Borrar
Annapurna lehena

Annapurna lehena

Urteko sasoi honetan egiten den lehen mendia, Himalaian, beti izaten da Annapurna. Aurten ere berdin gertatuko da.

Juanra Madariaga

Jueves, 3 de abril 2025, 13:57

Lehen bideoak iritsi dira Annapurnako kanpamentu nagusitik. Horietariko batzuetan puja izeneko erritualean, eskalatzaileak eta sherpak agertzen dira, pozik, mendiari ekiteko prest Jaungoiko guztien bedeinkazioa jaso ostean. Aurpegia irinez zikinduta daude. Barrezka. Baina puja gauza serioa da. Bertako jainkoak gurtzeaz gain, mendizaleekin ondo portatzeko egin ohi den otoitz-eskaintza da. Normalean jakirik ederrenak eskaintzen dira: gailetarik goxoenak, arroza, ardoa, sagarren bat, gurinaren antzeko gantza, pattarra, eta hori guztia lama-sherpak egindako errezorik onenen artean eskaintzen da. Halaber, chang edabea zerbitzatzen da, sagardoaren antzeko isurkin garratza. Gero, zerurantz arroza botatzen da, eta buruen gainetik koloreetako banderatxoak jartzen dira, haizeak astindu eta lau haizeetara barreiatzeko. Ospakizunaren amaieran rhuku koloretsu bat jartzen da lepo bueltan, babes gisan.

Seguruenik hori guztia egin dute Annapurnan, sherpak gorako bidean ikusi ditudalako sokak jartzeko eta bidea atontzeko lanetan, jada. Batzuk gailurrerako bidean ere bai.

Aurten, betiko legez, jende mordoa juntatuko da mendi horretan, baina guztien artean gizon bat da deigarriena: Kazuyoshi Kondo, 83 urteko japoniarra. Bere helburua Annapurna igotzea da, hiru sherpen laguntza handiarekin. Gizon trebea da eta makina bat mendi igoak ditu, tartean, Cho Oyu, Dhaulagiri I, Everest, Manaslu, eta Lhotse, guztietan oxigeno gehigarria erabilita.

Gizon horrek beste baten akordua ekarri dit: Carlos Soria laguna. Carlos Soria 86 urteko mendizaleak Manaslura itzuli nahi du. Ea dirurik lortzen duen horretarako, dituen energia eta motibazioa ikaragarri baitira.

Han ere bestelako ametsak eta ilusioak bilduko dira. Adibidez Italiako Gian Luca Cavalli eta Peruko César Rosales ibilbide berri bat (zati batean behintzat) irekitzen saiatuko dira Annapurnan. Hori da asmoa, baina hasierako ideia askotan ezerezean gelditzen da hormatzarra bertatik bertara ikustean, edota bertan dauden baldintzak analizatu ostean.

Beste aldetik, 14ak igota dituen Sophie Lavaud emakume suitzarrak Annapurna inguruko beste Annapurna batzuk eskalatu nahi ditu, Maurice Herzogek esango lukeen bezala 'Beste Annapurnak' badaudelako. Horrexegatik, 7525 metro dituen Annapurna IV .arekin hasiko da, eta gero ikusi beharko da ea besteak igotzeko tentaziorik duen edo ez. Berak esan duenez, Annapurnako lehen igoeraren 75. urteurrena ospatu nahi du modu horretan.

Laster batean arituko dira talde guztietako eskalatzaileak aldapan gora, aklimatazioa prozesuan aurrera egiteko, eta gailurrari begira lehenbailehen jartzeko.

Mundu horretatik urrunago, Tibet aldean, Txinatarrek Shisha Pangma eta Cho Oyu mendietarako igoera debekatu egin dute udazkenera arte. Tibeteko ohiko ibilbidea debekaturik daude, hortaz, aurtengo udaberrian ez da kanpotarrik agertuko malda haietan.

Himalaiako sasoia hasita dago. Zorte ona guztiei!

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Annapurna lehena