Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Bere ekoizpen oparoan, lan esanguratsuenen artean dauden Thomas Mannen bi nobela bidaia batekin hasten dira. 'Mendi magikoa'n Hans Castorp Davoseko Wald eritegira doa bere lehengusu Joachim bisitatzera. Dakigunez, bisitaldia dezente luzatuko da, eta Hans Castorp bera ere gaixoen artean geratuko da bolada batez, Clawdia Chauchatekin maiteminduta eta Naphta eta Settembriniren arteko eztabaida intelektualen suan harrapatuta. 'Herioa Venezian' nobela laburrean, Aschenbach Veneziara doa galdutako inspirazioa berritzera, eta han Tadzio gaztetxoarekin liluratuta geldituko da. Bidaiaren zentzu hori urbanistikoki laburragoa eta sinbolikoagoa da Mannen estreinako eleberrian, 'Buddenbrocktarrak' izenburukoan. Izan ere, eleberri horren protagonistak diren Buddenbrock sendiaren kideek hiri bereko etxe batetik besterako «bidaia» egingo dute, ekonomikoki gora edo behera egitearen ondorioz.
Aurreko hirurak bezain ezaguna ez den 'Carlota Weimar'en, ordea, itzulera batekin hasten da nobela, eta denok dakigu itzulerak beti direla oso literarioak. Hor dugu, adibidez, Odiseorena, Troiatik Itakarako ahalegin ezin luzeagoan. Baita Evelyn Waughen 'Itzulera Bridesheadera' edo Saramagoren 'O Ano da Morte de Ricardo Reis' ere, non Pessoaren heteronimoetako bat Lisboara itzultzen den bere azken egunak igarotzera.
Adiera handiko hitzak dira «datoz» eta «doa». Joan zaitezke ezagutzen ez duzun toki batera, eta ustez ezagutu bai baina erabat aldatuta dagoen beste batera itzuli. Itzulerak geografikoak ez ezik sentimentalak ere badira. Joaterakoan beteagoak doaz maletak eta arinagoa da esperientziaren ekipajea. Joatea duzu buruan, ez itzultzea. Itzulera urrutiegi dago denboran eta espazioan. Batzuk, gainera, ez dira inoiz itzultzen. Hain zuzen ere, Carlotaren itzulera esanahi bereziz betea dago. Weimarren Goethe bizi da, idazle eta jakintsu olinpikoa. Azken honek sekulako arrakasta izan zuen oso gazterik 'Werther gaztearen arrangurak' argitaratu zuenetik (Matías Múgicak euskaratu zuen Igela argitaletxearentzat, 2013an). Werther fenomeno literario eta estraliterario itzela bihurtu zen oso denbora gutxian Europa osoan zehar. Napoleon Bonapartek ere miresten zuen liburu hura, eta behin baino gehiagotan irakurri zuen, nahiz amaiera ez oso gustukoa izan.
Ezaguna denez, Werther pertsonaiak bere buruaz beste egiten du nobelaren amaieran maitasun kontuengatik. Liburua eskuratu zuten garai hartako gazte askok beste hainbeste egin zuten pertsonaiaren bulkadarekin hunkituta eta itsututa. Wertherren maitasun-arazoen iturburua hezur haragizko emakume bat omen zen, Goethek berak ezagutu zuena: Charlotte Buff. Eta Mannen nobelan Weimarrera itzultzen den Carlota hori Wertherren nobelako Lotte ezagunaren atzean dagoen emakumea da. Modu diskretuan heldu da Carlota Weimarrera, baina sua bezala zabaldu da albistea herrian. Berehala, jendea ilara luzean jarri da ostatuaren atean, hezur haragizko «pertsonaia» ezagutzeko asmoz. Beste batzuek ausartago jokatu dute, eta zuzenean joan dira ostatura Carlotarekin hitz egitera. Senide batzuk bisitatzera etorri da protagonista, baina, bide batez, baita Goethe ikustera ere. Urteak dira ez dutela elkar ikusi, nahiz izan duten elkarren berri hirugarren pertsonen bidez.
Mannek erbestean idatzi zuen nobela hau, 1939an, nazien gorakadak eta indarrak geldiezina zirudienean. Ez kasualitatez, alemaniartasunari buruzko gogoetez josita dago nobela. Zer da alemaniarra izatea? Zer zen alemaniarra izatea Bonaparteren inbasioaren garaian? Begi bat han jartzen du Mannek, baina garbi dago beste begia bere garaiko Alemanian duela, eta badira nahita bilatutako zenbait paralelismo. «Baina nazio originala izaten hastea, gustu txarreko autokontenplazio eta autoglorifikazio batean murgiltzea, eta baita mundua ergelkerian eta ergelkeriaren bidez gobernatzea ere». Arteaz eta zahartzaroaz ere badihardu, eta eleberriaren klimaxa Carlotaren eta Goetheren arteko topaketa izango da. Musa eta artista, bi adiskide zahar, beren ibilbidearen balantzea eginez, betirako agurraren atarian.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.