Pausa
Ruperrek dio Santa Anan, ametsetan bezala, mundua pausan dela. Eta nik pixka batean hor geratu nahi dut
Irati Goikoetxea
Martes, 17 de septiembre 2024, 12:36
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Irati Goikoetxea
Martes, 17 de septiembre 2024, 12:36
Gure etxean kantu bat tripetaraino iristen zaigunenean hausnarrean aritzen gara. Bai, hausnarrean bai, baina, batez ere, hausnarrean. Behiak bezala. Eta ardiak bezala. Urdailetik ahora egiten du kantuak gora-gora-gora eta hitzaren eta melodiaren arrastoak listu-guruinez busti eta kantuak eragindako emozio-bola bueltan-bueltan ibiltzen da. Eta eragiten ditu irribarreak, eta malkoak, eta tarteka gerri mugimenduak ere bai. Gure etxean kantu bat tripetaraino iristen zaigunean, berriro eta berriro, eta berriro eta berriro, eta berriro eta berriro, gai gara kantua maxkal-maxkal eginda uzteko. Eta, halere, maxkalduta ere, entzuten jarraitzeko.
Beti maite izan dugu Ruper. Esan nahi baita bere kantugintza. Ahotsa. Kantaera. Esaten duena. Esaten duena nola esaten duen. Bere gitarra. Hitza hartzeko bere modua. Ruper maite dugu, bai. Aitona dabil azken boladan Santa Anara joan eta joan. Logelara hurbiltzen zaion txantxangorria ere dantzan jarri du egunotan Ruperren duela hiru urteko doinu kubatarrekin. Bilobek ikasi dute kantuaren letra, eta gerriari hara eta hara eta hara egiten diote bultza bideoklipeko umeen dantzak imitatu nahian. Nik burua dut kantuan, Santa Anara eta Santa Anara, ohera sartzen naizenean batez ere. Duela hiru urte ikusi zuen argia kantuak Amour eta toujours diskoan. Orduan ez nion kasu handirik egin, kateatuta nauka orain. Bideokliparen hasieran azaltzen den bizikleta txuri eta gorritik jaitsi nahi ezta. Taxi-bizikleta da, edo autobus-bizikleta, tren-bizikleta ere izan daiteke. Pertsona batek beste bat darama, eta mundua haiekin doa. Denbora ez da zirriborro bat irudi horretan. Ikusi egiten da. Denbora. Gure kezka, bien bitartean, ikasturte hasiera honetan, ea hogei minutuan egiten dugun bide-tarte hori hemezortzian nola egin genezakeen, Gasteiztik edo Ezkiotik egin behar duen herri honek aurrera, otsoa baino lehen iritsiko ote garen amonaren etxera.
Ruperrek dio Santa Anan, ametsetan bezala, mundua pausan dela. Eta nik pixka batean hor geratu nahi dut, gitarra soken arteko espazioan dantza txikian, egon, egon, egon, denbora zirriborratu beharrik gabe, denbora ikusten. Hemen (ere), ametsetan bezala, mundua pausan egon dadin.
Txantxangorria leiho ertzean dago moko eta moko. Aitonari esaten dio jartzeko eta jartzeko kantua beste behin. Egunotan ari dela amets egiten ikasten, umeak dantzan ikusi dituenetik. Pausa; argazki honetan gera gintezke pixka batean. Ahal balitz puska batean.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.