Borrar
Puigdemontek bidalitako mezuak.
Jarraituko du

Jarraituko du

Kataluniako Prozesuak bizirik dirauen ala ez eztabaidatzen ari dira egunotan eragile politikoak, Puigdemont-en inbestidura saiorako lehen saiakera bertan behera geratu eta gero. Baina hango auzi politikoa hain sakona izanik, alde batekoen zein bestekoen izen-abizenen gainetik dago

Lunes, 5 de febrero 2018, 00:11

Carles Puigdemont-ek Toni Comín bere sailburuari igorritako telefono bidezko mezuetan dago laburbilduta Kataluniako egungo egoera politikoa. Telecincok ezagutzera emandako horietan, ezin nabarmenagoak dira lehenaren nekea eta etsipena. Batik bat bloke subiranistaren zatiketa gero eta agerikoagoa delako, eta Puigdemont beraren etorkizunak eragiten duelako neurri handi batean. Azken helburuei buruz bat etorri arren, ataka estrategiko honetan PDeCAT eta ERCren ildoak, eta interesak, urruntzen ari dira. Eta, bitxia bada ere, bigarrenak agertzen dira pragmatikoen, Espainiako legediaz kanpokoei uko egitearen aldekoen. Historikoki independentziaren eta Errepublikaren alde bultzaka jardun dutenek, CiU izandakoa horretara erakartzen behin eta berriz ahalegindutakoek, geraldi antzekoa proposatzen dute orain, Kataluniako erakunde propioak berreskuratu ostean bide-orri posibilistaren bat zehazteko.

Bitartean, independentziaren aurkakoak zatiketa hori handiesten ari dira euren esku dituzten bide eta bozgorailu guztietatik, Prozesuaren kolapsoaren eta, areago, amaieraren adierazletzat joz. Baina, politikan gehienetan jazotzen den lez, bide-erdian legoke egungoaren azalpen benetakoena. Ukaezina delako independentziaren aldeko alderdien artean konfiantzazko krisia dagoela, Parlament-ak Errepublika alperrik aldarrikatu zuenetik jazotakoen ondoren handitu besterik egin ez dena. Puigdemont Bruselan ihes eginda eta Junqueras kartzelan egoteak errealitatearen pertzepzio ezberdina ematen die horien jarraitzaileei. Eta ez bakarrik horrek. Abenduaren 21eko hauteskundeei begirako kanpaina abiatu aurretik, JuntsxCat-en diputatu kopurua halako bi ematen zioten inkestek Esquerrari, luzaroan amestutako 'sorpasso'rako aukera paregabe eta itxuraz saihetsezina. Baina erbesteko presidentearen inguruko epikak miraria gauzatu zuen, bere zerrenda aurretik jartzeraino. Horrek, jakina, izan du eraginik ondorengo jokabideetan, bestea estuago lotu eta horrekiko profil propioz bereiztekoetan.

Hala, Prozesua bere momenturik zailenean dago: izan dituen ezaugarriekin, amaituta ere, ziurrenik. Aldebakartasunak ez du gehiagorako ematen. Eta azken txanpan hainbat sinergia higatu dira, zenbait baliabide sinboliko eta praktiko alperrik galduta. Ez duelako zentzurik urriaren 1eko kontsultaren ostean hauteskunde autonomikoak aurreratu ez, 155. artikulua indarrean jarri ostean aukera hori Rajoyren esku utzi eta horren aurrean men egiteak. Edo-ta, berori egituratu eta gauzatzeko babes nahikorik gabe, Errepublika aldarrikatzeak. Besteak beste, horrelako prozesu politiko bat helmugaraino eramatea adierazten duen urrats horri balioa kentzen zaiolako, huts egindako hain aldarrikapen garrantzitsuek bultzatzaileen sinesgarritasunari kalte egiten diotelako. Tartean munduaren aurrean norbera lotsagarri utzita, inolako aitortzarik lortzeko aukerarik gabe.

Defendatu dutenen ikuspuntutik ere, Prozesuari buruzko autokritika zorrotza ezinbestekoa izango da goizago ala beranduago. Batez ere, azken hilabeteotakoen inguruan. Aurrera begirakoa sendoagoa izan dadin badute zer birpentsatu, zertan eragin dinamika sozialetan, zein aliantza berri osatu. Orain artekoak ez duelako nahi omen zuena lortu, eta ez duelako epe labur-ertainean lortuko. Omen hori ezinbestean baliatu behar da honakoan, zenbait buruzagi independentistak urri-azaroko euren urratsen helburua Espainiako Gobernua negoziazio mahaira eramatea besterik ez zela adierazi eta gero.

Baina independentisten egoera kritikoa izateak ez du esan nahi Katalunian konpondu beharreko arazo politiko sakonik ez dagoenik. %80tik gorako parte-hartzearekin, egitasmo errepublikarraren aldekoek gehiengo osoa lortu dute duela hilabete eta erdi, eta ez dago hori aintzat hartzea bazter dezakeen estrategiarik. Esparru politiko-judizial-polizialaren nahasketa ez dator bat Estatu demokratiko bati dagokionarekin, eta antzua da muinekoari dagokionean. Kataluniarren gehiengo oso zabal baten ezinegona agerikoa delako, eta erabaki eskubidea praktikan jarri nahi dutelako. Rajoy alperrik dabil ezer ez eginda arazoa berez konponduko dela uste badu, nazio izaerako erkidegoen eskaerei muzin egitea nahikoa dela baderitzo.

Ona litzateke Katalunian aro berri bat abiatzea, elkarrizketarena, zeharkakotasunarena, zubiak berregitekoa. Gehiengo nahiko eta zabalik ezean ez dagoelako beste biderik. Ez batzuek ez besteek ezin dutelako eurena soilik aintzatetsi. Alde horretatik, etapa berri horretarako litekeena da Puigdemont erreta egotea, aukera izan zuenean bere erabakiak ondo neurtzen jakin ez eta ondorioz kiskali izana. Baina lehen mailako eragile izaten jarraitzen du, azken hauteskundeek erakutsi duten lez: ezin da gainetik kendu beharreko oztopo soil gisa besterik gabe bazterrean utzi. Ez batek edo besteak hala dioelako, kataluniarrek horrela erabaki dutelako baizik. JuntsxCat-ek eta subiranismoak orohar —ERCk ere— badutelako zor bat berarekin, politikoa eta elektorala, giza mailakoaz gain.

Orain Waterloon hartu ei du aterpe, sinbolismo historikoz betetako udalerrian. Askok bere gainbehera politikoaren epilogoa ikusi nahi dute horretan, baina ezin okerrago dabiltza subiranismoaren amaieraren ikur legez hartu dutenak. Horrek bizirik dirauelako, eta Kataluniako mugimendu sozial eta politiko egituratu eta indartsuena izaten jarraitzen duelako. Arazo politikoa Prozesuaren nondik norakoez haratagokoa delako, eta era batera edo bestera hor iraungo duelako, aukera berrien edo negoziazio eskaintzen zain. Kataluniako auzia oso errotutakoa delako, iraganeko hainbat hankasartze eta gabeziaren ondorio, eta berori bideratzeak konpromiso historikoak eskatuko dituelako. Puigdemont, Junqueras edo gainerako edozeinen egoera arazoaren larritasunaren isla delako, ez ezeren amaieraren edo ezein konponbideren seinale.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Jarraituko du