Egungo euskal albuma: «Gure egileek oso maila handia dute»
Karla Fernández de Gamboa eta Xabier Etxanizekin hitz egin dugu, euskal emaitzen dozena luze bat azterketaz eta ilustrazio koloretsuz hornitutako liburu interesgarri horren edizioaren arduradunekin
Joxeme López de Arana
Viernes, 2 de febrero 2024, 21:49
UPV/EHUko Laida ikerketa-taldeak 'Egungo euskal albuma' izeneko azterketa plazaratu berri du eta, haren kontrazalean esaten denez, «euskal literaturan azken urteotan izan diren berrikuntza handienetako bat albuma izan da». Euskal emaitzen dozena luze bat azterketaz eta ilustrazio koloretsuz hornitutako liburu interesgarri horren edizioaren arduradunekin mintzatu gara.
-Liburuaren lehen artikuluan 'Albuma zertan den' azaltzen duzu, Karla. Horren aurretik, eta hitz gutxitan, albuma zer den azalduko zeniguke?
-Karla Fernández de Gamboa: Albuma liburu mota hibrido, malgu eta heterogeneoa da, baina baditu berezitasun batzuk beste liburu motetatik bereizten duena. Nabarmenena hitzen eta irudien arteko harremana da. Hau da, albumetan bi kode (hitzezkoa eta irudizkoa) erabiltzen dira istorio bat kontatzeko eta horiek elkarren mendekoak dira, ezin dute funtzionatu era independentean. Uri Shulevitz-ek, Caldecott domina jaso zuen ilustratzaile eta idazle poloniarrak, esan zuen albuma irratitik irakurri ezin den liburua dela, irudiak daramalako benetan pisu narratiboa. Emma Bosch ikerlariak ere azpimarratzen du albumetan ilustrazioa funtsezkoa dela, baina testua azpikoa izan daitekeela; are gehiago, desagertu ere egin daiteke, hitzik gabeko albumetan gertatzen den bezala.
-Albuma liburu mota berritzailea da zentzu askotan. Zer nolako alderdiak dira, zure ustez, azpimarragarrienak, formaren zein edukiaren aldetik?
-KFG: Aditu askorentzat haur literaturak literatura orokorrari egindako ekarpen garrantzitsuena da albuma, lehendik ez baitzegoen. Nire ustez bi dira alderdi azpimarragarrienak: testuaren eta irudiaren arteko harremana eta liburuaren elementu materialek izan dezaketen funtzio narratiboa. Alde batetik, testuaren eta irudiaren arteko harremanak albuma bera bezain dinamikoak eta malguak izan daitezke, baina interesgarriena da bi kodeak nola kokatzen diren orrialdean eta zer esanahi-erlazio sortzen den haien artean, hau da, nolakoa den bien arteko harremana maila semantikoan. Bestetik, albuma liburu bat den heinean, euskarri hori du oinarri moduan. Hau da, testuaren, irudiaren eta euskarriaren arteko artikulazioaren emaitza da albuma, eta, hortaz, liburuaren materialtasuna ere elementu diskurtsiboa bihurtu daiteke. Denak izan dezake esanahia albumean: tamaina, forma, gainazala, babes-orriak, portada, plegua, eta abar.
-Noiz sortu zen albumaren azpigeneroa, eta zein izan daiteke haren hartzailea?
-KFG: Joan den mendeko 30eko hamarkadan jada albumaren zimenduak ezarri ziren irakurle hasiberrientzako liburu gisa eta 60ko hamarkadan 'Urdin Txiki eta Hori Txiki' (Lionni) eta 'Piztiak bizi diren lekuan' (Sendak) bezalako liburuak argitaratu zirenean gaur egun albumtzat ulertzen dugunaren oinarria sortu zen. XX. mendearen amaieratik, albumak aurrera egin du haurren argitalpen-merkatuan eta gaur egunean urrezko aroa duela esan genezake. Dena dela, albuma irakurle hasiberrientzako liburu gisa sortu bazen ere, gaur egungo argitalpen-proposamenek irakurle inplizitu horren adin-tartea handitu dute. Esate baterako, 'crossover' albumek hainbat interpretazio maila dituzte eta adin guztietarako egokiak dira, irakurlearen adinaren eta esperientziaren arabera irakurketa-modu desberdinetara gonbidatzen dutelako. Beraz, esan genezake albumaren irakurlea albuma bera bezain heterogeneoa dela.
-'Albumak euskal literaturan' izan da liburuari egin diozun ekarpenetako bat, Xabier. Aurreko galderarekin lotura eginez, noiz iritsi zen albuma euskal literaturara?
-Xabier Etxaniz: Euskal haur literatura bera oso berandu hasi zen eta, batez ere, 1980ko hamarkadatik aurrera egin du bere bidea. Hasieran irakurleentzako liburu erakargarri eta estilo ugarikoak sortuz, eta ondoren irakurleen behar eta maila ezberdinei erantzunez. Eginbide horretan albumak ez du presentzia handia izan hastapenetako ibilbide horretan. Horrez gainera, albuma bera ere oso produktu berria dugu, 1960ko hamarkadan sortua mundu mailan. Beraz, normala da euskarazko haur literaturan albuma hasieran ez agertzea eta, ondoren, koedizioen bidez agertzea, ez baitugu ahaztu behar koste ekonomiko handiko obrak direla albumak, neurri handikoak normalean, orri guztiak koloretan, azal gogorra… Hori guztia kontuan izanik, aurretik lan bakan batzuk egon baziren ere, esan dezakegu mende honen hasierarekin batera hasi zela albuma euskaraz argitaratzen, eta batez ere itzulpenen bidetik.
-Zein egoeratan dago euskal albuma, eta zein dira, zure ustez, haren emaitza nabarmenenak?
-X.E.: Azken hogei urteotan aurrerapauso handiak eman dira arlo honetan. Itzulpen lanak dira nagusi, eta eskaintza gero eta zabalagoa eta aberatsagoa da. Sorkuntzan ere nabarmen egin dugu aurrera. Horretan guztiz garrantzitsua izan da Etxepare saria, Nafarroako toki-entitateek eta Pamiela argitaletxeak bultzaturiko saria. Sariketa honetara urtero gero eta lan gehiago aurkezten dira eta sariduna Pamielak argitaratzen du. Horrek euskal sortzaileak albumak egitera animatu ditu… eta euskal albumen arrakastak beste argitaletxe batzuk ere animatu ditu horrelako liburuak plazaratzera.
Azken urteotako albumen artean badira kanpokoen maila duten hainbat eta hainbat lan. Batzuk, oraindik ez dakit zergatik, euskaraz bakarrik plazaratu direnak, baina beste asko, 'Martin, Basoan barna', 'Bat gehiago gara', beste askoren artean, erdaraz ere publikatu dira, harrera onarekin. Beraz, albumak balio izan du euskal literatura eta euskal ilustratzaileak beste lurraldeetara zabaltzeko; eta baita ere, jakina, euskal literatura aberasteko. Ez haurrentzakoa bakarrik. Hor daude mugan dauden hainbat album, 'Atzamarra', 'Besarkada', 'Hili'… kalitate handiko lanak.
-Esan duzu euskaraz argitaratzen diren album gehienak itzulitakoak direla. Ondo egiten ari da aukeraketa? Zerbait sumatzen duzu faltan?
-X.E.: Itzulpen gehienak koedizioak dira; hau da, kanpoko argitaletxe batek (Kalandraka edo OQO dira hor nagusiak) eta hemengo batek elkarrekin eginiko edizioa, eta horretan kanpoko argitaletxeak egiten du eskaintza. Oso gutxi dira (Ttarttalo da kasu aipagarria) azoketan dagoen eskaintzaren artean obra bat aukeratu eta euskarara, beren kasa, ekartzen dutenak. Alde horretatik guk behar duguna baino kanpokoek eskaintzen digutenaren araberako hautaketa euskaratzen da. Aukeraketa hori egokia den edo ez jakiteko eskaintza ezagutu beharko genuke. Nik hainbat obraren falta sumatzen dut gure artean… baina, berriro diot, ez dakit noraino den posible horiek euskaratzea, eta gure merkatuaren mugak ere asko baldintzatzen du hau guztia.
Jatorrizko obren aldetik, berriz, ondo dago Etxepare saria, baina uste dut ausardia handiagoa falta dela euskal argitaletxeetan, eta gurekin egiten duten bezala gu geu ere kapazak izan beharko ginateke kanpokoei koedizioak eskaintzeko, gure egileek oso maila handia baitute… eta hori frogatuta dago.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.