Borrar
Infernua
Egin kontu

Infernua

Infernua. Beltza. Hotza. Suak emana. Zulo bat beste zulo baten kanpoan. Bakarren batek esan zuen nonbait kokatu behar zela eta hortxe, Palestinan.

Irati Goikoetxea

Jueves, 1 de agosto 2024, 13:20

Pasa da, bai. Pasa da. Gutxi gorabehera. Izan ere, hain izan da izerdia izerdiari itsatsia, hain zulorik gabeko arnasa, hain «Harrizko nahiko nuke oraintxe». Bero sapa. Beroa zartagian kiskalia. Beroa irakiten. Azal eta mami xigortua. Gutxi gorabehera pasa da, kolpe arrastoak hor irauten baitu pega-pega eginda. Eskua bizkarrean behera pasa eta eramango duzu izerdia nahi gabe izterrera. Eta zurrunbilo-zurrunbilo, urtu egingo zara. Lehor.

Gorria. Beroa. Suak hartua. Zulo bat beste zulo baten barruan. Bakarren batek esan zuen nonbait kokatu behar zela eta hortxe, lurpean, ezarri zuten. Infernua. Tarteka gora egiten ere badaki ba.

Infernua. Asmatu zuenak asmatu zuen gure iruditerian kerik gabeko sua kiskaltzen. Lo hartu aurreko kezka eta beldurrak sudurrean gora luzatzen. Zerbaitegatik ez da ondo lo egiten gehiegizko beroa egiten duen gauetan. Infernua.

Infernua. Hara joango zela esan zion adinkide batek umetan nire anaiari. Jaio eta berehala edo jaio eta aurreratxoago haurrari ur bedeinkaturik bururatu ezean (bururatzea ere!), ume hura sutarako izango zela. Niri halakorik ez, niri zerua ukatu zidaten. Eta zeruaren eta infernuaren artean, auskalo zer egosten den. Umeen kontuak. Esan zuten. Umeen kontuak. Esaten da. Aurpegia behar da gero. Umeak ezerezaren lubakietatik aterako balitu bezala ateratzen dituenak. Aurpegia behar du pertsona helduak, umea bere ispilu izanik, umearen esanak umekeria hutsaltzat hartzeko. Zer den nor bere arduren deabru izatea.

Infernua. Pertsianak behera-behera-behera jaisten ditugu egun beroetan eta zirrikitu ttikietatik harago begiratzen dugu haize izpiren batek han aurreko zuhaitzeko hostoak mugitzen ote dituen ikusteko. Gure kobazulo propioetan Izar azpian mundua dago, izarapean zerua abesten dugu Imanolekin batera, eta ez azpi eta ez -pe, gain hartzen dio gorputzak beroari ohean etzaten garenean. Edan ura, busti ura, izan ura. Zuk badezakezu-eta.

Infernua. Beltza. Hotza. Suak emana. Zulo bat beste zulo baten kanpoan. Bakarren batek esan zuen nonbait kokatu behar zela eta hortxe, Palestinan. Rafahko ur erreserbak suntsitu ditu Israelek. Infernuan ura itotzea. Zitalkeria bat baino gehiago dirudi horrek. Eta gu pertsianaren zirrikitutik begira, urak burua bedeinkatu zigula eta bihotzarekin zer egin ez dakigula. Ba ez, zuhaitzeko hostoa ez da mugitzen.

Pasa da, bai. Pasa da. Gutxi gorabehera. Infernu batzuk pasa egiten dira. Beste batzuk, ordea, ez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Infernua