Borrar
Fotolia
Aldiberekotasunak 2022ko euskal poesian

Aldiberekotasunak 2022ko euskal poesian

Geroago eta garbiago daukat euskal edizioaren eremuan, urtea, aro bitan partitua eta berezia ageri dela

Sábado, 18 de febrero 2023, 00:23

2022ko urtean euskal poesiaren alorrean bideak zeharkatu egin dira. Inork ez daki nola eta zergatik, baina ispilu joko eta ezusteko ederrak izan dira iazko poesiaren bidean. Kointzidentziak beti dira ezustekoak, eta hainbat ezuste izan ditugu gure historia txikiaren mundu honetan.

Askotan gertatu ohi den gisa, gure edizio mundua bitan banatu da. Uda aurreko egunetaraino luzatzen dugun urte hasieraren aroa eta Durangorako argitaratu direnen liburuen sasoia. Kontua da lehen aro horretan era bateko poesia liburuak agertu zirela iaz, eta beste era batekoak Durangorako.

Emakumeak eta hasiberriak

Hasi gaitezen historiarekin. Eta honek dio urtearen hasieran lau emakumeren poesia liburuak argitaratu zirela, eta beste bat gehiago Durangoko mendiek kulturari arnasa ematen diotenean. Bost guztira, bostak emakumeak, eta bostak 1990etik aurrera jaiotakoak.

Egin dezagun zerrenda: Lizar Begoña (1996) 'Gepardo japoniarrak' (Susa), Elena Olave (1997) 'Keinura itzuli' (Susa), Izaskun Igoa Jaimerena (1995) 'Hotza bazkatzen' (Balea Zuria), Iosune de Goñi (1993), 'Gorputz baten aztarnak elurretan' (Bermingham). Eta Durangoko Azokarako, berriz, Bea Chiviteren (1991) 'Zeozer gaizki doa' (Pamiela). Azken hori dugu beteranoena, eta, oker ez banago, hauxe du bosgarren liburua. Zerrendako lehen bi idazleek beren bigarren liburua argitaratu dute orain, eta Igoak eta de Goñik lehena.

Berriak gure letren mundutxoan. Bitxia da, baina 2020aren inguruan euskal poesia mundua idazle gazteen faltan zegoen. Baina badirudi epe laburrean poeta berrien agerpena azkartzen ari dela gurean.

Gizonezkoak eta eskarmentatuak

Jarrai dezagun historiarekin. Udagoiena heldu zenean, eta Gaztelu poetari gertatu zitzaion moduan, «baratz-ikuspegia suntsitzen eta, onen orde, [...] ontzi baten irudia» agertu zitzaion euskal poesiari. Urtearen bigarren partean, gizonezkoak eta beteranoak agertu zitzaizkigun poesian. Egin dezagun zerrenda: Jose Luis Otamendi (1959) 'Landura', Felipe Juaristi (1957) 'Harrizko gaitz hau' (Balea Zuria), Harkaitz Cano (1975) 'Pozaren erdia' (Susa), Angel Erro (1978) 'Poema liburu bat -irakurtzeko jarraibideak' (Erein).

Gainera bada beste aldiberekotasun bat hauen artean. Zortzi urte dira Felipe Juaristik bere azken poesia liburua argitaratu zuela ('Piztutako etxea', 2014), zortzi utzi ditu Harkaitz Canok bere azken emaitzatik igarotzen ('Malgu da gaua', 2014). Eta, hélas!, hamazazpi 'besterik ez' Angel Errok azken argitalpenetik ('Gorputzeko humoreak', 2005).

Argitalpenen aro biak

Gaurkoan ez da gure eginkizuna liburu bakoitzaren balioa aztertzea eta agerian uztea. Irakurketa soziologikoa egin nahi nuke ohar pare bat adieraziz. Geroago eta garbiago daukat euskal edizioaren eremuan urtea, gure aspaldiko Axularren 'Gero' bezala, aro «bitan partitua eta berezia» ageri dela. Lehen aroa, otsailetik uztaila bitartekoa: idazle berrien eta zailtasunen garaia dugu. Bigarrena, Durangori begira hasten dena askoz ere beteago ageri da. Ordurako uzten dira izen nagusiak.

Arriskuen aroa eta arrakastaren garaia. 2022an argitaratu den poesiak horren adibide ederra eta garbia eman du. Agian horrek guztiak argi uzten du gunearen eta periferiaren agerpenaren irudia. Lehen arokoak emakume gazteak dira, bigarrenekoak gizonezkoak. Haiek periferian, hauek erdigunean.

Baina ezusteak, aldiberekotasunak eta bat etortzeak, aurton poesian gertatu den moduan, lege iraunkorraren agerpidea besterik ez dira. Idazle gazte hasiberriak eta idazle ezagunak ispiluaren aurrean gure argitalpen urtearen garai bietan bananduta.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Aldiberekotasunak 2022ko euskal poesian