Urriaren 31 arte Bermeoko Frantziskotarren komentuaren klaustroan Jose Angel Lasa sortzailearen lana ikusteko aukera dago. Erakusketa (badakizue artistak ez dira onak idazten) '-n/-z/-tik/-rantz' deitu du egileak. Ez du izenik jarri, horregatik artikulu honetan atzizki horiek zentzuz betetzen saiatu gara.
Publicidad
Irakurri dezagun berriro erakusketaren izenburua: '-n/-z/-tik/-rantz'. Preposizioak, edo hobe esan, proposizioak, esan nahi da, proposamenak: Adierazgarria da oso izenik ez aipatzea eta soilik morfologia markak erabili izana ikusmen irakurketa horretan. Non? Klaustroan. Zerez? Egurrez eta zurez. Nondik? Iraganeko enborretik. Eta norantz? Etorkizunerantz. Eta artean, preposizio eta proposizioaren artean irakurketarako gonbitea.
Non lehenik. Bermeoko Frantziskotarren komentuaren klaustroa ez da edozer, ezta ere edozein toki. Eliza baino zaharragoa da, eta bere edertasuna zalantzarik gabekoa da. 1424an Juan Saez de Gerrikaiz deituriko nagusi batek hiru laurden ordaindu zituen eta Juan Martinez Zaldibarrek ordaindu zuen falta zen laurdena. Zaharra da klaustroa, historia luzea du. Kuartela, kartzela, misio eskola, eskola arrunt eta epaitegia izan da, 1928tik aurrera, herriko merkatua. Eta orain Jose Angel Lasari esker, erakustoki nagusi. Espazio hori betetzen ausartu da arteegilea, luze zabaleran dituen 14 metroak egurrez eta zurez egindako mundu magiko irudikatua sortu arte.
Zerez ondoren. Egurra eta zura. Natura eta naturaren materia. Aurkitu eta aukeratu. Jose Angel Lasaren arte lanak zerikusi handia du materiarekin. Bere materia naturak sortu du. Berak esan ohi duen gisan, etxe ondoan aurkitzen dituen zuhaitzek eta landareek emaniko ondareak dira bere lanaren sustrai, suster eta oinarri. Bai, aurkituriko materia, 'objet trouvé' bat ziurrenik, baina bere eskuek eta begiradak –nola bete bestela 14x14 metroko neurria duen klaustroa?- ez dute soilik txikia eta bakana ikusten. Begiradaren zabala da Jose Angel Lasak erakusten duena, eta aurkitutakoa, baina ikuspegi nagusian. Aurkitutakoa bai, baina ez bakana, pilaturikoa bizik, kamioi baten bestekoa. Luzea eta zabala, biltegi bat beste hartzen duena. 'Objet trouvé'? Zalantzarik ez, baina pilaka pilaturik. Bildu eta bildu, eta gero, etxean, tailerrean, bakanak aukeratzeko, begirada zoliz aurkitutakoa aukeratzeko.
Horregatik bere lanak espazio zabala hartu du. Indarra da, irudimenaren indarra bere irudimen mundua hartu duena. Nekez imajinatu dezakegu bere obra nekerik gabeko barne indar oldartua entzun gabe.
Zerbait bada erraza kontatzen, horixe bai dela Jose Angel Lasaren artearen etorria, erakusketako izenburuak aipatu digun '-tik' hori. Nondik dator Jose Angel Lasaren bidea, Jose Angel Lasa bera? Erraza da erantzuten, zuhaitzaren materiatik. Materia, langaia. Naturatik dator Jose Angel Lasak erakusten duen edertasunaren grina. Baina ez da natura paisaian agertua, ez da bere osotasunean. Apaltasuna maite du eskultura egileak. Berea langaia ez da nagusia, ezta ere irmoa. Ez. Bide ertzean aurkituriko adaxka da bere eskuentzat mintzagai eta elkarrizketa bide. Erakusketaren zati nagusia laranjondoen adaxkez osaturiko ikuspegia da. Hemen ageri diren laranjondo horien adarrak heriotzara kondenaturikoak dira. Laranjondo batek ez duenean nahikorik ematen, ura kendu ohi diote, eta orduan adarrak belztu eta indargetu ohi dira. Juxtu horiek aukeratu, moztu eta landu ditu Jose Angel Lasak, eraberritzea, eraldatzea eta bigarren bizitza, eskaini baliete bezala. Natura mortua bizigai, eraberritu, taumaturgia berri baten eragile. Eskultore eta sendatzaile. Hiltzear dagoen eta hiltzera doan mundu baten biziarazle, bizitza sortzaile eta egile.
Publicidad
Egileak berak aipatu duenez oinarriak hauexek dira, hemendik dator: «Lanean hasten naizenean, eskultura izatera iritsiko diren lehen urratsak asmatzen hasten naizenean, ez ditut ikusten ez lerro (geometria), ez adar (natura); adarraren lerroak dira ikusten ditudanak». Osotasun baten ikuspegia, horrexenik dator lehen bultzada, naturaren osotasuna, ez lerro, ez adar, dena betera. Horixe da izenburuko '-tik' horrek adierazi diguna.
Nik esango nuke klaustroa betetzeko, esanahia izan eta eskulturaz mintzatzen jartzeko historia osoa jarri duela bisitarien begietan ikusgai egileak. Bere historia kontatu digula. Nondik hasi eta zer den gaur egun, nondik etorri eta zer egin duen, arte lanaren laburpena, sendoa eta sakona, mindua eta urrikaldua.
Publicidad
Etorkizunaren ideia eman duen '-rantz' atzizkia geratzen zaigu mintzagai. Jose Angel Lasaren lanean maite ditut maite letren antzera ageri dituen arte lanak. Mundu irudikatua, utopikoa, idazteko baliagarri zaizkidan letrak. Eskultura horiek adarrak dira, mila moldez agertu dituenak. Esango nuke, estuduran jarriz gero, aspaldiko errotariek erabiltzen zuten alfabetoaren antza dutela. Baina Jose Angel Lasaren alfabetoek zabal adierazi dute mundu bat, eta esango nuke etorkizuna idazten ari direla; oraindik ulertu ez badugu ere zer esan diguten, Bermeoko Frantziskotarren Komentuko Klaustroko hormetan esaten ari direla, ari zaizkigula, zer izango garen, zer izango den gure barne munduaren etorkizuna.
Alfabeto horiek, katalogoaren azalean ere, aldarrikatzen dute hildako natura zaharretik datorrela bizitza berria.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.