Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Sakelako deiaren doinua. Smartphonearen pantailan zenbaki ezezagun bat... Hartuko al dut? Utziko al dut?... tira...
-Bai esan?
- Egun on. Aurrera eramaten ari garen matxismo, sexismo, xenofobia eta homofobiaren kontrako kanpaina batetik deitzen dizut. Zure elkarrizketa bat grabaturik daukagu eta sare sozialetan argitaratuko dugula informatu nahi dizugu. Besterik ez.
-Bale. Eskerrik asko abisatzeagatik. (Kar, kar, kar)
-Barregarria iruditzen? Nik ez nuke barre egingo. Hemendik gutxira denek jakingo dute zer motatako pertsona zaren.
-Er... aitortu behar dut txantxa originala dela, baina ezin dut adar-jotzailea identifikatu. Zein zara? Kabroi hori...
- Argi eta garbi azalduko dizut. Gure kolektiboan, aurrerapauso bat ematea erabaki dugu. Jendearen elkarrizketak grabatzen ditugu lagunartean eta erlaxaturik daudenean. Bazterturik dauden kolektiboen kontrako iritzi edo trufen berri dugunean, sarean eskegitzen ditugu, denek entzun ditzaten. Esaten ari naizena baieztatu nahi izanez gero, gure webgunean dituzu zenbait audio entzungai... Googlen 'Audioen Matxinada' klikatu. Hurrengoa zurea izango da.
-Baina, baina... aizu, hau ez da posible... zein uste duzu zarela, Villarejo komisarioa, ala? Jakin behar duzu abortuaren aldeko manifestazioetan ibilia naizela, eta, ezagutzen nautenek badakite gay eta lesbianen eskubideen alde nagoela eta ez naizela batere arrazista...
-Ba grabatu dizugun audioaren arabera guztiz kontrakoa ematen du...
-Aizu, badakit zer gertatzen den hemen. Jakina. Ni oso txistezalea naiz eta, ez gaitezen engaina, txisterik barregarrienak politikoki desegokiak dira. Baina txisteak besterik ez dira...horrek ez du inolako garrantzirik...
- Ez? Orduan zure amari buruzko txiste bat kontatuko dizut, ados?
-Aizu, ez dakit nor zaren, ez eta zer daukazun nire kontra ere, baina honek ez du inolako graziarik...
- Baina ez al zinen zu lagun taldeko gatzdunena? Kontaidazu txiste horietako bat, 'marikitena' edo... entzun dudanez oso ondo imitatzen gaituzu...
-Ba gauza bat esango dizut. Horrelako txisteak kontatzea oso ohitura txarra izango da, baina jendearen kalakak baimenik gabe grabatzea gauza nazkagarria da. Eta, bide batez, legez kontrakoa ere bai. Nik dakidanez, horrela lortutako frogak ez dira onartzen auzitegietan.
- Lasai motel, guri dagokigunez ez da inolako epaiketarik izango. Hori bai, nahi izanez gero, gu salatzeko eskubide osoa daukazu. Zure ohiturak lau haizetara zabaltzeko biderik egokiena izango litzateke. Anima zaitez.
-(hasperena) Denok sartzen dugu hanka noizbait. Zuen kanpainak inkisizioa gogorarazten dit. Tamalgarria iruditzen zait. Ni ez naiz zuen etsai.
- Hori ez da zuk erabaki behar duzun zerbait. Minutu batean bidaliko dizut grabatutako elkarrizketa. Gora matxismo, homofobia eta arrazismoaren kontrako matxinada!
Solaskideak eskegi egin du. Isiltasuna orain nagusitu da.
«Zer demontre izan da hau? Zer grabazio izango da hori? Noizean behin, alkoholaren eraginez, tontakeria galantak esateko gai izan naiz, baina...».
Whatsapparen soinua. Takikardia. Sinadurarik gabeko mezua. Audio bat. Kaka zaharra, entzun dezagun:
-Bai esan?
-Egun on. Aurrera eramaten ari garen matxismo, sexismo, xenofobia eta homofobiaren kontrako kanpaina batetik deitzen dizut...
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.