Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Zutabe honetan behin baino gehiagotan esan dudan bezala, kickboxing-a da nire pasioa, ukabilkadak eta ostikoak uztartzen dituen kontaktu-kirola. Hala ere, garai batean, egoera pertsonalengatik, boxeoan arreta gehiago jartzea erabaki nuen. Egia esan, kirol hori beti gustatu izan zait bere karismagatik, izan diren mito handiengatik eta, zergatik ez esan, horren inguruko filmek duten erakargarritasunagatik: 'Rocky', 'Toro salvaje', 'Cinderella Man', 'The fighter'...
Horrela, kolpeak nagusi diren gimnasioak bisitatzen ditut bidaiatzen dudan bakoitzean, eta hor egongo dira betirako nire memorian New Yorkeko Gleason 's Gym-a, Habanako Kid Chocolate-a, Bartzelonako Sparta Fight Team-a edota Thailandiako Koh Samui uharteko Wech Pinyo Muay Thai gimnasioa, besteak beste.
Bada, aipatutako gimnasioen zerrenda luze horretan beti egongo da Deustuko Mampo Gym-a ere. Txutxi del Valle buru zuela, Bilboko itsasadarraren parean dagoen industria-pabiloi handi bateko hirugarren solairuan nahiko ezkutatuta zegoen, eta han, borroka-kartelen pareta oso bat pasa eta gero, karrera amateur luzeen ondoren esparru profesionalean nabarmentzen ari ziren tokiko figurek entrenatzen zuten: Jonferrek, Andoni Gagok... eta, nola ez, Kerman Lejarragak, gaurko zutabe honen protagonista den Morgako 'Errebolberra'k.
Euskal panoramak azken hamarkadetan eskaini digun boxeolari karismatikoenari buruz hitz egiteko unea heldu zaigu gaur datorkigun zutabean, bai. Izan ere, Lejarraga 12.000 laguneko pabilioiak betetzera iritsi zen bere borrokatzeko modu erakargarriari esker, eta Espainiako boxeoaren zale sutsu guztiak denbora batez egon ziren berari begira. Nola gustatzen zitzaigun borroketan bere aurkarien aurrean kulunkatzen ikustea haien bila irten aurretik!
Deustuko bere tenpluan mota guztietako sparringekin kolpeka entrenatzen zen gudari bizkaitarrak beti izan zuen ezker-zuzen gogor bat, eskuinekoa zirudiena. Hori bere upper indartsuei eta bere gibeleko kolpe gogorrei buruz hitz egin gabe... Ez zirudien round-ak berarentzat pasatzen zirenik zakuz betetako gimnasio hartan, non salto egiteko sokak izkina batean korapilatuta zeuden eta Mike Tysonen grafiti bat ring-ari begira zegoen.
Bere ibilbideari buruz, dagoeneko ez dakizuen ezer gutxi esan dezakegu. Bi unerik onenak, ziurrenik, welter pisuko Europako bi tituluak dira, lehenik eta behin Bradley Skeete britainiarraren aurka lortutakoa (2018ko apirilaren 28an bigarren roundean KO tekniko bidez irabazi zuen bizkaitarrak, jendez gainezka zegoen Bilbao Arenan); eta, urte bereko azaroaren 17an, BECen titulu horren defentsan Frankie Gavinen aurrean (horretan KOz irabazi zuen laugarren roundean).
Hala eta guztiz ere, denok gogoratuko dugu urtebete lehenago José del Ríorekin izandako borroka, titulu nazionala jokoan zegoela; bere etapa profesionalean apur bat gaizki pasatzen ikusi genuen lehen aldia, Azael Cosio panamarraren kontra; urte horretan bertan AEBetan debuta egin zuenenean José Antonio Abreuren aurka; Koba Karkashadzerekin egindako lan bikaina, Bilbao Exhibition Centren (2016), eta nola ez, Javier García Roche 'Rey chatarrero'ren kontra egindako borroka morbosoa (2015). Garai hartan, bere aurkarietako batek ere ez zuen lortu porrotik gabeko errekorra berari kentzea.
Errusiarra iritsi zen arte. Ordura arte marka ikusgarria zuen (27 garaipen eta 0 porrot '22 KO'), baina David Avanesyanen aurkako bi borrokek inflexio-puntu bat ezarri zuten bere ibilbidean. Eta kirol hau zein bidegabea den ikusita, Morgakoak ez zuen inoiz iraganeko ospea berreskuratu, nahiz eta ondorengo borrokak irabazi eta errusiarrak top mailan dagoela erakutsi. Izan ere, Avanesyanek bost aldiz defendatu zuen Europako txapeldun titulua arrakasta osoz, eta libre utzi zuen gerriko hori Terence Crawford WBOko munduko txapeldun eztabaidaezinari irabazten saiatzeko (39-0-0/30 KO). Ez zuen lortu, baina onenaz ari gara.
Lejarragak berriro eskuratu zuen super welter pisuko Europako zetroa, 2021ean, Dylan Charraten aurka Bartzelonan, baina ordurako gutxitua zegoen jarraitzaile askok berarengan jarritako fede itsua. Dena den, bidegabea litzateke txapeldun honek lortutakoa ez goraipatzea, eta sare eta komunikabide ezberdinetan azken orduetan ikusi dugun bezala, zaleek eta mota guztietako pertsonaia publikoek aho batez baloratu dute Athleticen elastikoa borroka bakoitzean jantzi duen txapeldun handi honen ibilbidea. Horrela, Rafa Alkortak, Iñaki Williamsek, Eneko Atxak, Aitzol Atutxak, Kiko Matamorosek, Efren Vazquezek eta Jero Garciak, besteak beste, munduko zorte guztia opa diote Kermani, apirilaren 29an Madrilgo Wizink Centerren egingo den gauean sustatzaile gisa debuta egingo duenari.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
A la venta los vuelos de Santander a Ibiza, que aumentan este verano
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.