Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8, el Txorierri y la Avanzada, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Joan Margarit, elkarrizketa batean. Afp
Joan Margarit gogoan

Joan Margarit gogoan

Adiskidearen poza sentitu dut maiz Joan Margariten poesia irakurriz

Lunes, 19 de abril 2021

Aurtengo otsailaren 16an zendu zen Joan Margarit arkitektoa, baina, guztiaren gainetik, poeta.

Joan Margarit hurbiletik ezagutzeko beta izan nuen. Galiziako Carlos Casares Fundazioak batera gonbidatu gintuen Pazo do Mariñan egoitzara Literaturaren inguruan egiten ziren elkarrizketetara. 2008ko ekaina zen. Eta gogoan dut nola aspertu zen gure poeta. Nigana jo zuen elkarrizketa, txantxa eta irriaren bila. Gehiegikeriaz esaten zidan: «Bizitza salbatu didazu» Verineseko elkarrizketa famatuen antzera eratu ziren topaketa haietan.

Bizitzak baina, niri behintzat, beste ezusteko bat gorde zidan. Urte bereko irailean batera eman zigun Galiziako PEN Clubek Rosalía de Castro Saria. Biok jaso genuen aipamena Compostelako Santiagoko Unibertsitateko Fonseca eraikinean: Mia Couto eta Alvaro Mutis izan ziren beste sarituak.

Berriz ere izan nuen Joan Margariten gizatasun eta onberatasunaren berri. Umorea nonahi zuen, eta era berean giza izaerari buruzko zentzu sakona. Kontua da kasu honetan nire mitomaniak (zer egiten nuen nik literaturako erraldoi haien erdian?) irabazi egin zuela, eta etxean nituen Joan Margariten liburu guztiak bildu eta eskaintza idazteko eskatu nion. Harriduraz ikusi zuen 'Cants d'Hekatònomin de Tifundis' 1982ko liburua nuela, bere historiaurreko poema liburua, 1981ean Miquel de Palol Saria jaso zuena. Hori eta gorde dudan 'Edat roja' liburuak katalanez soilik argitaratu ziren. Gerora, Joan Margaritek berebiziko erabakia hartu zuen eta bere liburuak katalanez eta gaztelaniaz atera zituen plazara, hizkuntza bietan idatziz eta ez soilik itzulpena eginez.

Eskaintza horiek bata bestearen ondoan jartzen baditut, gure hango eta hemengo, beti urruneko, inoiz ez hotz, adiskidetasunaren berri eman dute.

Hasieran liburuen gaia dute aipamen nagusi. 'Cants d'Hekatònomin' horretarako, emazteari eta bioi hauxe idatzi zigun: «Esta fosa de versos de mi particular guerra civil». Baina pixkanaka sentimendua nagusitzen joan zen. 'Edat roja' libururako: «Este rojo nada político, solo sentimental, como mi afecto por vosotros». Estimuak Joan Margariten sentiberatasunaren berri ematen zuen.

Geroago eta beroagoa zen estimu hori. Eta Bilbora, Begoña Moranek eratzen duen Bilbao Poesia jaialdira etorri zenean, 2012an, hauxe oparitu zigun: «Esta 'Casa de Misericordia' es para Miren y para Jon para que se sientan acompañados por el cariño de vuestro poeta catalán». Bilbon 2018an izan zen azkeneko aldiz, eta poesia irakurraldi horretan bera aurkezteko ohorea izan nuen. Orduan ere bere bihozberaren berri eman zigun bere esaldi maitekorrez: «Para ti, Jon, por la alegría de nuestra amistad que continúa incólume. Con otro de mis mejores abrazos».

Adiskidearen poza sentitu dut maiz Joan Margariten poesia irakurriz. Eta euskaraz irakurtzeko beta izan dut Juan Ramon Makusok eman baitzuen gure hizkuntzan 'Miserikordia etxea': «Poesia han hasi zen,/ nekez, itxaropen faltsurik gabe». Egun horretan ez genekien, baina elkar ikusi genuen azken eguna izan zen.

Egunotaz eta bere lana omenduz bere haurtzaroko eta gaztaroko autobiografia izan dut esku artean. 'Para tener casa hay que ganar una guerra' jarri zion izenburutzat. Eta bide horretan hunkitu naute poesiaz emandako hitzak. Eta liburu horretan irakurri dut nola lotu zuen poesia arkitekturarekin, eta nola materia sotila bihurtu zuen giza pentsakizunaren zutabe. Joan Margariten poesian beti dago giro gogor bat, bizitzaren krudeltasuna, baina era berean, poetak badaki poesiak aterpea ematen duela ez den, ez dagoen izakiaren eta minaren aurrean. Giro gotorraren aurrean itzalpe xumea eman ohi du Joan Margariten poesiak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Joan Margarit gogoan