Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Ez dut esango maitasunik gabe egiten direla beste liburuak, baina gaur aipatu nahi nituzkeen bi hauek maitasun handiz egindakoak dira. Irakurlea bigarren mailan ageri da agian, eta lehen planoan norberaren gogoa, norberak dakizkien guztiak eta gutiziak jarri dira liburu biotan. Gaiak egilearen gainetik jarri dira, eta ez norbera gaiaren gainetik. Hark agindu du, eta azken hatsa hurbil balu bezala, bere azken hitza eman nahi du egileak.
Erretiroan dira egile biak, eta egoera horretatik hurbil, eta beren bizitzako liburu nagusia eman nahi izan dute. Esan ohi da erretiratuek gai bat izan behar dutela ortzi-mugan, bat eta bakarra. Eta hari indarrak eskaini behar dizkiotela, helburua bete arte, azken puntura heldu arte. Esan genuen lehenagoko artikulu batean, gazterik erretiraturiko irakasleek leinu berria hasiko zutela euskal literaturaren esparruan. Eta egile biok betetzen dute esandakoa.
Lehen liburua duela hilabete batzuk argitaratu zuen Pamiela etxeak. Edorta Agirre (1949) euskal filologoaren eta kazetariaren liburu mardulaz ari naiz. Izenburu polita du, hitz jokoz hornitua 'Amantala ta mantela'. Eta azpi-izenburua ez hain ederra: 'Philosophia & oilo zopia'. Liburua, zer esanik ez, egilearen jakituriaz blai eginda dator eta euskal gastronomia mundua umorez eta jakintzaz, jakintzaz eta umorez, tratatua da. Bostehun artikulu bildu ditu hiztegi gisako liburu mardul horretan. Ez gaude janariak sukaldatzeko bidea ematen duen zerrenda baten aurrean, baizik eta biologiaren (dela arrainak, dela animaliak, dela barazkiak) eta jakien arteko loturaz diharduen liburuaren aurrean. Hitza eta elikadura, elikadura eta anekdota kontakizuna guztien gainetik.
Xabier Zabaletak adierazi duen moduan, liburuak hainbat bitxikeria utzi ditu agerian: «Zeintzuk dira 'Zaporearen Kutxa' unibertsalean dauden Euskal Herriko elikagaiak? Atuna beti atun da, ezta? Ba al dakigu txokolate ona bereizten? Nola egiten da gazta orain? Eta orain arte? Untxia, lapina, konejua eta erbia animalia bera al da?». Horra hor liburuaren tankera.
Bigarrena ere duela hilabete batzuk agertu zen, eta Juainas Paul Arzak (1950) dugu egilea. 'Sorginkeriarena gurean' du izenburua saiakera honek eta gure herrian sorginkeriaren gaiak izan duen bilakaeraren historia kontatzen digu xehetasunez. Ez dago esan beharrik bai Edorta Agirrek eta bai Juainas Paul Arzakek eskarmentu handia izan ondoren eman dutela argitara beren liburuak, eta biak dutela erretiroko adina ondo gainditua.
Juainas Paul Arzakek atalburu esanguratsu bat jarri dio liburuari: «Gai honen inguruko biografia pertsonala», eta bere historia propioa eman digu ezagutzera, Julio Caro Barojaren bideari jarraituz, bai 'Las brujas y su mundo' liburua aurrean duelako, bai egileak liburuan «Explicación personal sobre el origen de este libro» ataurre gisa jarri zuelako. Aitorpenean egilearen jakintza bideak ematen dira ezagutzera: antropologia, etnografia, historia.
Baina ondoren dator mamia. Hitza lehenik: zer ote den 'bruja', 'sorgina', eta 'brujo', 'sorguiños', eta hitzak duen eragina errealitatean. Ondoren, xehe-xehe, pausoz pauso, sorginek historian jasan duten sarraskien berri ematen zaigu. Nik uste, kronologiaren ikuspegia nabarmena bada ere, garrantzitsuagoa dela beste esparru batzuetara egindako bidaia. Ingurua bilatu izan du egileak, eta Euskal Herrian gertatu dena beste herrietan gertatu zenarekin erkatu du, elkartu eta adierazpena zabaldu. Beraz, ez du sorginkeria Euskal Herriko fenomeno gisa aipatzen, Espainia eta Europa bera ere bere begien bistapean jarri ditu, eta horrek liburua eta bere jarraibidea aberastu egin ditu.
Liburu mardulak direla esan dugu, eta begi-bistan dago. Edorta Agirreren lanak 480 orrialde ditu eta 29 eurotan dago salgai. Ez da meharragoa Juainas Paul Arzakena; 464 orrialde, hori bai zerbait merkeagoa: 26 euro. Izango dute eroslerik?
Gogora datorkit argitaletxeak euskaraz eman duen Irene Vallejoren 'Infinitua ihi batean'. 464 orrialde ditu. Hori saldu da behintzat!
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.