Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
2021eko martxoan, Juan Marsé nobelagile handiaren 'Notas para unas memorias que nunca escribiré' izenburupeko oroimen liburua plazaratu zenean, argitaletxeak lehen-lehenik azpimarratu zuen «ohar» deitu arren, autoreak argitaratzeko prestatuta utzi zituela testuak, bai 2004. urteko egunerokoa ('Diario del año 2004') eta bai hiru libreta txikitan idatzitako iruzkinak ere; eta bigarrenik esan zuen egileak batez ere politikariekin -esan dezagun dena, PPko politikariekin- mingaina gupida gabe erabili zuela eta iritziak kontzientzia arazorik gabe eta zuzen-zuzen azaldu zituela.
Juan Cruz kazetariak, adibidez, idatzi du Juan Marsék liburu honetan «arima biluzi» egin duela, eta bere «estilo basa eta erostezina» jarri duela. Gogoangarriak dira Aznarri buruz idatzitako hitzak: «Aznar es un político marrullero y mediocre». Pozoi bera erabili du Marsék garaiko zenbait idazleri buruz uste zuena garbi uzteko. Bere burua ere ez du salbu utzi kritika andana horren erdian.
Beraz, hainbat arrazoirengatik da gomendagarria Juan Marséren eguneroko hau, eta arrazoi horien artean aipatzekoa da bere idazkera estilo ironikoaz eta aberatsaz gozatzeko modukoa dela eta egunerokoa irakurriz bere nobelak berriz irakurtzeko gogoa pizten dela.
Horren guztiaren gainetik, baina, niri Juan Marsék, han eta hemen, ohar bat eta ohar bi, liburuan ematen duen nobelaren ikuspegia interesatu zait. Trazu marra txikietan agertu zait obraren erdi-erdian egile katalanak nobelari buruz duen teoria nagusia.
Egia esateko, oso esanguratsua da nola deskribatu duen bere teknikaren bihotzean dagoen «aventi» teknika. Denok dakigu «aventiak» gerra ostean kaleko mutikoek asmatzen zituzten eta elkarri kontatzen zizkieten historiak direla. Kontatzeko modu hori erabilita sortu ditu Marsék nobelarik gehienak, fikzioaren barnean fikzioari tokia emanez. Baina gauza bat da jakitea eta beste bat egileari berari hain maite duen kontatzeko moduaz hitz egiten irakurtzea. Luzea da aipua baina osorik emango dugu hemen:
«'AVENTIAK'. Haur 'aventia'ren aurkikuntza, kontakizun osoa elekatzen duen zelula bizia. Gerra osteko haurtzaroan batzarrean egiten ziren jokoen deskribapena. Eta haurtzaroari agurra. Garbi izan nuenean aventiaren eta kontakizunaren arteko lotura, garbi izan nuen nobela.
Nobelaren egitura konplexua kontatzen diren ekintzen egiatasun objektiboaren ezintasunetik jaio da; ekintzak mutil koxkorrek kontatzen dituzten aventietan oinarriturik daude eta ahoz kontatzen diren fikzioak besterik ez dira, zeinak zurrumurruz, auzoko esamesez, mutil gaizki jantzien kuadrillen asmakizunez, ametsez osaturiko fikzio nagusia eratzen duten eta nobela bera diren» (217).
Cervantesen bidean jarri izan balitz bezala, fikzioaren bidez eman du errealitatea Marsék. Eta Oscar Wilde aipatuz ia gauza bera deskribatu du nobelagile katalanak literaturaren helburuaz: «Literaturan plazer gorena da existitzen ez den horri errealitatea ematea» (61). Nahiz eta iritziak eraman duen kritikarien aurka erremuskadak bidaltzera: «Barregarria. Anna Caballé gisako kritikari eta ikerlari tuntunak orain konturatzen dira nobelaren osagaiak direla errealitatea eta fikzioa. Ordu onean!» (59).
Literaturari buruzko irizpide asko eta asko pelikula baterako idatzi zuen gidoia nobela bihurtzen duen momentukoak dira. Nobela 'Canciones de amor en Lolita's Club' izenpean argitaratu zuen. Baina Marsék garbi zuen gidoiaren eta nobelaren arteko desberdintasuna, batean eta bestean idazkerak behar zuen joera anitza eta horretaz hausnarketa asko ageri dira liburuan: tonuari buruz, nobelaren arnasa nola ez duen hartzen, zer nolako bideak jarraitzen dituen gidoia nobela bihurtzeko, esperientziak gidaturiko burutapen sotilak denak.
Juan Marséren eguneroko hau bere nortasuna ezagutzeko bide aparta da, baina beste horrenbeste eskaini du bere literatura ulertzeko orduan ere.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Una moto de competición 'made in UC'
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Muere la pelotari navarra Naroa Elizalde a los 27 años
Juan Pablo Martín
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.