

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Homero, guregana iritsi den tradizioaren arabera, itsua zen. Homero izenak, Lesboseko hizkeran, 'itsu' esan nahi du, antza denez. Badaude, izenari dagokionez, bestelako interpretazioak ere. 'Batzen dakiena', da, niretzat, gustukoen izateaz gainera, ederkien lotzen zaiona Homeroren irudiari: anitz bertsogile bakarraren izenpean. Antzinako irakurketa da itsutasuna, ezer fisikorik ez ikusteko gaitza, jainkoen zigorra zela. Zigorrarekin batera onuraren bat ere ematen zuten jainkoek, hala nahi izanez gero, jainko eskuzabaltasunaren erakusle. Sekula ez zuten onik soilik opari egiten, on-gaitzak tarteka, edo, askotan, gaitza besterik ekartzen ez zuten erregaliak. Tiresias itsutu zuten, ikustea debekaturik zuena ikusi izanagatik, baina horren ordain gisa, txorien hizkuntza ulertzeko gai egin zuten, eta, horretaz gainera, etorkizunaren igarle, etorkizuna ikusteko ahalmendun. Begiekin galdutakoaren ordaina eman zitzaion, geroari begira, ordea. Gaurko ikuspegitik, begia luzaturik iragan aldera, txorien hizkuntzaren jakitun izatea da dohainik estimatuena. Txorien hizkuntza, aingeruen hizkuntza da, eta aingeruek, antzinako garai argitsu batean, jainkoaren solaskide izan ziren. Hala diote.
Homero jakintsua zen. Antzina jakintsu izateko mundua korritu beharra zegoen. Orduko mundua ez zen gaurko bezain zabal eta ibilerraza. Eremu txikiago izanik, orduko neurrientzat handiegi zen zeharka-meharka igarotzeko. Gaur egun, ordu gutxi batzuen kontua da, munduko beste muturrerainoko ibilaldia. Orduan ez. Garai urruneko eta lainotsu hartan toki batetik bestera joateko egunak behar ziren, edo urteak. Ibilbidea txarra zen, aldia neketsua, eta garestia oso. Gutxi batzuk zuten batetik bestera nahita joateko ahalmen indarrekoa. Derrigorturik ere bazen makina bat jende, nahi ez zuen tokietara garraiogai. Berezko bidaiak aberatsen kontuak ziren. Luzeak, nahita; arriskuz eta ezbeharrez josiak, usu. Hala Ulisesen bidaia luze eta ospetsua, Troia suntsitutik Itaka dohatsuraino, uhartez-uharte, zorigaitzetik zorigaitzera jauzi eginez.
Homero poeta dontsu egin baino lehen, bidaiari galanta izan omen zen. Hala dio Herodoto ustezkoak, Herodoto ustelak, bidegile aparta bera ere, ezaguna ez zen mundura ere iritsi zena. Hortik haren jakintasuna, ezezagunaren mugak gainditu baitzituen, eta lagunei kontatu. Homero, artean gazte, Mediterraneoko toki asko bisitatu zituen.
Ibilbidea jakinbide zen bilakatzen. Atseden hartzen zuten portu eta herrietan, ostatu eta tabernetan, atzerritik datozenei galdetzen zieten nondik zetozen eta zer ikusi zuten ibilaldian. Gertatutakoaren berri ematen zuten, orduan, atzerritarrek, irudimenaren fruitu den narrazioari lotuz, gehienetan, eta egia hutsa esanez, gutxienetan. Literatura hala sortu zen, eta istorioak entzun ahala, entzule-jendeak ikasi zuen, izan ere, norberaren mundutik kanpora joan beharra dagoela, dakigunaz baino gehiago jakite aldera, garena baino gehiago izate aldera.
Litekeena da, fantasiaren bidez, Homerok Ulisesek egindako bidea egin izana lehendik, eta itsu bihurtzea Itakan, Ulisesen helburu eta muga. Literaturak ez du biderik itsutzen, begi-argia da, eta dena ikusten du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Favoritos de los suscriptores
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.