Gaixotasun mentalari buruzko hiru liburu desberdin irakurri ditut egunotan. Hirurek dute tonu desberdina. Umoretik tragediara bide nabarmena egiteko moduko irakurketa.

Publicidad

Irri garratza: Joseba Sarrionandia eta Markos Gimeno

Ez dut esango komediatik hurbil dagoen liburua dela Joseba Sarrionandiak atera duen 'Markos Gimenoren 101 Letrakartel', baina aipa dezaket Markos Gimenoren palindromoak irakurri ditugunean irribarre xume batek egiten duela irrist ezpainetatik behera. Badakizue zer den palindromoa, eskumatik ezkerrera eta ezkerretik eskumara berdin irakurtzen den hitz multzoa edo esaldia. Hemen aipatu den bat ematearren: «A igelak, alegia».

Oso ongi eta eder argitaratu den liburuak lau alde nagusi dituela esango nuke. Batetik, idazle durangarrak palindromoak euskaraz egiteko dohaina zuen Ermuan jaiotako egilearen bizitza beltza kontatu du, 1974tik bere buruaz beste egin zuen egunera arte, 2018ko abenduaren 7 arte. Bipolaritatearen mende eta depresioa eta antsiedadea lagun zituela, ez zuen bizitza erraza bidaide izan hitzen artista horrek. Bigarrenik, eta orrian behe aldean ageri badira ere, Markos Gimenok osaturiko palindromoak ageri dira, denak harrigarriak. Hirugarrenik, eskumako orrian zenbait artistek egin dituzten irudi txundigarriak: Eta azkenik, Sarrionandiak palindromoen inguruan egin dituen hitz jokoak ageri dira, gaiaren inguruko idazleen aipuak, ironia eta satira batera.

Nostalgiaz beterik Pott Banda eta 'Pott' aldizkariaren garaietara eraman nau argitalpenak. Talde hartako idazleek bazuten interes berezia hizkuntzaren barnean gertatzen ziren fenomeno bereziengatik. Nabaria zen, adibidez, François Truffaut-en Haur basatia filmak eragin handia izan zuela idazle haiengan, hain zuzen ere basoan galdurik agertzen zen haurrak ez zekien hitz egiten, eta beraz, hizkuntzaren zeinu naturalaren edo sozialaren izaeraz eztabaida piztu zen maila akademikoan. Zer ote den hizkuntza bazen galdera bat Potten bizi-bizirik zebilena.

Joseba Sarrionandiaren oharrek eta idazleen aipuek 'Ni ez naiz hemengoa' liburua ekarri dit gogora. Hango hitz jokoak, ironiak, asmakizunak, berdin-berdin (agian laburrago, besterik ez) bizirik diraute orriotan.

Publicidad

Ez da arraroa, beraz, hizkuntzaren izaeraz arduratu zien idazleek hizkuntzaren mugetan ageri den palindromoen jokoetan arreta jartzea.

Tragikomedia: Ander Izagirre eta Zuhaitz Gurrutxaga

'Subcampeón' kronika liburuan Ander Izagirrek, Zuhaitz Gurrutxagaren laguntzaz, honen bizitzaren alde iluna azaldu digu. Futbol jokalari famatua izateak duen infrentzu latza ekarri du orrietara.

Jakina da heroia jausiaren mitoa oso erabilia izan dela kirol literaturan. Heroiak hasiera-hasieratik daki bere izaera bikoitza dela, jainkoen mailara igotzeko ahalegina egin duelako, hilkorra dela jakinik. Xabier Montoiak aspaldi eman zigun ipuin gogoangarri bezain hunkigarria bidea galtzen duen jokalariri buruz. «Fucking artists» liburuan zian zen eta kontakizuna «Loria omen zion halabeharrak gordea» deitu zuen.

Publicidad

Aitorpen kutsua emanez, Zuhaitz Gurrutxagak gazi-gozoz kontatzen du bere loria, eta bere gain behera, antsietatearen eta 'Transtorno obsesivo compulsivo' delako gaixoaren erruz. Kontakizunak atal biak hartu ditu kontuan, umorea hainbat alditan eta gaixoa onartzeko eta gainditzeko egindako ahaleginak bestetik. Ez dakit zuzen aukeratu den bigarren pertsonan hitz eginez historia kontatzea, azken batean ez baitaki nori dagokion 'zu' hori, kontakizuna entzuten ari den Ander Izagirreri edo liburua eskuetan duen irakurleari, entzuleari.

Tragedia: Mar García Puig

Bikiak erditzen dituen gau beratan Espainiako Kongresurako aukeratua izan zen Mar García Puig, eta laugarren agerraldian den 'La historia de los vertebrados' deituriko aitorpenean amatasunaren zailtasunak utzi ditu agerian. «Erditze ondorengo erotasuna» deitu izan den antsietate prozesua dugu libururen aitorpen gogorraren muina. Larritasunez eta kezkaz beteriko narrazioan Mar García Puigek esperientzia pertsonala dakar gure begietara.

Publicidad

Ikuspegi feminista jasoz, psikiatriak eta ginekologiak emakumeekiko izan dituen jarreren berri eman du, askotan XIX. mendeko aipamenak eta adibideak ekarriz, erditze unearen estutasunak orrietan emanez. Lazgarriak dira, adibidez, liburuan agertu dituen XIX. mendeko Ingalaterrako eroetxeetan gaixo hori zuten emakumeei egiten zizkieten praktikak. Lazgarriak eta izugarriak.

Dokumentazio oso desberdina darabil 'erotasun puerperal' gisa ezagutzen den gaixoa aipatzeko. Dokumentuen artean Fotografia gailentzen da eta 63 orrian erakusten den Emma Riches deituriko emakumearen erretratua mingarria da oso. Liburuaren kontaketa uneoro ari da saltoka Mar García Puigen aitorpen zehatz eta zuzenaren eta gizartean izan diren beste kasu eta moduen artean. Berea da mina, baina min hori beste emakume askok sufritu dute eta seingintzaren ondorengo erotasuna gizartearen eragina ere bada, mina adierazteko eta tratatzeko garaietan eta moduetan.

Publicidad

Mar García Puigek munduari egiten dion begiradan badira adibide gogorrak, Vienako eroetxearen deskribapenean adibidez, baina kultura zaharren sineskeriaz ari denean, tonua eztitu egiten da, Erromako adibide hau ekartzen duenean, adibidez: «Arraintxoen formako umetokiak irudikatzen dituzte, bere hegatsekin eta silueta biribilduekin, umetokia abere bihurria baita eta nahi duen moduan bidaiatzen du beste animalia baten barruan».

Jaio berri diren bere semearen eta alabaren heriotzaren ideiaz itoaldiak harturik, emakumearen izaerari eta sufrikarioei buruzko testu eredugarria, mingarria bezain lazgarria da Mar García Puigek idatzi diguna.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad