Borrar
Adobestock
Patxi
Egin kontu

Patxi

Besarkada estu-estu bat bidali eta erabateko babesa adierazi nahi diot Marisol Zamorari

Irati Goikoetxea

Viernes, 7 de junio 2024, 11:45

Kaixo, Patxi. Gertuko lagun batek esan dit «Irati, zertarako lokatzak nahastu?», eta hementxe naukazu, katiuskak janzteko beldurrez, oinutsik. Beldurrez, bai, inork ez baitit erakutsi hurbileko lagun estimatu batek haur bat behin eta berriro erasotu zuelako bere aurkako salaketa publiko egin denean, zer egin behar den sabelean eta, are, buruan sentitzen diren hozkadekin. Bidegabekeriaren aurrean isilik geratzea, ordea, azkena, ezta, Patxi? Gaiaren inguruko isiltasun handiegiak harritu, larritu eta haserretu egin nau. Laguna ez bazina, eta euskal letren munduan idazle, poeta eta irakasle aitortua ez bazina, lokatz-bola lehertua legoke honezkero. Zikina plast aurpegiratua. Baina laguna izan ala ez, eta euskal letren munduan idazle, poeta eta irakasle aitortua izan ala ez, eragindako min eta sufrimenduak berak direnez, kakatzak (galanta eta salagarria) beti-beti argia ikusi behar duela ez dut zalantzarik, eta horien aurrean jarrera publiko irmo arbuiagarri eta gaitzesgarria izatea dagokigula. Itzalean, ezkutuan, isilpean egiten direnak, argitara, agerira, garrasira ekarri behar dira. Ez baita ahaztu behar, lehen lerrora ekarri behar baita, pertsona batek ikaragarri sufritu duela eta sufritzen ariko dela. Besarkada estu-estu bat bidali eta erabateko babesa adierazi nahi diot Marisol Zamorari (La Salle kongregazioko kide Patxi Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen joan den astean eta, testu hau idatzi ondoren, beste hiru emakumek ere salaketak jarri dituzte).

Horiek guztiak lokaztuta, gustura eseriko nintzateke zure ondoan. Mina eragiten duena abandonatu baino akonpainatu egin behar dela sinetsita. Kontzientziari tira egin behar zaiola. Sufrimendua eragiten duena zorretan sentiarazi behar dela. Galdetuko nizuke zergatik. Nola iristen den norbait halakorik egitera. Nola elizgizon bat, baloreen, maitasunaren, errespetuaren predikazioa bere behar lukeenean. Egindakoaren kontzientzia erreparatzailerik ez al duzun izan sekula. Zer egingo dugun orain Legorretan egindako omenaldiekin, zer egin beharko litzatekeen kultur etxearen izenarekin, zuri eskainitako plakarekin. Zuk zer egingo zenukeen. Aitortza horiek jasotzeko literatura ibilbide aski oparoa egin zenuela, baina! Ez dakit. Hortxe sabeleko eta, are, buruko hozkadak.

Gurasoen etxeko egongelan bada argazki polit bat. Bertan gaude Ekaitz anaia, Eleder semea, Joan Mari Irigoien, zu eta ni. Asteburuan zeharka begiratu dizudan bakoitzean, begira harrapatu zaitut. Bai, Patxi, Elederrek argazkikoak berriro kontatzeko eskatzen didan hurrengoan dena kontatuko diot. Eta dena da dena.

Ez dakit horrelako egoeretan nola esaten den agur. Beti gero arte, Patxi. Lokatzetatik. Irati.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Patxi