Borrar
Paperak-eta bete behar izan zituenean gorriak ikusi zituen. E. C.
IZENBURU JARTZAILEA

IZENBURU JARTZAILEA

IRITZIA ·

Sábado, 4 de enero 2020, 23:43

Nire lagun bat izenburu jartzailea da. Esan nahi baita, sormen lanei izenburua jartzeaz bizi dela. Lehen kolpean bitxia egiten da, baina pentsatzen jarrita, uste baino beharrezkoagoak dira izenburu jartzaileak, nahiz eta ez diren asko. Izan ere, izenburu bat jartzea ez da dirudien bezain erraza. Galdetu, bestela, margolariei. Zenbat eta zenbat lan uzten dituzte 'Izenbururik gabe' gatzgabearen konpainian. Pentsa, gogoan dut erakusketa batean sei izenburu gabe ere ikusi nituela, banan-banan ordenatuak: 'Izenbururik gabe 1', 'Izenbururik gabe 2' eta abar. Eta izenburu-jartzaileak badaki zerbait horretaz, urteak baitaramatza ofizioan…

Ez da margolaria edo arte-saleroslea; izenburuak asmatzetik ateratzen du bizimodua. Horrek, teknikoki, arazo txiki bat eragiten dio nire lagunari, ez baitaki bere burua zehazki nola izendatu. Badira munduan errespetuz hartzen ditugun ofizioak: abokatuak, enpresariak, ingeniariak, bulegariak, funtzionarioak, irakasleak… Gaztetxo bati handitan zer izan nahi duen galdetzen badiogu, eta lanbide horietako bat aipatzen badigu, inkontzienteki onespen keinu erabatekoa egiten dugu. Haatik, badira errukizko irribarre edo burla keinu halako bat eragiten digutenak: ipuin kontalariak, hizlariak, errezitatzaileak, txiste kontalariak, idazleak, poetak… Eta multzo horretan dago bera.

Pentsa daitekeenez, nire lagunaren ofizioa ez dago ondo ikusia administrazio mailan. Paperak-eta bete behar izan zituenean gorriak ikusi zituen. Hasteko, autonomotan eman zuen alta. Berehala, aurpegiera arraroarekin begiratu zion leihatilaz bestaldeko funtzionarioak. «Izenburu jartzailea?», galdetu zion sardinzahar aurpegiarekin. Nire lagunak baietz, argitaletxe handi batentzat egiten zuela lan une horretan, eta bertara iristen ziren testuei izenburuak jartzen zizkiela. Hots, ez edozein izenburu, testuei zehaztasunez eta espirituz zegokiena baizik. Jostun batek gorputz bat ikusi, eta kolpean gorputz horri zer arropa egokitzen zaion dakien bezain ongi zekien nire adiskideak testuei zer izenburua zegokien.

Barre egin omen zion funtzionarioak, «publizista esan nahi duzu orduan». «Eta zein epigrafetan sartuko zaitut?», galdetu zuen hurrena. Antza, autonomo gisa jarduteko epigrafe batean sartu behar zuen, gabardina eta guzti. Funtzionarioak galdetu zion ea izenburu jartze horrek literaturarekin zerikusirik ba ote zuen. Nire lagunak esan zion bazegoela Quim Monzóren ipuin bat horri buruzkoa. Ba omen zen idazle bat, munduko ipuinik borobilena idatzi zuena. Idatzi bai, baina izenbururik jarri ez. Ipuina perfektua izaki, idazleak izenburua ere borobila nahi zuen. Jo eta su aritu zen izenburu horren atzetik, baina ez zitzaion ipuinaren parekorik otutzen. Denbora luze baten ostean, bertan behera utzi zituen biak, hala ipuina nola izenburua. Funtzionarioak jakin-minez begiratu zion, «eta zein da ipuin horren izenburua?». «Zeinena? –nire lagunak–: Idazleak suntsitu zuen ipuinarena ala Monzónena?». «Monzónena, jakina». Ez zuela izenburua gogoratzen esan zion nire lagunak. «Ondo hasi gara, ba», leporatu zion funtzionarioak.

«Beraz, ipuinak idazten dituzu». Nekatzen hasia zen nire laguna, eta ezetz esan zion modu txarrean, ez zituela idazten, izenburua jartzen ziela. «Eta ba al da izenburu jartzaileen elkarterik?», funtzionarioak. Ez zekiela, nire lagunak. Baina inorekin elkartzekotan, emakume interesgarri batekin nahiago zuela. Iruzkina lekuz kanpo zegoela adierazi zion funtzionarioaren begirada zorrotzak, eta zerbaiten bila hasi zen ordenagailuan. «Ondo da». Liburuxkaren epigrafe bat erakutsi zion. «Kolaboratzaile literarioa. 873. Hemen sartuko zaitut». «Sartu nahi duzun lekuan, eta ea behingoz bukatzen dugun», bota zuen nire lagunak gogaituta.

Honezkero badakit zer pentsatuko duzuen. Inor ezin dela izenburuak jartzeaz soilik bizi. Ba arestian aipatu bezala, esango dizuet badirela margolari asko izenburuak ez jartzetik bizi direnak. Hortik atera kontuak. Gure mundu hau kontraesanez betea dago. Hasteko, hil egiten zara. Baina, tira, hori gero dator.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo IZENBURU JARTZAILEA