Ura
Ura da begiak itxi eta bizitzara biluztea. Entzutea harria garrasika. Basoa trantzean. Ura da sinestea joateko gaudela, baina ze ederra den momentu hau
Irati Goikoetxea
Lunes, 26 de agosto 2024
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Irati Goikoetxea
Lunes, 26 de agosto 2024
Gure bizitza urezkoa balitz. Egingo bagenu, adibidez, lo uretan. Ur musuek, esaterako, beste modu batera bustiko gintuzkete. Beste maitasun bat lukete ezpainek. Saltarinagoa edo. Irudika ditzakegu ura erruten duten oiloak, edo urari ostiko ematen dioten txapelketak, edo zezenak uretan igerian paradisu bakartiren batean. Uraren izerdiak badu beste eguzki batzuentzat itzala. Denborak beste erloju batzuk lituzke ura balitz pauso. Urak badu zerbait. Izango da akaso irrist egiteko gaitasuna. Ikusezintasuna. Erori eta lehertu egin daitekeela. Eta bertan geratu, joaten den arte. Bi eta baten konexio orekatua. Ura da begiak itxi eta bizitzara biluztea. Entzutea harria garrasika. Basoa trantzean. Ura da sinestea joateko gaudela, baina ze ederra den momentu hau.
Bergantzun izan ginen joan den igandean. Araban. Inglares erreka pasatzen da bertatik. Tira, Inglares errekak magia egiten du Bergantzu herriaren ingurumarian. Malabarista da ura; eta trapezista. Etorri-etorri esan eta salto egiten dizu gero buru gainetik, aurpegia atzerantz biratu eta mingaina ateraz. Ni banoa, ni banoa. Eta indar batek (indar hori, indar hori, beste zutabe bat behar genuke indar hori definitzeko) bultza egingo dizu begiak ixtera. Joango zara bestela, han, errekan behera. Eta auskalo noraino. Ur bidea. Itsasoraino joan gintezke 'Tantatxu' bide-lagun hartuta. Asmatu zuenak asmatu zuen. Bederatzi probako ginkana umeen motibagarri eta helduen entretenigarri. Flora, fauna, kimika, behaketa... Ur bidearen bigarren zatia oso-oso polita eta jantzia da. Lehenengoa gozamen hutsa. Eta betea.
Errekak garbitzeko egunak agendatzen ditugu gure herrietan. Ondo. Txalo. Beste ekimen askotara bezalaxe, ordea, ez ote den dagoeneko sentsibilizatuta dagoen jendea joaten. Zer egingo dugu gainerako guztiekin? Itsasoa zabortegi plastifikatua da. Bergantzura joan eta merezi du ur ertzean eseri eta nor garen arnastea. Pentsatzea segi dezala guztiak ni egon izan ez banintz bezala. Goroldioak gogoraraziko digu gu iritsi aurretik ere dena zela eder eta urre. Ez garela inor. Eta izan gaitezkeela.
Eta zer egingo dugu gainerako guztiekin? Gainerako guztiekin segi. Flotagailuak egiten. Plastikozkoak egin ordez, egin... Bakoitzak erabaki dezala. Besteek zer egin behar duten gainerakoek esatea ez da pedagogia. Pentsatzea, aztertzea eta erabakiak hartzea nork bere burua konbentzitzeko modu bat da.
Ur parrasta bat gorde dut poltsikoan. Eta erreka bihurtu naiz. Urak bere bidea behar du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.