Borrar
Fotolia
Izenak eta koloreak

Izenak eta koloreak

Antzinako greziarrentzat, adibidez, itsasoak ardo kolore iluna zuen

Sábado, 7 de mayo 2022, 00:06

Gauzak izendatzeko langintzan ari ziren aspaldiko gizakiak irudikatu ditut une batez. Nola deitu honi, nola deitu hari? Zeren arabera eman izena gauza bati? Itxuraren arabera? Kolorearen arabera? Soinuaren arabera? Artean ez zegoen Euskaltzaindirik edo Akademia arau emailerik. Pentsatzekoa da gertuko gauzekin hasiko zirela, bizitzeko ezinbestekoak direnekin: janaria, ura, loa, arriskua, sua… Ingurunea ezagutzen hasiko ziren hurrena: han, gertu, urruti, harria, zuhaitza, senideen izenak… Biblian esaten zaigu Jaunak landako abere guztiak eta zeruko hegazti guztiak lurrez moldatu eta gizonari eraman zizkiola zein izen ezartzen zien ikusteko. Ondorioz, «bizidun orok gizonak ezarritako izena izango zuen». Hortik, beharbada, hizkera matxistaren sorrera eta hizkuntza inklusiboarekin dauden gorabeherak. Gabriel García Márquezen 'Cien años de soledad' eleberri ezagunean honela dio narratzaileak: «Mundua hain berria zenez, gauza askok ez zuten izenik, eta izendatzeko hatzarekin seinalatu behar ziren». Horrek ukimenarekin lotuko luke hastapenetako hizkuntza, sentsazioekin. Hatz erakusle eta aldi berean izendatzailearekin.

Etimologiak bide luzea egin du geroztik, baina, kasu askotan, duela milaka urteko hitzak erabiltzen ditugu gaur egun. Hitz horietako asko metafora gisa jaio ziren, konparaketa modura, eta denborarekin hitz arrunt bihurtu dira. Borgesek horren adibide esanguratsu bat eman zigun 'Kenningarrak' izeneko artikuluan. 'Kenning' (pluralez 'kenningar') delakoa figura erretoriko bat zen, Norvegiako eta Islandiako egungo herrialdeetako IX. mendetik XII.era bitarteko literatura-ekoizpenetan erabili zena, beste hitz edo kon-tzeptu batekin baliokidetasuna bilatzen zuen hitz-sorta bat. Horrelakoak bilatzen zituzten orduko poeta edo rapsoda islandiarrek, eta berriak sortzen saiatzen ziren. Adibidez, aireari txoriaren etxea esaten zioten; bizarrari, masailezurraren basoa; itsasoari, oihalen bidea; odolari, beleen garagardoa…

Urrutirago joanda, aspaldiko gizaki anonimo bat koka dezakegu zeruaren eta itsas zabalaren aurrean jarrita, handitasun hura antzeman nahian eta ulertu nahian. Nola eman izena gu baino askoz handiagoa eta mugagabeagoa den zerbaiti, non amaitzen den ere ez dakigun zerbaiti? Olatuen zarata ala handitasuna aukeratu? Uren kolore aldakorra bestela, edo itsasgoren mugimenduak, edo urek sabelean gordetzen dituzten arrain motak bestela… Noraino hel daiteke hatz erakuslea neurrigabetasun hondogabe horretan? Izenak izana ematen duela esan ohi dugu gurean. Baina ondoriozta daiteke, halaber, izen horrek muga ere jartzen diola izanari. Ezaugarri bat aukeratzen dugu izena emateko, gainerako ezaugarriak alde batera utziz. Soinua aukera dezakegu kolorearen kaltetan; edo itxura hobetsi, ukimenera eragiten diguna bazter utzita. Orain bi hamarkada Patziku Perurenak koloreak aztertu zituen euskal usarioan. Haren ustez, gauza bakoitza aipatzeko orduan, kolorea isilik uzten badugu, gauza horren arima ukatzen dugu. Koloreaz ari garela, antzinako greziarrentzat, adibidez, itsasoak ardo kolore iluna zuen. Afrika eta Asia artean dagoen itsasoari Itsaso Gorria esaten diogu mendebaldean. Une jakin batean, norbait konturatu zen Iliadan eta Odisean ez dela kolore urdina aipatzen. Ez al zuten kolore hori ezagutzen? Misterio bat ere bada kolore gorriarena, nekez esango baikenuke gaur egun itsasoak halako kolorea duenik, eta, hala ere, itsasoko ura eskutan hartzen badugu, esku ahurrean geratzen den likidoa gardena dela egiaztatuko dugu. Eskimalek, berriz, hitz bat baino gehiago erabiltzen dute elurra definitzeko. Ez mitoak egozten dizkien bezainbeste, baina bai bat baino gehiago, elur motaren arabera.

Lehen gizaki haietako batzuk imajina ditzakegu itsas ertzetik ibiltzen, begiak itsasoan ainguratuta eta erabat liluratuta. Zerk eman zien gehien atentzioa ur masa hartatik? Izena aukeratu aurreko isiltasuna suma dezakegu, bataio haren aurreko gogoeta berezia. Hatz dardartia airean zintzilik, ontzien oihal bat bezala, ur haietatik irristatu nahian.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Izenak eta koloreak