Borrar
Itxita dago

Itxita dago

Jueves, 22 de noviembre 2018, 00:48

Izurria da jada. Ez da berehala antzematen, norberari eragiten dionean besterik ez. Baina betidaniko denda txikien itxiera nonahi ari da gertatzen aspalditik. Bilboko Smith&Smith izango da hurrengoa, britainiar estiloko gizonezkoen modan berezitua. 47 urtez ekin dio, baina ezin du gehiago. Arrazoien artean, ohikoak: egungo kontsumo joerak eta ondoriozko zailtasun ekonomikoak. Ezer berririk ez, gaitzaren sintomak horiek baitira beti.

Saltoki txiki eta gertukoek osatu dute bertoko merkatal sarea beti. Horietan aurkitu du bezeroak konfiantza, alde bien harremaneko funtsezko osagaia. Erostea, eta saltzea, jarduera ekonomiko soila baino askoz gehiago izan da horri esker, ariketa soziala, ia lagunartekoa. Mundu bat zen dendotako bakoitza, hamaikatxo bizipen partekatzekoa, kontsumoa izen-abizenei txertatzekoa, harreman horizontalekoa, begietara begiratzekoa.

Horren guztiaren ordez anonimotasuna gero eta jaun eta jabeago da. Zenbakiak gara eta algoritmoek bideratzen gaituzte. Dena da handia, erraldoia, giza-harremana izan ezik. Produktua gailentzen zaio bezeroari. Identitaterik ez izate horrek inpertsonal bihurtzen du erosteko esperientzia. Saltoki handiari berdin zaio gu garen edo beste edonor den. Neurtuta dago bertan egingo dugun guztia, hona edo hara bultzarazteraino.

Daborduko betiko dendak nostalgia dira neurri handi batean, iragana. Superlatiboen olatuak harrapatu zituen lehenik, eta herrialde urrunekoena etxe albora ekarri digun globalizazioarenak oraintsuago. Ziurrenik honek ez du atzera-bueltarik; baina norbere txikitasunetik badago onerako eragiterik, kontsumo-moduak gizatiartzerik, arrazionaltzerik.

Nahikoa da mirari baten eraginez-edo zabalik jarraitzen duen saltoki apal horretara aldiro joatea, bestelako horren xarma noizean behin dastatzea. Etxe azpietako horiek doazenero asko galtzen dugulako: erosteko aukeraz oso haragoko esperientzia, arimazko hartu-emana. Ezin gara oroimen hutsetik bizi. Berandu deneko erostatik. Norbanako askoren urrats txikiek helburu handiak lor ditzakete, joera oldarkorrenak aldatu. Alerik jarri ezean laster ez zaigu gertuko merkataritzarik geratuko. Eta damu izango gara.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Itxita dago