Juan Carlos Eguillor, bere lan batekin, 2000. urtean. E.C.
Territorios

Juan Carlos Eguillorren izaera

'Bilbao la muerte. La obra gráfica de Juan Carlos Eguillor' liburuak berriro ekarriko du guregana artistaren itzala

Sábado, 17 de agosto 2024

Laster argitaratuko du Jose Carlos Torrek irudigilearen itzala aztertu duen liburua: 'Bilbao la muerte. La obra gráfica de Juan Carlos Eguillor'. Egileak lan handia egin du Eguillorren izaera gaurkotzeko eta bere ahaleginak berriro dakar guregana artistaren itzala.

Publicidad

Gaurkotasuna eta oroimena

Nolakoa den artistaren geroa, gero! Gaurko egunek ez dute etorkizuna maite. Gaurkotasuna dugu begi bitartean eta unean unekoa bizi beharrak ez du uzten etorkizunaren izpirik adierazten. Sormen-egileren bat hiltzen denean ahanzturaren arriskua datorkio.

Aditua eta ezaguna izateko etengabeko jardunean ibili ohi da egilea, urtero-urtero lan berriak eskainiz. Eta desagertu delarik, oroimenaren biziraupenak jarraipenik gabe geratzeko arriskua du. Gogoan dut Javier Marias idazleak esaten zuena, ez zuela maite biziraupena, ez zuela bere lanaren etorkizuna estimatzen, bizitzaren gaurkotasunak ematen ziola geroak baino esperantza handiagoa.

Eguillorren ibilbidea

Eta badirudi horrela gertatu ohi dela, egilea hilez gero, ilundu egiten dela bere ospea. Uste dut patu gogorra izan duela gure garaian oso maite genuen Juan Carlos Eguillorrek. Mari Agirreren historiak kontatu zituen EL CORREOn orrialde osoak erabiliz, garai hartarako oso berria zen komiki bidea berrituz. Bernardo Atxagarekin batera asmatu zuen 'Nikolasaren abenturen eta kalenturak' liburuaren irudiak. Eta Chuck Aranberri mutiko gaztearen joerak marraztu zituen. New Yorkera joan zen eta irudiak egiteko molde berriak asmatu zituen, gaurko bideoaren aurrekaria zen marrazketa sortuz. Bilboko lehen jaietako kartela zabaldu zuen, aho zabalik utziz gure sentipena.

Joan zitzaigun. Eta badirudi bere izaera urruntzen joan dela gizartearen memorian, nahiz eta noizbehinka gure oroimenera ekarri hango edo hemengo ekitaldiren batek.

Bilbo beti hizpide

Horregatik da hain garrantzizkoa Jose Carlos Torrek idatzi eta argitaratuko duen 'Bilbao la muerte. La obra gráfica de Juan Carlos Eguillor' eginkizuna.

Publicidad

Gure gaurko artikulu hau aurretiko berria da, oraindik berri ez den notizia. Baina ziur nago Juan Carlos Eguillorren bizitza eta lana jende gazteen artean zabaltzeko modua izango dela. Ez dut ahaztuko erabateko adiskideak utzi zituela artistak gure gizartean. Izan bada bere memoria gorde duten adiskide eta kolaboratzaileak: Bernardo Atxaga tartean. Bada 'El perro chico; Eguillor eta abar Kofradia' deituriko adiskide taldea. Bilboko Udalak ere ez du ahaztu, eta omenaldiak egin dizkio Aste Nagusiko kartela Arenalean kokatuz edo Plaza Berriko Posta kaleko sarreran mural ederra jarriz. Bilboko Arte Ederretako Museoak jaso zituen bere familiak emandako lanak eta toki berezia eskaini dio. Eguillor beti izan da Bilboko paisaiaren sortzaile aparta. 'Bilbo amestuak' deitu zuen Bidebarrieta Kulturguneak egin zion omenaldia. 'Bilbao Gloria Mundi' izendatu zuen 2021ean Torrek argitaraturiko liburua.

Jose Carlos Torreren liburu horrek, baina, beste zerbait dakar. Eguillorren bideak aztertu ditu, bere nondik-norakoak. Bere historia osoa kontatu du Mari Agirre estonagarri eta surrealistarekin hasiz, Miss Martiartu estereotipo umoretsutik jarraituz, bere esperimentazio lanean bukatzeko.

Publicidad

Berritasun handia ikusi zuen New Yorkera egin zuen bidaian. Hiri nagusian egindako egunerokoa utzi zigun. Eta han kontatzen du Bostonera joan zela Colbert-Goicoa euskal sendiaren etxera. Han haur bat zegoen, David. Marrazki bat egin zion. Eta nola den mundua! Denborak aurrera egin du eta David Colbert-Goicoa euskal literaturan aditua da eta gure adiskide eta kolaboratzailea. Munduak jira egiten du eta pieza batzuk ondora datoz nola gertatu den jakin gabe.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad