Iazko agendan plan ugari ezabatu nituen. Martxotik aurrera, zirriborroz beteta zegoen. Apirileko kontzertuak bertan behera geratu ziren, erositako antzezlanetarako sarreren dirua bueltatu zidaten... Urtebetetzea eta lagunekin egin nahi nituen afariak eta bazkariak ere airean geratu ziren. Eta handik aurrera, ez nituen hitzordu gehiegi apuntatu, batez ere, ez zirelako egon. Aurten, udatik hona batez ere, alderantziz gertatzen ari dela nabaritu dut. Gero eta data gehiago apuntatu ditut egutegian. Hurrengoa, ostiral honetan Loquillok BEC-en emango duen kontzertua, eta datorren astean, Gatiburen txanda izango da.

Publicidad

Ilusio handiarekin irakurri nituen datorren udan BBK Live-n izango diren banden izenak. Gustoko ditudan talde ugari izango dira Kobetamendin, baita batere gustatzen ez zaizkidanak ere. Baina horrek ez zait axola, beste asko musikari horien zaleak izango dira eta. Garrantzitsuena niretzat bueltatzea da. Berriro munduko txoko desberdinetatik etorritako musika zaleak batuko gara bertan. Bozgorailuak konektatuko dira Bilboko mendi eder horretan, eta, musukoarekin izan behar bada ere, normaltasuna berreskuratuko dugula sentituko dugu. Aitortu behar dut The Killers-en kontzertua dela niretzat 2022ko edizioko zuzenekorik interesgarriena.

Berezia izango da, batez ere, Kobetamendira bueltatzeari ematen diodan garrantziagatik. 2017ko edizioa nire faboritoa izan zen. Lagun ugarirekin topatu nintzen bertan eta banda berri ugari deskubritu nituen. Eta ezin ahaztu 'Human' abestia entzuten genuen bitartean nire lagun minari emandako besarkada. Elkarrekin unibertsitatean ikasten genuen bitartean, behin eta berriro entzuten genuen Nagorek eta biok. Batez ere, azterketa batengatik edo lan zail batengatik urduri geundenean. Lau minutuko iraupena du, eta guretzat play botoia sakatzea oasis bat aurkitzea bezala zen. Lau minutu horietan pentsamendu baikorrak baino ez zeuden baimendurik. Arnas sakona egiten genuen berriro ikasketetara bueltatu baino lehen.

Kontzertua, nola ez, Nagorerekin batera bizi nuen. Zoragarria izan zen. Malkoren bat ere bota nuen. BBK Liveko nire top5ean kokatu dezaket momentu hori. Agian top3an ere bai. Momentuz. Datorren udan une hori berriz disfrutatzeko aukera izango dugu eta. The Killers banda Kobetamendira bueltatuko da. Eta garrantzitsuena: gu ere bertan izango gara. Galdu genituen kontzertuak, kultura pilulak, berreskuratzen hasi gara. Zutik. Dantzatzeko aukerarekin. 2017 hartan egin genuen bezala.

Damaso Alonso idazleak behin esan zuen pena ematen ziola hiltzea nahi zituen liburu guztiak berrirakurtzeko astirik ez zuelako izango. Zenbait pasarte irakurtzen zituen bitartean bizitako sentsazioak berriro bizi nahi zituen. Eta hori da uda honetan gertatuko zaiguna. Hainbeste gustatu zitzaidan kapitulua berriro irakurtzeko aukera izango dut.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad