Borrar
Bingen Zupiriari, Segurtasun sailburu izendatu berriaren kontra agertutako mehatxuak. Efe
Mehatxuak
Egin kontu

Mehatxuak

Orainak begirada zor dio iraganari. Iraganaren azterketa kritiko seriorik ezean, nekez desagertuko baita indarkeriaren adierazpide oro

Irati Goikoetxea

Jueves, 27 de junio 2024, 13:41

Ekaina da. Nahi nuke eguzkiaz hitz egin. Zintzilik, dilindan, erortzeko arriskuari iruzur egiten dion argiaz. Suak bere baitan gorpuzten duen olatuaz. Nekeaz. Usainaz. Gerezi hezurrak hortz artean kraskatzen duen hutsuneaz. Igerilekuetan azalean itsasten diren irribarreez. Ekaina da. Eta bihotz bat kalean gora doa karramarro. Ez da itzuliko.

Ekaina da. Eta nahi nuke ekainaz hitz egin. Baina gaur esan beharrekoak esateko beharra sentitzen dut. Hain zuzen, ekaina delako. Eta herenegun 25 zituelako urteko seigarren hilabeteak. Zabaldu da albistea. Zabaldu dira irudiak. Hernaniko negutegi batzuetan pintadak azaldu dira. Hitzek mehatxu egiten diote Bingen Zupiriari, Segurtasun sailburu izendatu berriari. Hain zuzen, Imanol hil zen, Manuel Zamarreño hil zuten eta Lauaxeta fusilatu zuten egun berean. Ekainaren 25ean. 2024. 2004. 1998. 1937. Orainak begirada zor dio iraganari. Iraganaren azterketa kritiko seriorik ezean, nekez desagertuko baita indarkeriaren adierazpide oro.

Imanoli eskaini nahi nion aste honetako zutabea. Besteak beste, mehatxuak tarteko, Euskal Herritik urrun egin zituen azken urteak. Urrutiegi hil zen. Herriak abandonatu egin zuela esatera ausartzen naiz. Eta hau mina! Hogei urte dira hil zenetik. Kantuan jarraitzen du, atximur egiten digu, hautsi egiten gaitu. Baina ez dakit. Ez dakit. Orainak zerbait zor dio. Gutar guztiok zor diogu.

Manuel Zamarreñori eskaini nahi nion aste honetako zutabea. Hogeita sei urte dira ETAk bizitzak lehertu zizkienetik. Hilabetez egin zioten mehatxu. Hilabetez hil zuten. Hilabetez oheratu zen arnastutako egunak zenbatuz. Naiarak bizi du orain. Bide izaten jarraitzen du, begietara begiratzen digu, bere baitan biltzen gaitu. Baina ez dakit. Ez dakit. Orainak zerbait zor dio. Gutar guztiok zor diogu.

Lauaxetari eskaini nahi nion aste honetako zutabea. Laurogeita zazpi urte dira frankistek fusilatu zutenetik. Gerra bera bihurtu zitzaion mehatxu. Tiro egin zioten. Irakurri egiten dugu orain. Hitz izaten jarraitzen du, oihartzun egiten digu, bide barrijan kokatzen gaitu. Baina ez dakit. Ez dakit. Orainak zerbait zor dio. Gutar guztiok zor diogu.

Mehatxatuak izan ziren. Mehatxatuak dira.

Ekaina da. Eta nahi nuke ekainaz hitz egin. Eta, bai, Bingeni elkartasuna adieraztea, Imanolekin kantuan aritzea, Zamarreño familiari besarkada estu bat bidaltzea eta Lauaxeta errezitatzea, tamalez, ekainaz hitz egitea da. Ekainak asko zor dio iraganari. Askatasuna. Gainontzean, ez gara etorkizun izango.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Mehatxuak