Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Aurreko astean Euskadi Literatura Sarien lehenengo irabazleak ezagutu genituen, eta, ostiral honetan, falta ziren kategorietakoen garaileen berri eman dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Andoni Iturbe sailburuordeak, Bilboko Bidebarrieta Liburutegian antolatutako ekitaldian. Horiek horrela, Saiakera Euskaraz modalitatean, Irati Jimenez Uriarte saritu dute, 'Begiak zabalduko zaizkizue' (Elkar) lanagatik.
Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik osatutako epaimahaiaren arabera, Irati Jimenezen (Mundaka, 1977) lan horrek «euskal literatura sistema eta euskal literatura kanona aztertzen ditu, besteak beste. Horretarako, esperientzia propioa, irakurketa ugari eta pentsamendu kritikoa hartzen ditu oinarritzat. Gainera, erreferentzia literario ugari eskaintzen dizkio irakurleari». Euren hitzetan, gainera, «hipotesi ausartak proposatzen ditu Jimenezek, testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten. Aipagarria da irakurleari etengabe interpelatzeko egiten duen ariketa honengan gogoeta sorraraziz», diote.
Egiazko maitasunak ezagutza eta pasioa eskatzen omen ditu, eta bi horietatik gainezka egiten du Irati Jimenezek: euskal literaturari eta sistema literarioari ikusten dizkion gabeziak eta makurrak salatzen ditu, minez bezain gordin, baina horrekin batera gure letrek zein ingurukoek dituzten liburu miresgarriak eta sortzaile apartak laudatzen ditu, sutsu bezain oparo. 'Begiak zabalduko zaizkizue' esan omen zien sugeak Adan eta Evari, eta begiak zabaltzeko gonbita egiten digu guri ere egileak, ez fruitu debekatua eskainiz, baizik eta informazioa emanez: informazio ugari, iturri eta modu askotakoa, eta, datu hutsetan geratu ordez, etengabe animatzen gaitu liburu hobeak idaztera, irakurtzera, gozatzera. Jakituriaz eta berotasunaz gain, umorea da liburu honen beste dohainetako bat, eta horiei guztiei esker aparretan doa irakurlea orriak irensten, sarritan idazlearen erudizioaz txundituta, askotan haren ikuspegiarekin bat eginez eta tarteka desadostasunean eztabaidan, debatea piztu nahi duen saiakera suhar eta polemiko batek behar duen bezala.
Bestalde, esan bezala, 'Euskarazko Literatura Itzulpena' kategorian Koro Navarro Etxeberriak (Donostia, 1955) jaso du golardoa Ernest Hemingwayren 'Fiesta Eguzkia jaikitzen da' (Erein&Igela) obragatik. Aintzane Ibarzabalek, Idoia Gilleneak eta Idoia Santamariak osatutako epaimahaiak nabarmendu duenez, «lan honek San Ferminetako giroa azaltzeaz gain, gai ugari lantzen dituen liburu klasikoa da. Belaunaldi Galduaren lekukotasuna ematen du, baita giza harremanak, adiskidetasuna, maitasuna, inpotentzia, edota hainbat gizonez eta emakume batez osatutako kuadrilla baten bizimodua eta portaera jasotzen ditu ere. Baditu, gainera, erreportaje itxurako bidaiak eta pasarte hunkigarriak», esan dute.
Halaber, euren hitzetan, «hori dena nola kontatzen duen ikusita, eta liburuak duen balio literario handiari erantzuteko, itzultzaileak jatorrizko testuaren indarra eta bizitasuna ez galtzeko erabaki egokiak hartu ditu, euskarak dituen baliabide berezkoak baliatuta». Ildo horretan, «nabarmentzekoak dira elkarrizketen tonu egokia, erregistroa eta ahotsen txandakatzeak nola jaso dituen, eta bestelako pasarte narratibo eta deskriptiboen jarraipen erosoa, prosaren soiltasuna, zehaztasuna eta eraginkortasuna. Izan ere, esaldi luze korapilatsuen kadentziari eustea bezain zaila izan daiteke esaldi labur bidezko erritmo biziari eustea sinesgarritasun-apurrik galdu gabe eta jatorrizkotik ihes egin gabe», azaldu dute.
Bestalde, Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz kategorietako Euskadi Literatura Sariak jasoko dituzte
Parisen bizi diren eta idazle izan nahi duten kazetari amerikar batzuen ibilerak eta festarako gogoa kontatzen ditu Jake Barnesek, liburuko narratzaileak. Horrela esanda, obrak ez dakar muntako ezer berezirik, ez bada oso obra atipikoa dela: badu trama estilizatu bat, hari nagusietakoa, zeina den Brett Ashley erizainak kuadrillan eragiten dituen erreakzio sentimentalen kontakizuna; baina liburuak asko du erreportajetik ere (sanferminak protagonismo handia du); bada, gainera, oroitzapen-liburua; eta bada, halaber, bidaia-liburua ere. Obra hibrido bat dela esan liteke avant la lettre, askotarikoa, baina osagai horiek guztiak biltzen dituen zakuak izen doitu ba du, eta da nobela. Ez, Fiestan kontatzen dena ez litzateke bereziki interesgarri, ez balitz bertan gertatzen diren peripezia egunerokoak kontatzeko moduarengatik. Kixoteari gertatzen zaio. Edo Denbora galduaren bilari (Anjel Lertxundi).
Bestalde, azpimarratzekoa da Edurne Portela EL CORREOko kolaboratzaileak Gaztelaniazko Literatura Saria irabazi duela, eta Teresa Maldonadok Saiakera Gaztelaniazko modalitatean jaso duela golardoa.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.