Politikan herenegun dei daitekeen ezin gertuagoko sasoian PSOEren etorkizunak iluna ematen zuen. Barne-gatazkek guztiz zatitu zuten alderdia oraingo presidentea bere kideek idazkaritza nagusitik kanporatu zutenean. Ondorengo primarioek eta garaipenak nolabaiteko karismaz jantzi zuten Sánchez, baina tarte laburrerako. PPk, Kongresuko bere gutxiengoa gora-behera, sendo ... ematen zuen Gobernuan, bere jarduna Ciudadanos gizentzen ari zen arren. Alternatibak erabakitzen dituzten sektore sozialek ez zuten PSOE aintzat hartzen, agian Zapateroren azken hatsa eta sozialisten geroztiko hutsaltasuna ezin ahaztuta. Sánchezek irudi ona eman du beti, bai; baina aurrekoen zamari berrikuntza eta sakontasun eza gehitu dizkio hasieratik. Barruko botere faktikoek eraman zuten idazkaritza nagusira 2014ko uztailaren 26an, eta horiek kendu zuten bi urte beranduagoko urriaren 1eko iluntze nahasian. Epe horretan, eta gerokoan, aldakor agertu da gehiegitan, heterodoxia ideologikoa barik ideien sendotasun eskasa erakutsita; eta iraute hutsean ematen zuen Gürtel auziko lehen zatiaren epaiak zentsura mozioaren beharraz konbentzitu zuenean.
Diputatu ere izan barik ekin zion, PPren Gobernua ahalbidetzeko abstentzio sonatuarekin bat egin behar ez izateko Kongresuan jarraitzeari uko egin eta gero. Eta mirari politikoa zirudiena lortu zuen: Ciudadanos izan ezik gainerako alderdi erabakigarri guztiak zentsura mozioarekin lerroka zitezela. Egun batetik bestera presidente karguaren zina egiterainoko bultzada hartu zuen, gehiengo berriaren multzoa hain anitza izanik noiz artekoa den inork jakin ez arren. Eta hortxe jarraitzen du, irudia muturreraino zainduta, hainbat keinu eginda, norabide aldaketaren batzuk iragarrita eta legealdia azkeneraino betetzeko asmoari halamoduz eutsita.
Ildo aldaketaz gaindi politikoki bi hilabeteotako ekarpena oparoegia ez den arren, aurreikuspen demoskopikoak bai badira gero eta borobilagoak Sánchezentzat. Bazterbidean egotetik nagusi agertzerainokoa da aldaketa. CISen azken inkestak aurreko beste zenbaitek adierazitakoa berretsi du egunotan. Horren arabera, eta dioena askotan bete ez dela azpimarratuta, PSOE %30era heltzeko hamarren bakarraren faltan legoke. PPk —%24tik jaitsita— eta Ciudadanosek %20,4na lortuko lukete; eta Podemosek, %15,6. Uztaileko barometro horretan Pablo Casadoren aukeraketaren eragina falta da, horrelakorik balego.
Kongresuan nolabaiteko blokeoa jasatekotan, Sánchezek egokien irizten dionean hauteskundeak aurreratzeko tentazioa izan dezake emaitzotan oinarrituta. Oro har bat datoz gainerako inkestenekin; eta guztiotan beste ezer bainoago oraingoz joera soilak islatzen diren arren, horiek sendotuz gero zentsura mozioa babestu zutenenekiko dialektikan eta negoziazio-praxian bere onerako balia ditzake presidenteak. Asmo oneko Gobernu setiatuaren irudia oso indartsua da hainbat bozemaileri begira, eta kontu handiz ekin beharko diote bere hainbat solaskidek noraino estutzen duten erabakitzerakoan.
Batik bat Podemos da egoera berriak gehien kaltetu dezakeena. Ez bakarrik Casado-Rivera bikotearen balizko arriskuaren aurrean ezker inguruko boto baliagarria berez Sánchezen aldera joan daitekeelako. Bere alderdiko aniztasuna kudeatzeko Pablo Iglesiasen moduek —nolabaiteko kaudillismoak— ez diote on egin indarrak batu eta metatzeko zirkuluen sorreraz eta egituraketaz geroztiko ahaleginari, eta pattal antzean dihardu Podemosek. Gero eta gehiago ematen du beste norbaiten eranskin, alternatibaren buru baino. Zentsura mozioa derrigorrez onartu behar izan eta Gobernuan sartzeko deiak ezezkoa jaso ostean, horren jardunean ahalik eta gehien eragitea da moreen xedea. Baina euren batuketa nahikoa ez denez, Katalunia eta Euskadiko eragile abertzale nagusien beharrean daudenez, euren protagonismoa dezente lausotu da bi hilabeteotan. Gobernuan dagoenak banatzen du jokoa honelakoetan, lorpenak bere eginez eta ezintasunak zein gabeziak besteen gain jaurtiaz.
Oposizio liberal-kontserbatzaileko bikoteak ere mesede egin diezaioke Sánchezi, muturreko agertuta. Rajoyren ahultasunek elikatzen zuten Rivera, haren ordezko gazte, itxuroso eta moderno gisa agertuta. Bere estrategian garrantzitsuena ez da zutabe ekonomiko edo soziala izan, nazionala baino. Ustelkeria kasuak baliatu ditu, jakina, baina batik bat nazionalismo espainiarra astindu du PP presionatu eta bazterrera eramateko. Tentsioak muturreko jarrerak gizentzen ditu beti eta, orain, Kataluniako auzian elkarrizketak aukeraren bat duen neurrian baliteke hori beste modu batean bideratzea. Aldaketa hori bururaino eramatea bi aldeen esku dago, bateko eta besteko prakmatikoenek elkar gerturatzeko duten gaitasunaren menpe. Baina auzia desaktibatzen hasteak PP eta batez ere Ciudadanos kaltetuko ditu, eta azken hau horren beldur da nabarmen.
Agertoki horretan, Pablo Casadok PPko presidente modura egindako lehen urratsek Sánchez poztu behar izan dute. Zentrotik urrun samarreko lehenaren adierazpenak bateraezin direlako gehiengo sozial zabalak norbere inguruan biltzearekin. Dituen arazo akademikoak gainditzen baditu, buruzagi popularrak hain hiperaktibo agertzeari utzi eta bere proposamenak askoz gehiago lantzeari ekin beharko dio goizago ala beranduago. Eskumako populismoak, orain arte behintzat, muga handiak izan dituelako nagusi izateko; eta ezkerraren mobilizazioa eragin duelako beti. Casadoren errezetak aski ezagunak dira jada, Espainian zein Europa osoan. Eta ez onerako. Arazo konplexu eta sakonak titular batekin konpontzeko asmoak arriskutsuak dira. Eta horretan dabil hasieratik Palenciakoa, demagogia zorrozten.
Sánchezen etorkizun politikoa bere eta aurkari dituenen mugimenduek erabakiko dute, baina ez dago politikan aditu fina izan beharrik inoizko egoerarik gozoenean dagoela jakiteko. Inkestetako joerek hori berresten dute, ekimen politikoaren jabe izatearen garrantzia. Aurrean dituen hiru eragile nagusien gabeziek iragankorra iraunkor bihur dezateke; joera soilak, sakoneko adierazle. Gobernuak irudiaz oso gaindiko estrategia eta programa zehatza beharko ditu horretarako, zein oinarritik ekin nahi dion argituta. Irailaz geroztik ikusiko da espektatibetan itotzen den ala neurria ematen duen.