Borrar
Juan Gartzia. DV
Itzulpen miresgarri bi (edo hiru)
Territorios

Itzulpen miresgarri bi (edo hiru)

Hiru itzulpen nagusi ageri izan dira euskaraz. 'Moby Dick' nobela erraldoiarekin batera, nagusia den 'Spoon River antologia' ezagutu dugu gure hizkuntzan eta hori gutxi balitz, John Donne idazle klasikoa ere eman digute dastagai

Jon Kortazar

Viernes, 5 de abril 2024

Balea Zuria argitaletxeak 'Moby Dick' nobela erraldoiaren euskal itzulpena eman du plazara. Berri ona, zalantzarik gabe. Ez da izango bada ona berria! 'Moby Dick' bezalako lana euskaraz! Nork esan behar zuen horrelakorik!!! Durangoko Azokako Euskadi Saridunen mahai-inguruan ere Patxi Zubizarreta idazle ezagunak Azokako berri nagusitzat eman zuen. Ez dut nik ukatuko argitalpen horren balio sinbolikoa, inondik inora ere, urrun da asmo hori nigandik.

Baina egia esateko jakin nahi nituzke zeintzuk izan diren barnetik editoreek egin dituzten joan etorriak. Jakin nahi nuke zerk eraman zuen Juan Gartzia itzultzailea hain lan erraldoia egitera. Seguruenik bera joan zitzaien argitaletxekoei proposamenarekin. Jakin nahi nuke zein mirakuluk egin zuen posible Hondarribiko Udalak baiezkoa ematea argitalpenerako laguntzari. Agian horrek guztiak gutxi inporta du (batzuk) esku artean dugun emaitza ikusiz gero. Gu bagara nor, gero!

Poz-pozik egon behar dugula esaten dit nire senak. Baina Herman Melvilleren nobela irakurtzeko astia lortzen dudan artean, argitaletxe horrek plazer emandako beste liburu bitan jarri nahi dut gaur arreta.

Spoon River

Edgar Lee Masters (1868-1950) poetaren 'Spoon River antologia' eman zuen argitaletxeak plazara orain dela hilabete batzuk eta aitortuko dut Alain Lopez de la Calleren itzulpenaren poemak irakurtzerakoan hunkitu egin nautela. Jakina da poetak liburua eman arte egin zuen historia. Liburua 'Reedy's Mirror' aldizkarian eman zuen ezagutzera eta bat-batean arrakasta izan eta 4 urtetan 80.000 ale saldu omen zituen. Jakina da poema liburuaren gai nagusia hilerri batean ehortzita diren lagunen, gizon eta emakumeen, historia xumea labur-labur kontatzen duen elea dela: «Denak lo daude, denak muinoan lo eta lo, muinoan lo».

Edgar Lee Mastersek mundu bat eratu zuen fikziozko herri horretan noizbait biztanle izandakoen berri ematerakoan. Ahotsak dira desberdinak, historiak ere ez dute antzik. Poemak zuzenak dira, batzuk gardenak, besteak aipamen kultuz eta jakintza literarioz beteak. Liburu guztia, baina, kosmos baten agerpena da, mikrokosmos txiki baten aipamen handia. Hitzaren eta irudimenaren joko amaigabea. Joko intelektualaren gozamen, agerpen sotilen entziklopedia osatua, hitza sorgindua eta iradokizunaren magia edozein bertsotan.

John Donne xuxurlatzen

Gogoan dut Joseba Sarrionandiak John Donneren lau testu itzuli zituela eta bere 'Hezurrezko txirulak' liburuan eman. Gogoan dut John Donne asko aipatu dela garai hauetan liburu baten izenburutzat bere esaldi bat erabili duen Nuccio Ordineren (1958-2023) 'Los hombres no son islas' lana dela eta. Baina bestelakoa da Patxi Ezkiagaren eskutik (1943-2018) heldu zaigun 'Meditazioak' euskaratze hau.

Euskara xalo eta argi batean eman ditu Patxi Ezkiaga poetak John Donneren prosa barrokoa, hausnarketa sotila, harat-honat dabilen, baina era berean zuzena den esaldi mugikorra, honako honetan bezala: «Oi gizonaren izaera maltzurra, oi, gizonaren mugimendu irregularra, altxa-tzea bera hondamendirako bidea baita!».

Axular etorri zait burura John Donneren 'Meditazioak' irakurtzerakoan, esaldiaren joan-etorrien izadiko itsas marean. Gaixotasunaren beldur, Jainkoarekiko sinestun, pentsakizunari bide emanez esaldi dotoreetan. Irakurtzeko beti erraz eta sotil.

Gabriel Insaustiren hitzaurrearekin, XXIII meditazioen itzulpenarekin eta Izaak Waltonek 1640an idatzi eta Felipe Juaristik euskaratu duen 'John Donneren bizitza' biografiarekin, ekimen sendoa eman du argitara Balea Zuriak.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Itzulpen miresgarri bi (edo hiru)