Borrar
Literatura eta umorea
Territorios

Literatura eta umorea

'Ez naiz ondo akordatzen' eta 'Tres enigmas para la Organización' liburu argitaratu berriak izan dira umoreak literaturan duen tokiari buruzko gogoeta honen abiapuntua

Joxeme López de Arana

Sábado, 23 de marzo 2024, 00:26

2024 urtearen hasieran euskaraz eta gaztelaniaz argitaratutako liburu bana baliatuko ditut umoreak literaturan duen tokiaz hausnartzeko aitzakiatzat. Alde batetik, Karlos Linazasoren 'Ez naiz ondo akordatzen. Autohagiografia bat 101 ataletan'; bestetik, 'Tres enigmas para la Organización', Eduardo Mendozarena. Bietan, umorea, txantxa, parodia, ironia.

Linazasororen obra, haren ibilbidean zehar hain ohikoa, zirikadaz, eztenkadaz eta ateraldiz jositako atal gutxi-asko laburrez osatuta dago, eta 'autohagiografia' azpitutuluaren haritik, hori baino askoz gehiago du 'auto'tik: autoparodia, autoironia, autoumorea… Liburuaren azalean, adibidez, San Karlos agertzen da, bizar zuriz, bere ezaugarriekin: liburua eta luma ezker eskuan, jantzi gorria. Aurpegia, ordea, beste Karlosena da, Linazasororena, aurpegian irribarre pikaroa. Titulua, bestalde, testuarteko parodia-kate baten azken katebegia da: 1970ean argitaratutako 'I remember' delakoa izan omen zen lehena, Joe Brainard idazle estatubatuarrarena; handik zortzi urtera, 1978an, Georges Perec idazle oulipoar famatuak Brainard omendu nahi izan zuen 'Je me souviens' obraren bitartez. Antzeko beste obra batzuk idatzi ziren, harik eta, 2021ean eta euskaraz, Aritz Galarragak 'Gogoan dut' plazaratu zuen arte. Haietan guztietan, anafora delako baliabidea jartzen da jokoan, hau da, tituluko leloa errepikatzen da atal bakoitzaren hasieran. Linazasorok, gainera, koska bat estuago egiten du ezezko bihurtuz esaldia, hala azpimarratuz ironia intertestuala eta, bide batez, adinak omen dakarren ahanztura (benetakoa izan zein bilatutakoa izan) nabarmenduz. Hori dela eta, beste keinu bat gogorarazi behar da; izan ere, 'Isiltasunaren adabakiak' (2003) egilearen aforismo bilduma zabaltzen duen Elias Canetti-ren gogoetak honela dio: «Ez dugu ezer ahazten, eta gero eta gutxiago ahazten dugu gainera».

Karlos Linazasoro orobat poeta eta haur eta gazte literatura-egilearen beste obra askoren umore-lorratzean kokatzen da 'Ez naiz ondo akordatzen': 'Mendekuaren graziaz' (2004), 'Bestiarioa. Hilerrikoiak' (2006), 'Trilogia hiperlaburra' (2016), 'Samuel eta Slawo' (2022), besteak beste.

Tokiz beste eginez eta Bartzelona aldera joz, Eduardo Mendozaren 'Tres enigmas para la Organización' ere umorea ardatz duen ibilbide luze baten azken emaitza da. Ildo berean, aurretik argitaratutakoen arteko batzuk gogora ekartzeko, horra detektibe izengabe berak bideratutako nobela-sail ospetsua: 'El misterio de la cripta embrujada' (1978), 'El laberinto de las aceitunas' (1982), 'La aventura del tocador de señoras' (2001), 'El enredo de la bolsa y la vida' (2012), 'El secreto de la modelo extraviada' (2015). Hurrengo urtean, 2016an, Cervantes saria eman zioten bere hizkera literario «zorroztasunez eta ironiaz betea»gatik.

Mendozaren aurtengo eleberrian ere, zorroztasuna, ironia, parodia eta, batez ere, umore-dosi handiak daude: planteamenduan, pertsonaien izenetan (Grassiela, Pocorrabo, Monososo, Jorobado, Buscabrega…), aurre egin behar dituzten egoeretan... Ahaztu gabe umore horri darion kritika sozial ikaragarria.

Umorearen harrera kasu bakoitzean

Umorearen harrera desberdinek baldintzatzen dute umore-literaturaren posizioa sistema literario bakoitzean. Ingelesezko literaturan, esaterako, umorearen tradizio handi samarra dago. Umore mota asko daude, noski, eta sarritan satirarekin edo ironiarekin nahasian agertzen dira. Horietakoa da, adibidez, 'Gulliverren bidaiak', Jonathan Swift-ena; edo 'Tristam Shandy', Laurence Sterne-rena, bi klasiko aipatzeagatik. Itsasoaz bestaldean ere, Mark Twain-en 'Yanki bat Arturo erregearen kortean', edo John Kennedy Toole-ren 'Ergelen batzarra' (hain zuzen ere Swift-en aipu batetik hartutako titulua), edo Philip Roth handiaren 'Portnoy-ren arrangura'. Harrera akademiko handiko titulu horien ondoan, badira erdibidean kokatzen diren beste batzuk, hala nola Gerald Durrell-en edo Woody Allen-en obrak; eta, nahiz eta irakurleen artean arrakasta izugarria izan, sistemaren periferian kokatzen diren beste batzuk, Tom Sharpe eta haren 'Wilt' liburu-saila, kasurako.

Europako ekialdeko literaturetan ere, umoreak badu bere tokitxoa, eta hala erakusten du, adibidez, Jaroslav Hašek txekiarraren 'Xveik soldadu onaren menturak Mundu Gerran' liburu ospetsuak, alderdi batean baino gehiagotan 'Kixote' delakoaren eragin nabarmena duena.

Gaztelaniazko literaturaren obra handi horren ondoan, 'Tormes-ko itsu-mutila' aipatu behar da ezinbestean, baina garai modernoetan umoreak presentzia kanoniko txikiagoa izan du, nahiz eta, batez ere antzerkiaren eremuan, Miguel Mihura, Jardiel Poncela eta beste ederki aritu ziren umorea lantzen. Handik aurrera, idazle kanonikoek tarteka landu duten arren, umoreak ez du agerpen handirik izan (haur literaturan salbuespen ederren bat dago, Elvira Lindoren 'Manolito Gafotas' saila lekuko). Horrenbestez, Eduardo Mendoza izan da sistematikotasunez umorea erabili duen idazlerik garrantzitsuena. Eta, hala ere, espainiar egile serio-zuhurren nolabaiteko itzaletan geratuko zen, zer eta Cervantes sari handia eman ez baliote, umorea estimu handian duen ororen pozerako.

Eta euskal literaturaz, zer esan. Joan den mendearen azken herenetik modernotasunaren eta homologazioaren bila ibilita, salbuespenak salbu bide serioenetatik egin du aurrera, agian ohartu gabe bazela umorerik 'Pernando Amezketarra'tik harago. Jon Mirande eta Txomin Peillen alde batera utzita, Sarrionandiaren eta Iban Zalduaren distira batzuk izan ditugu, Unai Elorriagaren umore sarritan gaizki ulertua eta Joxean Sagastizabalen best-sellerrak ere bai. Eta, nola ez, Karlos Linazasoro eta haren umorearen tonu guztiak.

Umorea literatura errazaren sinonimoa ez izan arren, umore-literatura euskal kanonetik oso urrun dago, eta, euskal seriostasuna ikusita, garbi dago aipatu diren autoreak, euskal literaturaren Parnasoan tokia izatekotan, idatzitako obra 'serioengatik' izango dutela.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Literatura eta umorea