Gabriel Aresti eta Osane Zubiri. Moragues Zubiri familiaren dohaintza
Territorios

Berriro Aresti berri bat

Zubiri familiak esku artean utzi dit Gabriel Arestiren poema ezezagun bat

Sábado, 12 de octubre 2024

Azken urteotan Gabriel Arestiren jaiotzaren urteurrena heltzerakoan berria den zerbaitekin topo egitea suertatu zait. Orain urte bi, 2022an, Maria Victoria Gaubekari eta Sanchez Gaubekari senideari esker Gabriel Arestik 1953an idatzitako gaztelerazko soneto bi eman ziren plazara. Iaz, eta nahiz eta azkenean deserosoa gertatu, Gabriel Arestik berea izan zen liburu batean idatzitako esaldiak eman genituen irakurleen ezagutzara.

Publicidad

Aurton ere testuen eta historien arrantzale honen mesedetan etorri da Jon Bernat Zubiriren familia eta esku artean utzi dit Gabriel Arestiren euskarazko poema ezezagun eta argitaragabea.

Beraz hirugarren urtez jarraian, eta hutsik egin gabe, Gabriel Arestiren literaturaren eta poesiaren zipriztin txikia utz dezaket orri hauetan.

Guatemala eta Caracasen artean

Gabriel Arestiri buruz hitz egiten dugunean, konturatu gabe agian, baina uste izan dugu bere lana 1959an hasi zela, Maldan Behera lehiaketa batera bidali zuen urtean. Denok dakigu jakin, lehenago, 1954ko udagoienean, Guatemalako Euzko Gogoan eman zituela poema batzuk eta ondoren itzulpenak. Ez dakigu denok, baina, Gabriel Arestik, Joxe Azurmendik 1991ean gogoratu duen moduan, bere «Tintazko bataioa» deitzen zuela 1955an Caracaseko Eusko Gaztedi aldizkarian plazaratu zuen 'Quatrième mouvement presto' poema, zalantzarik gabe Euzko Gogoan agerturikoekin bat egiten duena.

Nola liteke 1955ean agertutakoa «bataiotzat» hartzea 1954an plazaratu baziren beste poema batzuk? Ziurrenik kakoa bidalketa data eta argitalpen daten arteko diferentzian datza. Behar bada, Caracasera bidali zuen lehenik poema eta ondoren besteak Guatemalara. Hauek, ordea, lehenago argitaratu zituzten. Eta lehena bidali zuena ez zuten lehenik argitaratu. Ondoren bidali zituenak agertu ziren plazara hiru hilabete lehenago.

Osane Zubiri, 1953an Urbiara egindako mendi txango batean. Gona eskoziarra daramana da. Moragues Zubiri familiaren dohaintza

Bizkaitarra III

Horien ostean, Bizkaitarra saila idatzi omen zuen poeta bilbotarrak. Zerbait ahaztu badugu Bilboko poetaren obran Bizkaitarra edo Bizkaitarrak ongi irakurtzea izan da. Hor daude, zoko ilun batean, irakurketa on baten zain. Zortzikoz eginda daude, horrela da, baina, alde batetik Gabriel Arestiren garai hartako autobiografiaren testigantza dira, eta, bestetik, berak esan zuen moduan, Lizardiren kariaz egindako poesiatik bertsolaritzara egindako hurbilketaren adibide zehatza.

Publicidad

Ez ditugu Bizkaitarrak, bizitza kronika bizi horiek, arretaz irakurri. Hor daude adiskideen soslaiak, adiskideen itzalak. Eta Bizkaitarra IIIan ageri da beste izpi biografiko baten aztarna. Poema sorta horrek historia luzea izan du eta ez beti argia. Atal batzuk ongi argitaratu ziren, artean Bizkaitarra III horrek argia ikusi baitzuen Egan aldizkarian 1959 urtean. Lehena eta bigarrena askoz ere beranduago eman ziren ezagutzera.

Poemaren lehen bertsoak emaztea izango zuen Meli Estebani, Basurtuko «Orienteko perlea/ Nobia neurea/ Biotzeko puskea… Piko melatua/ sagar eztitsua» deitu izanari eskainita daude, irakurle aditu batek dakien legez, Pedro Ignazio de Barrutiaren bertsoak jarraituz.

Publicidad

Poemak, baina, laster beste bide berezi eta ezustekoa hartu du, zeren bat-batean nobia den horri azaldu nahi dio zer gertatu zitzaion beste neskatxa batekin.

Honela diote bertsoek: «Kantadu gura deutsut / Amabi bertsotan / Euskotar neska batek / Zer egindu eustan / Ene biotza orduan / Erdibitu jatan / Ikasi neban ondo /Dolorea zer zan».

Eta ondoren Gabriel Arestik bere bizitzaren sasoiaren esperantzak eta sufrikarioak kontatzen dizkigu, guri eta bere emaztegai denari.

Emakume horrek: «Andratxu arek eukiten eban / Ulle bellegi lastoa / Eta begiak azul azulak / Zelan balira itsasoa». Horregatik guztiagatik poetak aitortu digu: «An ezagutu neban neskea/ Bai azartuko nintzake/ Orain esaten bildur barikan /Apur bat nebala maite».

Publicidad

«Osane Zubirirekin zuen adiskidantza horrek ez zuen aurrera egin diru maila desberdinekoak zirelako eta erlijio kontuetan desberdin jokatzen zutelako»

Anjel Zelaietak bere liburuan adierazi zuen gaztaroko maitasun horren berri: «Gabriel Aresti beste emakume batekin ibili zen Meli Esteban ezagutu aurretik. Emakume hau abertzale familiakoa zen, Arestirena baino aberatsagoa, Felipe Arrese Beitia poetaren senitartearen hurbil-hurbilekoa, eliztar zintzo-zintzoa».

Jakin bazekin nor zen baina ez zuen izenik eman.

Neskatxa hori Osane Zubiri Otazua (1937-2018) zen, horrela zuen deitura, 80 urtez zendua. Eta poetak dioen moduen eta mantendu bezala, diru maila desberdinekoak zirelako edo batzuk sinestunak eta poeta sinesgabea, erlijio kontuetatik, alegia, desberdin jokatzen zutelako adiskidantza horrek ez zuen aurrera egin.

Publicidad

Osane Zubiri, eskiekin eta kirol horretako makilekin. Moragues Zubiri familiaren dohaintza

Osane Zubiri Otazua

Gabriel Arestik «apur bat maite» zuen neskatxa Osane Zubiri deitzen zen, Bilboko Zubiri familia ezagunekoa. Aita zena, Jon Zubiri gudaria gerran galdu zuen, Santanderren, oraindik ama sei hilabeteko haurdun zela, eta oso egora ekonomiko txarrean jaio zen, zeren frankistek familiako ondasunak konfiskatu baitzizkioten.

Angel Zelaietak bere poetaren biografia miresgarrian aipatu digunez: «Aita zein ama partetik euskal burgesiako alaba da, Gabriel Aresti baino lau edo bost urte gazteagoa, San Nikolas ondoko Viuda de Epalzan, senitarteko ziren bi familiek 150 metro karratuko pisu bana, elkar komunikatuan bizi dena —pisu batak Esperantza kalera begiratzen zuen; besteak, Viuda de Epalzara—, joko-geladuna, ama beronen sei hilabeteko zela, aita, Euzko Gudarosteko karguduna, gerratean galdu duena».

Noticia Patrocinada

Urriaren bosta (edo laua)

Kontua da irakurtzen ari garen poeman Arestik urriaren 5ean zerbait berezi gertatu zela bion artean aitortu digu, Urbiara egindako mendi txango batean: «Denpora eder bategaz / Udagoienean / Urbira gindoiazan/ Urriko bostean/ Kotxea jente alaiaz / Beterik egoan». Eta aitortzen dio bere Meliri: «An ezagutu neban neskea». Hau da egun horretan eta bidaia horretan.

Osane Zubiriren argazki artxiboa ikusteko beta izan dugu bere alabei esker eta 1953ko urriaren 4an Urbiara egindako bidaiaren argazkiak ikusteko modua. Eta han Arestik aipaturiko jende aldra ederra ageri da eta neskatxak, hamasei urteko neskatxak, argazkiak atera ditu eta gorde ohi duen bertso arinez lagundurik: «Empezamos el curso/ con una excursión,/ en el monte Aitzgorri/ gran concentración»

Publicidad

Esango nuke Osane dabilela zuzen kontu horretan. Urte horretako urriaren 4a igandea izan zen, eta 5a astelehena. Txango bat egiteko astelehena ez dirudi egun aproposa. Osanek aipatzen du Aizkorrira joan zirela eta gero Urbiara.

Osanek bere argazki bilduman garbi jarri zigun 1953an gertatu zela bidaia hori, eta egun horretatik askorik pasatu gabe jarri zituela argazkiak bere bilduman. Arestik, bere aldetik, aipatu digu lau urte igaro direla gertakizuna izan zuenetik: «Andikan ona pasadu diraz / Zoritxarreko lau urte / Tristura andia emon deustenak /Eta alegrantza bapere». Lau urte pasatu dira, beraz 1957an idazten ditu bertsook, hain zuzen ere Meli ezagutu zuen urtean. Hala diosku Angel Zelaietak: «1957ko maiatzaren lehenean, Gabriel Arestik 'Melitxu Basurtuko, aitaren etxearen habea' emakumearekin topo egiten du, Rekalde Zumardiko Club Deportivoko frontoian eginiko dantzaldian, eta maitemintzen da».

Publicidad

Gabriel Arestik 'Errota gorri' deituriko poema bidali ziola Osane Zubiriri 1955eko Gabonetan, poetaren argazki batekin batera

'Errota gorria' poema

Gorderik izan da orain arte, baina, Gabriel Arestik 'Errota gorri' deituriko poema bidali ziola Osane Zubiriri 1955eko Gabonetan, poetaren argazki batekin batera.

'Errota gorria' poeman poetak bere maitasuna azaldu dio Osane Zubiriri. Honela du hasiera poemak: «Nire laguna, / errota gorrian, / eiozu astiro / nire maitasuna». Opari gisa eman dion argazkian jarritako eskaintzan ere, poetak maitasuna eskatzen dio.

Osane Zubirik aipatu du 18 urterekin amaitu zuela poetarekin zuen harremana. Hain zuzen ere 1956a aurrera zihoala. Dena dela, poema jaso eta ez denbora luzera. Hala eta guztiz ere, ez zuen apurtu eta galdu. Gorde egin zituen poema eta argazkia eta orain agertu dira Arestizale guztion pozerako.

Publicidad

Historia horrek epilogoa izan zuen. Bukatu zutenean, Gabriel Arestik idazteko makinaz jota, letra baten kanta bidali zion Osaneri: «Es preferible olvidar que sufrir». Bolero baten letra.

'Errota gorria' Jon Bernat Zubirik eta biok laster argitaratuko dugu Venezian. Zer hobe, maitasun kontu bat hiri erromantiko batean ematea baino!!!

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad