakoak izan dira, alderdi komunistaren funtsetan, batez ere.
Artistaren jazarpena eta haren kontrako salaketa, erregimen totalitarioen ezaugarriak dira. Kadaré matxinoa zen komunistentzat, gorrotagarria beraz. Idazle normala izan nahi zuen, normala ez zen lurralde batean. Bere hitzetan, «literaturak gidatu ninduen askatasunera, ez alderantziz».
Ismail Kadarék Hamleti buruzko entsegu-lan batean adierazten du komunisten diktaduraren mende izan diren lurralde europarretan, Poloniatik hasita Errusiaraino, Hamleten antzezpenak zentzu askatzailea izan duela, totalitarismoaren aurkakoa. Kadarék Balkanetako herriak aipatzen ditu, Albania batez ere, ongien ezagutzen duen lurraldea. Kadaréren Albania eternoa da, Erdi Arotik Modernitatera igarotzen da, eta hortik berriro antzinaldira, etenik gabe. Ez dago denbora zehatzik, dena denbora baita, denbora bakarra. Kadaréren liburuak irakurtzen baditugu, bidaia bat irudikatzen dugu, Ulises Itakara joan nahian. Shakespeare gabe ez dago Kadaré ulertzerik, ulertzerik ez dagoen bezala mendebaldeko kultura. Zer dira bada Shakespeareren pertsonaiak? Botere nagusiaren aurka beti, gehienetan, galtzaile.
Kadaré, ordea, garaile atera da.
Publicidad
Cristina Cándido y Leticia Aróstegui
Fernando Morales y Sara I. Belled
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.