Borrar
Efe
Total
Egin kontu

Total

Bai, noski, bakoitzak egin dezala nahi duena. Nola ez ba! Total, urtean behin. Erretxina, zer zara ba zu, Irati

Irati Goikoetxea

Jueves, 19 de diciembre 2024, 11:30

Argiz bete dira kaleak. Batzuk. Bai, ez nator galdetzera zertarako hainbeste bonbilla, zertarako hilabete lehenago, zertarako zintzilik daudenez gain lurretik gora altxatzen direnak. Izan ere, hainbestetan aipatu dira haurren eta komertzioen beharrak, ilusioa eta ekonomia. Administrazioak jartzen ditu gehienak, etxeetako balkoietan din-dan-don egiten dute beste askok eta askok. Bai, noski, bakoitzak egin dezala nahi duena. Nola ez ba! Askatasun ekonomiko eta ekologikoa. Total, urtean behin. Erretxina, zer zara ba zu, Irati.

Argiz bete dira poltsikoak. Batzuk. Bai, ez nator kontatzera hainbesteko hozkirria eragiten dizun espainiar estatura doazela ehunka euro euskaldun, nahita, hala nahita, diruak zoriontsu egiteko probabilitate matematikoa hutsaren hurrengoa dela, jarritakoa irabaztea ere galtzea dela. Izan ere, hainbestetan aipatu dira talde-kohesioa, itxaropen partekatua, denek hartzen dute eta tokatzen bada. Bai, noski, bakoitzak egin dezala nahi duena. Nola ez ba! Total, urtean behin. Erretxina, zer zara ba zu, Irati.

Argiz bete dira ahotsak. Batzuk. Bai, ez nator sua piztera kantuak trakatan-trakatan edo hator-hator behar duen, Olentzerok Jesus jaio dela edo negua datorrela aditu ote duen, haurrek botila ardoarekin ikusi behar duten. Olentzero. Izan ere, hainbestetan aipatu da tradizioa eta erlijioa, aldaketa, gezurra eta iruzurra. Kantuan ateratzen dira ikastetxe asko, gehienak, denak, publiko eta kontzertatu, laiko eta kristau. Kantuan ateratzen da txin-txin txin-txin ume asko bere kabuz ere. Bai, noski, bakoitzak egin dezala nahi duena. Nola ez ba! Kantuak abesti dira, eztarri festa. Total, urtean behin. Erretxina, zer zara ba zu, Irati.

Argiz bete dira pinuak. Batzuk. Bai, ez nator errieta egitera zenbat plastiko, zenbat zuhaitz mozte eta zenbat zenbat zenbat. Hasi kontatzen. Izan ere, hainbestetan aipatu da urtero berrerabili egiten dela eta etxean natura sartzea bezala dela eta non kokatuko dugu, bestela, izarra... Opariak jartzeko tokia ere behar da, adiskide! Bai, noski, bakoitzak egin dezala nahi duena. Nola ez ba! Total, urtean behin. Umeengatik. Erretxina, zer zara ba zu, Irati.

Zoriontasuna. Egia, hori zen kontua. Paperean bil-bil egin eta izan dadila ezuste. Papera tarratatu gabe, txukun-txukun eta maitekiro, oparia zabaltzeko gai izatea. Zoriontasuna. Bai, hori zen kontua. Umeengatik. Izan ginen ttiki haiengatik. Bai, hori zen kontua. Total, urtean behin ezin utziko diogu zoriontsu izateari.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Total