Badira liburuak kanonetik at geratzen direnak, baina, jakin-mina sortzen dutelako irakurleen irudimenean edo datu berezi eta gutxi ezagunez beteta datorrelako, estimatuak direnak eta estimazio handitan gordetzen ditugunak. Haurtzaroko hainbat liburu ditut gogoan (etxe aldaketa anitzek utzi zituzten bazterretan), non agertzen ziren gauza jakingarriak eta bereziak, bitxikeriaz beteak, jakinaren gosez begiak erreta izaten genituen garaietan.

Publicidad

Xalbador bertsolariak kantatu zuen: «Gizonaren bizia zonbaitek zer estimutan daukaten!». Bada horrelaxe nituen nik liburu haiek, ez nuke esango bizitza beste, baina ia-ia…

Haurtzaroko liburu horiek bururatu zaizkit Xabier Monasteriok paratu duen 'Iparreko eleak. Ipar Euskal Herriko testu laginak' liburua eskura etorri zaidanean. Esan genezake Xabier Monasteriorena pertsona bakarreko sozietatea dela. Berak aukeratzen ditu testuak, berak josi, apailatu, inprentara eraman eta, ahal denean, saldu. Eta pozgarria da ikustea liburuak bigarren argitalpena ezagutu duela oso denbora gutxiren buruan. Ez dakit irakurri, baina saldu behintzat egin du egileak.

Hiru ezaugarri ditu argitalpenak, eta zein baino zein argiago eta argigarriagoa. Lehena, Pouvreauk adieraziko luken gisa, «anbizionerik eta banaloriarik finena» erabili du Xabier Monasteriok: hutsetik hurrena egia esan, ia batere ez. Esan dugu, ez da liburu kanonikoa. Eta horretako asmorik ere ez du: apala dena apaltasunez erakusten du, dela kazeta zutabea, dela bertsoa edo ipuina, animaliei buruzko agerpena edo almanakak. Denetarik bildu du, bakoitzari berea emanik: «Haietako [idazle klasikoetako] zenbaiten idazlanen bidez ahalik eta testu mota gehien erakustea» izan du helburu nagusi.

Uste dut aspaldi ari zela Inazio Mujika Iraola esan eta esan, gure klasikoen lan aszetiko eta erlijiosoen artean bazirela bitxi narratibo esanguratsuak eta deigarriak, eta haiek behar zirela aipatu, babestu eta zaindu. Agertu zituen batzuk antologia berezietan. Juan Ignazio Iztuetarena, 'Ez direlako aketsak'; Juan Bautista Aguirrerena, 'Arpoi baten eran'; eta Iuan de Tartasena, 'Sugearen errautsa' liburuetan. Eta neure baitarako dut, eta hauxe da 'Iparraldeko eleak' liburuaren bigarren ezaugarria, Xabier Monasteriok haren gisa jokatu duela, lehorrean zen argia, gogorrean zen leuna, eta hitzen uholdean zen ederra gurera ekarriaz, eta dastatzera emanez. «Testu laginak dira beti, eta testu printzak askotan, irakurleari aho zapore gozoa utzi nahi lioketenak. Nolabait esan idazlearen bisita txartelak dira, harengana nola heldu jakin dezagun» diosku argitaratzaileak bere bidea nondik nora doan erakutsiz.

Baina hirugarren ezaugarria da baliosena. Ugaritasun horretan benetako harribitxiak aurkituko ditu irakurleak. Harrituta eta txundituta irakurri ditut emakume bertsolarien kapitulua eta Le Dauphin itsasontzian aurkituriko gutun bilduma, eta haurrei eskoletan erakutsitakoa, zeren Xabier Monasteriok mantendu du testuei buruzko begirada bikoitza, estrabikoa akaso. Izen handiak (Axular, Oihenart, Elizanburu, Etxepare mirikua) hor dira, baina apalategian aurki ditzakegu era berean herri xehearen eria eta poza, jaia eta lantua. Eta horretan oso garbiak dira egileak jarri dituen ohar historikoak.

Publicidad

Esku artean dudan Japoniako literaturari buruzko liburu batek dio japoniarrek nahiago dutela, mendebaldekoek ez bezala, hara eta hona dabilen pentsakizuna. Lerro zuzenaren ordez, maiteago dute puntu batetik bestera doan pentsakizun hegalaria, eta joan etorrian sortzen dute bere gogapenaren zorua. Uste dut Xabier Monasterioren liburuak pentsakizun mota hori erabili duela; puntuz puntu joan eta Iparraldeari buruz ideia osoa (eta askotan berria) sortzen eta ikusten behartu gaitu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad