Hiru gertakari berezi ekarri nahi nituzke gure orrialde hauetara. Hirurak dute zerikusi estua irakurtzearekin eta idazketarekin. Badirudi gero eta nabarmenagoa dela irakurtzen ez duenaren idazlearen kasua.

Publicidad

Ikerlari eta idazle

Lehen gertakaria aldizkari akademiko nagusi baten suertatu zen. Aldizkaria nagusia izan arren, eta Espainiako argitaletxe nagusi baten menpe izan eta beraz etorkizuna neurri batean ziurtatua, akademikoa ere bada, ez da kioskoetan saltzen eta harpidetza du diru iturri nagusi. Kontua da demagun 2023an urtean plazaratzen dituen 11 aleetan 80 irakasleek hartu zutela parte. 80 ikerlariri haien lana ezagutarazteko aukera eman ziela aldizkariak.

Zuzendariari otu zitzaion 80 horiei idaztea eta aldizkariaren harpidetza betetzea. Erantzuna harrigarria izan zen. Gutxi batzuk bete zuten eskaria eta harpidetu ziren. Beste guztiek, bistan da, nahiago dute idatzi, eta berea ez dena zertarako irakurri!

Idazlearen txapela buruan eta ibili munduan

Bigarrena hurbilagoa dut. Badut adiskide bat literatur aldizkari batera bere ipuinak bidaltze dituena argitaratu diezazkioten. Aldizkari horren zenbaki atera berria heldu zitzaidan etxera -harpidetua bainago- eta bere ipuina agertu zutela pentsatuz, bere etxera hurbildu nintzen. Ez dakit zein zela kausa, ale horretan ez zioten ipuinik argitaratu. Dena dela, alea utzi nahi izan zion, irakur zezan. Eta nire harridurako itzuli egin zidan: «Nirerik ez badago ez dut interesik» esanaz. Idazle horrek ere nahiago du idatzi, eta berea ez dena zertarako irakurri!

Hirugarrena metroan gertatu zitzaidan. Nire aurrean eta inondik inora ezagutzen ez nuen liburu batekin zihoan neskatxak irribarre egin zidan eta eskuetan zuen liburua seinalatuz esan zidan: «Nirea da, nik idatzia». Meritua laudatu nion eta ihardetsi zuen: «Besteena irakurtzeaz aspertu nintzen, eta nirea esatea eta idaztea erabaki nuen». Berak egiten zuen prozesu osoa: makinaz idatzi originala, inprenta batera eraman, argitalpena ordaindu eta berak irakurri. Ez dakit, baina, beste irakurlerik ote zuen bere literatura errimen lan horrek. Jainkoari eskerrak ez zekiela liburuei buruz idazten dudala, bestela ziur bere liburuak besapean nituela etxeratuko gau hartan.

Publicidad

Gogoratu nuen Carlos Casares idazle galiziarrak Ourenseko gizon xelebre bati buruz kontatzen zuena. Ba omen zuen gizon berezi horrek ohitura bitxi bat. Kazeta bat sortu zuen, berak idazten zuen oso-osorik, ale bakarra inprimatzen zuen gauez bere inprimategian. Eta goizean etxetik irteterakoan atepetik sartzen omen zuen gauaz osaturiko egunkari ale hori. Kafea hartzetik itzuli eta atea zabaltzerakoan zolan aurkitzen omen zuen alea kazeta berriaren usain gozoz inguraturik eta egunkaria altxatzerakoan ahopeka esaten omen zuen: «Ikus dezagun zer berri dakarkigun egunkariak gaur!!!»

Bikoiztasuna bat eginda

Izaki bikoitza zen gizon hori. Eta nire ustez izaki bikoitza da idazlea. Era berean idazle eta irakurle izan behar du. Ez dakit zer gertatu den gure gizartean, baina gertakari hauek, irakurle izan nahi ez eta idazle izate nahi horrek gizartean nabari den nitasunaren indar paregaberen ondorioa dirudi. Idazle estimatuek badakite irakurri behar dutela, badakite komunitate baten kide direla. Zerbait interesgarria sortu nahi badute, lehenagotik eginda dagoen zerbait egin nahi ez badute, errepikakorrak izan nahi ez badute, jakin dakite behar beharrezkoa dutela inguruan egiten dena, idazten dena, ezagutzea, irakurtzea ezinbestekoa delako idazteko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad