Borrar
Pello Reparaz, joan den abenduaren 3ko kontzertuaren une batean. Mario Lezaun
Mito
Egin kontu

Mito

Handia egin duzu, Pello; handia egin duzue. Iruñea, kapital zaharra, puztu egin da, Donostiak lanak izango ditu orekari eusten. Ederra egin diguzue. Eta orain, zer?

Irati Goikoetxea

Viernes, 10 de enero 2025, 22:08

Nafarroako Gobernuko Jauregian pertsona batekin gurutzatu naiz. Txistuka pasa da. Eskaileretan melodia dantzan utzi du bere atzetik. Badoa. Eta ozen entzun dut dagoeneko beheko solairuan dagoen gizonaren oihartzuna. «Aralarko dama eroriko bada, nafar lurretan izango da». Irribarre batek egin dit salto eskaileretan behera. Hi ere harrapatu hau Pellok, e? Ia astebete daramat semearekin bi ahotsetara zoro-zoro, «baseliza bat eraiki dute Egiarretan!» Mapara joan eta Egiarreta lekutu dugu, non dagoen eta zer duen inguruan. Zergatik baden eta zertarako bihurtu den kantu bateko gune, eta une. Telebista bidez ikusi genuen biok Zetak taldearen Mitoaroa kontzertua pasa den larunbatean. Asko horietako bi izan ginen gu ere. Kantatu eta dantzatu egin genuen, begiak malkotu zitzaizkigun, bihotzak hanpatu eta oheratu ginenean, hizketagai berriak asmatu genizkion elkarri. Lehendik kantugai zituen abestitz gehienak, orain, kantatu ahala, ikusi egiten ditu abestiak bere iruditerian. Bazekien nor zen Erramun, orain ezagutu egiten du. Jakin du Maixuxek hiru alaba dituela, kantu eder direla Ansa ahizpak. Jagoba bertsotan ikusi du beste behin, futbola bertsotan jartzea futbola bertsotan jartzea da.

Mito begiratu dut Hiztegi Batuan. Dio: Alegiazko kontakizuna, antzinako jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dena, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena. Handia egin duzu, Pello; handia egin duzue. Bi gau lehertu dituzue, eta biharamuna mezuz bete da WhatsApp talde, sare sozial eta kroniketan. Iruñea, kapital zaharra, puztu egin da, Donostiak lanak izango ditu orekari eusten. Ederra egin diguzue. Eta orain, zer?

Orain, ezer ez. Beti ez daukagu hausnartu, aztertu, ondorioak atera eta nekatzen aritu beharrik. Une batez bada ere, izan zoriontsu, sentitu harro, betiko baliz bezala. Eta kitto. Hori bai, Pellok eskura jarri dizkigu, eta aita-ama-guraso bagara, hartu ditzagun seme-alabak eta eraman Egiarreta, Arakil, Orbaizeta, Urederra eta Amezketa erakustera; irakasle bagara, landu dezagun inauterien benetakotasuna dagoeneko izan badiren izakien eskutik; garena garela, Urepeleko larreetan bilatu dezagun Erramun eta aurkitu ditzagun Benito, Imanol, Lourdes, Laboa, Amaia, Lete, Aiora, Ruper, Anari...

Horrek guztiak ere zoriontsu sentiaraziko gaitu, eta harro. Nekatu beharrik gabe. Ez utzi Pello mito bihurtzen. Alegiazko kontakizun. Izan dadila errealitate.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Mito