Borrar
Urgente Grandes retenciones en la A-8 y el Txorierri, sentido Cantabria, por la avería de un camión
Iñigo Urkullu lehendakaria. Efe
Itsuka oraindik

Itsuka oraindik

Harizpetik ·

Politika orokorreko urteroko eztabaida neurgailu ezin hobea da, non gauden zehazteko. Ostegunekoak erakutsi zuenez, oraindik ez da argitu bizikidetzarako esparru berriak zein osagai izango dituen, zein eragilek ahalbidetuko duten

Lunes, 24 de septiembre 2018, 00:48

Iñigo Urkullu lehendakariaren lidergoa indartu zuen Legebiltzarreko saioak. Denen buruzagi legez agertu zelako, gobernu-proiektu sendo eta norabide argikoarekin, eta etorkizunari begira Estatutu berria zeharkako adostasunetatik lantzeko gogoz. Dagokion hizkera instituzionala baliatu zuen, baina ez arazo zehatzetatik ihes egiteko, ez erretorikaren labirintoan barrena galtzeko. Arazoak eta erronkak aletu zituen, goi-mailako politikari lotutakoak zein kalean zuzen-zuzen eragiten dutenak, dirautenetako askori Jaurlaritzaren lorpenetatik abiatuta heltzeko prest. Ikuspegi zabala behar da horretarako, bide-orri errealista, egiaztagarria, batuketatik eraikitzekoa. Urkulluren sinesgarritasuna balio itzelekoa izango da jarrerak gerturatzeko, helburu partekatuak bilatzeko, egunerokoez haragokoak ere arrakastaz jorratzeko. Horren premian dago euskal politikagintza, jokoan dagoena luzera begirakoa delako, zenbait belaunaldiri eragitekoa.

Bere hitzaldian, euskal gizartea errotzen duten oinarriak sendotzeko galdegin zuen: giza garapena, integrazio soziala, berdintasuna eta kalitatezko zerbitzu publikoak. Lehentasun horiek gobernu aurrerakoi bati dagozkio ezinbestean, ongizate estatua indartzen eta trinkotzen diharduenari. Hortik abiatuta, elkarlanean aritzeko asmoa agertu zuen Urkulluk: «Auzolana da lan egiteko gure modua. Adostasunaren bidea jorratzen jarraitzea da gure xedea». Horretarako, jakina, bi alderen borondatea behar izaten da eta ez da horrelakorik gertatu, esaterako, Gernikako Estatutua 39 urte eta gero bururaino betetzeko.

Indarrean dagoena guztiz osatzea zor zaio euskal gizarteari, eta hortik aurrera estatus berria lantzea: «Aitortutako autogobernua eguneratzeko espazioa eta momentua honakoa dela uste izateak lotzen gaitu —adierazi zuen lehendakariak—; adostu, hitzartu eta berretsitako proposamen instituzional baten bidez bere potentzialtasunak zabaldu eta sakontzekoa, eta betearazteko bermez osatzekoa». Hori xede hartuta, konfidantzazko giro politikoa ahalbidetzen lagunduko du Urkulluk, elkarrizketa eta akordioa lehenetsita.

Ildo honetatik Kontzertu Ekonomikoaren aipamen berezia egin zuen, «Estatuarekiko bizikidetzarako konpromiso politikoaren oinarrizko tresna» den aldetik. Alde biko itun eta euskal autogobernuaren gune nagusi den hori elkar ulertze instituzionalerako, adostasun politikorako eta gizartearen ongizaterako erreferentzia baliagarritzat jo zuen, baita etorkizuneko autogobernu-itunari begira ere. Lehendakariaren berbetan, «subiranotasun partekatuen mundu honetan, badaude aukerak erabaki eskubidea eta adosteko borondatea uztartzeko» eta, horregatik, aldebikotasunaren zein «konkordiatik» gauzatutako autogobernuaren eguneraketaren alde agertu zen, elkarrekiko aitortza eta errespetua oinarri izanda identitate-ezberdinen arteko bizikidetza-esparru bat bilatzeko.

Adostuta dagoenetik aurrera egiteko Urkulluk erabakigarritzat jo zuen leialtasuna. Hasteko, Gernikako Estatutuaren gisako iraganeko itun politikoak guztiz betetzeko. Gogorarazi zuenez, euskal «autogobernua ez baita Madrilen hartutako erabaki teknokratiko baten ondorio; mendetako joera bat baizik, sakrifizio, erbestealdi eta konpromisoz betea». Orain arteko akordiotik abiatuta «haztea» eskatu zuen lehendakariak, bat etortze hori adiskidetzeko, argitzeko, aurrera egiteko eta bermatzeko onuragarria delakoan.

«Demokrazia nazioaniztuna» hartu zuen helburutzat, forutasunak oinarrian «zentzu konfederala» duela azpimarratu eta Konstituzioak aitortutako eskubide historikoen eguneratzea eredu horretan barrena topo egiteko gakotzat hartuta. Hala, Euskadi autogobernurako eta erabakimenerako borondatea duen errealitate nazional gisa aitortzea galdegin zuen; eta Estatutua, maila ia konstituzionaleko arau modura. Guzti honetaz badago zer aztertu, zer landu, zertan sakondu, zeri ekin, irudimenezko zein formula zehaztu, nahiz eta Espainiako Gobernuak jada esana duen Konstituzioak beti egon beharko duela Estatutu ororen gainetik.

Asmoez haraindi, gobernu-programari lotutakoez mintzatu zen luze-zabal. Hala, horietako gutxi batzuk aipatzearren, Euskadin 'per capita' errenta 33.000 eurokoa dela nabarmendu zuen, eta Europako Batasunean 30.000koa. Langabezia 3,3 puntu jaitsi da legealdiaren hasieratik, %10,1ean geratzeraino —espero baino urtebete lehenago jarriko da %10etik behera—, eta 6.800 gazteri lehen lan-esperientzia izateko aukera eman zitzaien iaz. 2019an, estrainekoz, gastu soziala 7.000 milioi euro baino gehiagokoa izango dela gaineratu zuen Urkulluk, eta nazioarteko gardentasun indizeetan Euskadik 100dik 100 puntu lortu dituela 2014 eta 2016ko azken neurketetan. Pobrezia-tasa gutxitzeko asmoari dagokionean, Eurostatek %14,5eko datua eman dio erkidegoari. Legealdi hasieran %17,6koa zen eta berau burututakoan helburua %14,1era heltzea da.

Lehendakariaren berbei erantzuteko, oposizioa oso estrategia ezberdinetatik abiatu zen. EH Bilduk ez du gogoko sozialistak Jaurlaritzan egotea, baina gutxienez bi arazo nagusi ditu bere burua balizko bazkidetzat agertu guran dabilenean: luzaroko fidagarritasun falta eta aniztasuna uztartzetik barik indar metaketa hutsetik ekin nahia. Euskal Herri osoko egoera aintzat hartuta, asmo hori mugaz eta gabeziaz gainezkakoa da eta sor lezakeen ondorengo tentsio politiko eta sozialak ezker abertzaleari baino ez lioke mesede egingo. Proposamena barik amua da EH Bilduk EAJri luzatzen diona, bere ildora erakartzekoa, eguneroko eraikuntza nazionalaren ordez zirt edo zarteko aldarrikapenak lehenestekoa.

Podemosek eta PSE-EEk, aldiz, zehazgabetasunean jarraitzen dute, euskal errealitate nazionala estatu egituran nola uztartu guztiz jakin barik. Proposamen zehatzen ordua da, baina; ariketak eginda agertzekoa, eta ez nebulosatik jardutekoa. Konponbide egingarriek zorrozten dituzte kritikak, sinesgarritasunak ematen du horien neurria. Autogobernuaren inguruko eztabaidak deseroso sentiarazten duen beste eragileetakoa PP da, ez baitu ezer eskaintzekorik. Balazta legez ari da, bai etor litekeenari begira eta, askoz larriagoa dena, baita Gernikako Estatutuari dagokionez ere.

Oraingoz itsuka ari gara estatus berriari dagokionez. Egitetik bainoago, asmotik. Norbere ekarpenetik barik bestearen markaketatik. Baina gainerakoek aniztasuna landu ahal izateko norbera ere proaktiboa izan behar da. Eta eragile guztiei dagokie datozen hilabeteotan hori gogoan ondo finkatzea.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Itsuka oraindik