Borrar
Iser eta bi eguzkien mitoa

Iser eta bi eguzkien mitoa

Alemaniar literatura teorikoarentzat ez daude errealitate hutsezko testuak, fikziozko testuekin alderatu daitezkeenak

Sábado, 21 de septiembre 2019, 22:23

Ahozko kultura aztertzerakoan, historikoki, oinarrizko zailtasun batzuk azaldu dira ikertzaileen lanetan. Horien artean deigarrienetako bat da narrazioek tradizioarekin eta bizimodu hautatu batzuekin izan ditzaketen harremana. Gai hori aztertzeko, joera ezberdinak garatu izan dira, batzuk jarduerari eta ohiturei garrantzia eman diotenak (errituzko eskola), besteak mundua antolatzen laguntzen duten istorioei lehentasuna ematen diotenak (mitologiazko eskola). Azkenik, komunikazio etengabeari esker, istorio batzuek gizarte eta zibilizazioak zeharkatzen dituztela kontuan hartzen duen joera ere badugu, folklorezalea deitu diezaiokeguna.

Lehen eskolaren ordezkari Henri Jeanmaire aipa dezakegu; bigarrenean, Joseph Campbell ezaguna koka daiteke; eta Lowell Edmunds da azken urteetan folklorezaleen artean nabarmendu den izena. Ahozko materialek duten iheskortasuna kontuan izanik, sarritan zaila da jakitea zein den hiru hauen artean ezaugarri azpimarragarriena. Aipatu behar da ikuspegi hauek guztiek badutela beren gutxiengo justifikazioa. Arazoak gertatzen direnean normalean izaten da fenomeno kultural berez konplexu bat ikuspegi baten muga hertsietara murriztu nahi izaten delako. Joera horri monismoaren akatsa deitu diezaiokegu. Ikuspegi bakarraren mugak gainditu ahal izateko planteamendua ere ezberdina izan behar da. Horixe da Wolfgang Iserrek 'The fictive and the imaginary' 1993ko liburuan eskaintzen zuena.

Iserrek literaturaren teorian lehentasunezko lekua du, batez ere 'The act of reading' (1978) eta 'The implied reader' (1974) bere liburuei esker. 'The fictive and the imaginary' ez da bere libururik ezagunenetakoa, ezta harrera onena izan zuena ere. Baina liburu horrek baditu bere bertuteak, batez ere eskuetan dugun arazoa argitzerakoan. Iserren abiapuntua errealitatearen eta fikzioaren arteko harremana da. Iserrentzat ez daude errealitate hutsezko testuak, fikziozko testuekin alderatu daitezkeenak. Bere ustez, edozein testutan hiru alderdi bereiz daitezke: fikziozkoa, errealitatezkoa eta imajinaziozkoa. Hiru alderdi hauek nahasita azaltzen omen dira, gradu eta modu ezberdinetan. Errealitatezko eremua zein den gutxi gorabehera erraz ulertzen da: esperientzia zuzenarena da.

Eredu hirukoitza

Fikziozkoa, ordea, esperientzia bera narrazio, istorio edo mito bilakatzen denean gertatzen da, errealitatea hitz-konplexu bat bihurtzen denean. Imajinaziozkoa, berriz, hitz askearen ekoizpen bukaezina da, esperientziarekin uki-puntu nasaia duena. Iserren eredu hirukoitza ahozko literaturaren eremura eramaten badugu, arazo ugari argitzeko gaitasuna duela nabaritzen da. Har dezagun, adibidez, bi eguzkien mitoa. Bi eguzkik osatutako istorioa da, beren elkarrekiko dinamika islatzen duena. Kontu hau elkarrengandik aldenduta dauden kulturetan azaldu da, bakoitzean bere kutsu propioarekin. Horietako hiru bertsio ezberdin aipatuko ditut, bakoitzak Iserren hiru kategorietako batekin elkartu daitekeelako.

Gregory Nagyk 'Poetry as performance' (1996) liburuan Saforen poema bat aipatzen du (F 58.25-26V), non Saforen 'eguzkiarekiko desioa' abesten den. Nagyk dioenez, horren antzinakoa den poesian, ahoskapena antzezpen edo performance batean gertatzen zen. Kasu honetan, hizlariak bere jarrera aldatzen du, bigarren pertsonan («zu, eguzkia») mintzatzetik, lehen pertsonara («ni, emakumea») pasatzen baita.

Horrela, eguzkiarekin duen harreman zuzena abestean, antzezpenak esperientzia eguneratzen du. Nagyk Saforen poema amerikar emakume navajoen nerabezaroko iniziazio erritu batekin alderatzen du. Erritu hori Emakume Aldakorrarena da ('Changing Woman'), eta emakumezkoen transformazioa antzezten du. Bertan, familia batean iniziazioan abiatzear dagoen neska gaztea Emakume Aldakorra jainkosarekin identifikatzen da.

Lasterketa

Errituaren ondorioz, neska gaztea boteretsu bilakatzen da gizartearen aurrean. Iniziazioaren muinean, neska gazteak lasterketa batean parte hartzen du, bere bizilekutik ekialderantz joaz, gero mendebaldetik berriro etxera bueltatuz. Eguzkiaren bila doala diote navajoek eta Emakume Aldakorra jainkosa ekirekin oheratzen omen da. Nagyk dioenez, Emakume Aldakorra eta berarekin identifikatu den neska eguzkiaren antzeko figurak dira, ardura nagusitzat emankortasuna dutenak.

Edozein testutan hiru alderdi bereiz daitezke: fikziozkoa, errealitatezkoa eta imajinaziozkoa

Barandiaranek aipatzen dituen kasuetan ustezko ulermen bat dago, errealitatearen mitologizazioa

Barandiaranek 'Diccionario de mitología vasca' (1984) liburuan aipatzen du euskal lurralde batzuetan eguna bukatzean eguzkiari zuzendutako agurra egiten zutela, horrela esanez: «Eguzki amandrea badoa bere amarengana». Ataundarrak dioenez, Gernikaldean ere, antzeko hitzak erabiltzen zituzten eguzkiari hitz egiteko: «Eguzki santu bedeinkatua, zoaz zure amarengana», ekia mendebaldean gordetzear zegoenean. Badirudi nahiko zabalduta zegoela, beraz, eguzkiak bere amarengana iristeko egiten zuen bidaiaren istorioa.

Santa Klara izenarekin ezagutzen zen irudiari buruz ere antzekoa esaten omen zuten: «Santa Klara badoa bere amarengana, bihar etorriko da denbora ona bada». Barandiaranek aipatzen dituen kasuetan ustezko ulermen bat dago atzean, eguneroko esperientziaren fikziozko elaborazioa, errealitatearen mitologizazioa.

Bi eguzkien mitoak imajinazio askearen eremua ere bultzatu du. Horren adibide da lituaniar folklorean ezaguna den bi eguzkien ipuina. Davainis-Silverstraitisek 1973an 'Contes, légendes et oraisons' liburuan jaso zuen. Ipuin honetan, Joseph izeneko gizonezko batek bi eguzki ikusten omen zituen, bata gosaritan azaltzen zena, bestea afal orduan. Egunaren beste une guztietan eguzki bakarra baino ez zuen ikusten.

Hori dela eta, Joseph horrek erabaki du bigarren eguzkiaren bila joatea. Abentura asko igaro ondoren, Haizeen Amarengana iritsi eta honek tratu bat eskaintzen dio: baratzea gordetzen badio, bigarren eguzkia non dagoen erakutsiko dio. Ipuin honek errealitatearekin izan zezakeen lokarria hautsi du. Bere ordez, liluragarritasunak lortzen du, komunikazioaren bitartez, istorioaren norbere biziraupena.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Iser eta bi eguzkien mitoa