Esteban Urkiaga, Lauaxeta.
Territorios

Inoiz ikusi bako maitale kutuna

Errenterian 1930eko ekainaren batean I Olerti Eguneko Saria irabazi zuen poemarekin hasten da Esteban Urkiagaren, Lauaxetaren maitasun mundua

Viernes, 9 de febrero 2024, 19:59

«Inoiz ikusi bako maitale kutuna/ Neure opa samurrok laztanduten dabe/ Begi gelgarriz dargist bijotzeko iluna». Poema hori da Esteban Urkiaga, Lauaxeta euskal poesiaren eremuan ezagun bihurtu zuena.

Publicidad

Ez dakigu nola, baina ezuste handiz Lauaxeta gazteak irabazi zuen euskal poesia goratzeko eratu zen Olerti eguneko Lehen Saria, aditu denek edo ia guztiek Lizardi eta, batez ere, Orixe ematen zutenean irabazle gisa, literatura alorrean ezagunagoak zirelako eta ibilbide aberatsagoa zutelako heldu berri haren aurrean. II Olerti Eguneko Saria, Lizardik irabazi zuen bizi zen herrian, Tolosan, pronostikoei bermea emanez.

'Maitale kutuna' poemaren – eta bide batez saridun izendatzeko erabakiaren- defentsa Jose Ariztimuñok, Aitzolek egin zuen 'Bide barrijak' liburuaren hitzaurrean: «Maitasun gaiok irudi arrigarriz […] maitasun-egiaz, biotz-ikutzez, azal-ederrez oparotsua, gazte onen, olerti emaitza».

Askotan aipatu da 'Maitale kutuna' horren muina sinbolismoak erabili zuen topiko batean oinarriturik zegoela eta maiz erabili zutela poetek, bai Antonio Machadok, adibidez, edo beste poeta batzuk. Gainera, kasu honetan iturria garbiak dira: 1901ean Nobel Saria irabazi zuen Sully Prudhomme eta bere 'Ma fiancée'. Mungiako poeta Nobelen saridunen lanen irakurzalea zen eta bere poema ikusi dugun moduan hasten bada, honela dira poeta frantsesaren hasierako bertsoak: «L'épouse, la compagne á mon coeur destinée./ Je ne la connais pas». Ezezagun batekin maitemindua.

Lortu ezinezko maitale kutuna da idealismoz jositako irudi hori. Poetak noiz lortuko ez duen aingeruaren pareko maitea. Platonismo hutsezko anderea. Aingerua, ideala, Prerrafaelita pintoreek eraikitako musa eta emakume ideial eta gorputzik gabea. Arima huts, ideia…

Publicidad

Begiz ikusitako maitale urruna: Nile

Baina urteak aurrera doaz, eta Lauaxetak harreman handia du Bilboko Euzko Gaztedirekin eta Emakume Abertzale Batzarekin. Euskarazko eskolak ematen zituen Posta kaleko erakundean. Eta handik eta hemendik maitasun irudia ere sortu zitzaion poetari, orain, ez baina, inoiz ikusi bakoarekiko, hurbilean eta gorputz eta arima ziren emakumeekin baino.

Polixene de Trabuduak bere 'Crónicas de amama' liburuan badu kapitulu bat 'Estampas de Lauaxeta' deitua, eta bertan zera dio (itzulpena nirea da): «Elkarrekiko sinpatia handia genuen, baina ez zen kontua harago joan, Jose de Mandalunizekin konprometituta nengoelako». Lauaxetak baziola estimua, alegia.

Publicidad

Juan Luis Goikoetxeak eta Udane Goikoetxeak Miren Natxituberen testigantza jaso zuten 2021ean eta bertan Zamudio herriko Geldo auzoan gerra aurrean eskolan maistra izandakoak borobil esan zien: «'Juventud Vasca'n domeka batzuetan [Lauaxeta eta biok] alkarregaz egon eta berba egiten genduan […] Bai, lagun 'handixek' ginan, 'handixek'». Eta ondoren zera esan zien liburuko egileei: -Lauaxetak neska lagunik euki eban? / -Neska lagunak bai, baina bategaz ibili ez./ – Nobiagaz ez?/ - Hasi zan apur baten, baina ez eban jarraitu».

Ez du esaten norekin hasi zen, baina bai aitortu zuen behin Lauaxeta hurbildu zitzaiola eta «Mirentxu, zu eta biok ulertuko gara» esan omen zion.

Aspaldi batean, poetaren adiskidea izan zen Jose Luis Irisarrik aipatu zizkidan Lauaxetak izan zituen maitasun harreman bi. Bata Espe Asua deituko neskatxa izan zen Jose Maria Asua, Pisarrin marrazkilariaren arreba. Bestea aldiz, lehentxeago gertatu eta berezia izan zen poetarentzako zeren Lauaxetari bereziki gustatzen zitzaion neskaren izena, Nile. Eta horixe jarri zion bere besoetako bati. Nile hori 1937ko uztailaren 3an Gerratik ihesi Frantziako Aurillac herrira joan zen, 23 urte zituelarik. Ondoren Gernikara ezkondu zen. Eta bere iloba bat ezagutu nuen eta elkarrizketa egin ziezaion behin baino gehiagotan animatu banuen ere, ezkonduta zegoela eta, ez zuen gai horri buruz oroimenik azaleratu nahi izan Nilek.

Publicidad

Lauaxetarentzako 'Begiz ikusitako maitale urrundua' bihurtu zen Nile. Baina ezinezko maitasun horrek eman zuen fruitua. Gernikan Nile deituriko neskatxek Nileri zor diote izena. Mungiako Nileek, aldiz, Lauaxetari.

Nile Astelarra, Lauaxetaren izarra. Maitale urrundua.

Hegoak eta txoriak

Nork ez du ezagun 'Hegoak ebaki banizkion' JoxAnton Artzeren poema, Mikel Laboak musikatua eta hedatua, hain hedatua zeren askok eta askok pentsatzen dute Mikel Laboak idatzia dela testua. Izenburu ere aldatu diote eta orain 'Txoria txori' deitzen omen da. Gutxik dakite baina 'Isturitzetik Tolosan barru' liburuan agertu zuela Artzek poema, hain zuzen ere, 'santimamiñe' deituriko orrian, zeren niretako euskal postmodernitatean lehen zantzuen artean dagoen liburu horrek orrietan toki izenak jarri zituen zenbakien ordez, Euskal Herriko herri izenak zeramatzan aurkibidearen eta ibilbidearen zentzuak bilduz.

Publicidad

Lehenengo argazkian, Joxean Artze. Besteetan, Zumetak ilustratutako Mikel Laboaren bi diskoen azalak.

Gerora zabaldu da poetak testu eder hori jatetxe bateko paperezko ahozapi batean utzi zuela idatzita eta kantaria handik pasa zela eta ezustean aurkitu zuela. Horrela gertatu ez bazen ere merezi zuen, ondorengo famagatik baino ez bada, gertakaria aipatzen den bezala izatea.

Kontua da maitasun galdu baten historia dagoela poemaren azpian. Oso hasiera gogorra du testuak: «Hegoak ebaki banizkion», harremanean nire borondatea bete izan banu, bere gogoren aurka bazen ere, «nirea izango zen/ ez zuen alde egingo». Gogorkeriaren aipamena? Esan «bego», eta esango duzu «bedi».

Noticia Patrocinada

Poetak maite du txoria. Baina txoriak ez du maite poeta eta bere askatasunaren hegaldian joan badoa. Eta maskulinitate berrien ildotik, poetak bere egoera onartu eta txoria txori izaten utzi du, «nik txoria nuen maite» lerroarekin borobilduz poema.

Euskal Herria edo amodioa

Denetarik entzun dut. Txoria Euskal Herria dela, eta errepresioa (horretan batera egon gaitezke) hego ebakitzailea, ez dakit baina errepresioak onartu zukeen beste barik askatasunez joatea. Txoria euskara dela, eta garbi iradokitzen ez den norbaitek hegoak ebaki gabe libre utzi duela.

Publicidad

Gutxitan aditu dut maitasun galera baten ingurukoa dela poema. Artze maitemindurik zegoen eta neskatxa garaiko euskal poeta ezagun baten arreba zen eta da, bizirik baitago.

Aitorpena da Artze poetak idatzi diguna. Garaiko gizonen bidea jarraituz gero, (agian) neskatxa berea izango zen. Baina onartu du egoera eta ezinezko maitasuna da berea. Penaren onarpena.

Poeta sinbolistaren arreba den txoriak badu izena.

Behin baino gehiagotan eta behin baino gehiagori entzun diet Artze oso maite mindurik zegoela eta zenbaiten susmoa da Amaia Lasa litekeela maitale urrundua.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad