Borrar
Heldulekuak
Egin kontu

Heldulekuak

Hizkuntza politikak integrazio politika on bat behar du, integrazio politikak hizkuntza politika on bat behar duen neurri berean

Irati Goikoetxea

Viernes, 5 de julio 2024, 23:51

Koka dezagun geure burua euskarak presentzia eskasa duen hiri bateko auzo bateko kaleetan. Kale horietan gaztelania entzuten da batez ere, eta errumaniera, eta arabiera. Eta pixka-pixka bat euskara. Dimentsioaz jabe zaitezten, aurreko batean emakume batek irribarretsu-irribarretsu, euskaraz tar-tar ari zen zazpi urteko ume bati «¡Qué bien hablas euskera!», bota zion gaztelaniaz. Eta ilusioz. Eta pozik. Ia sartu zuen poltsikoan. Umea. Eta euskara. Hiri horretako auzo horretan bizi da Maya. Auzoko D ereduko ikastetxe publikoan egin ditu azken bi urteak. Oinarrizko euskara maila polita lortu du. Datorren ikasturtea, ordea, ikastetxe kontzertatu batean hasiko du. Gaztelaniaz ariko da irakasle eta ikaskideekin. Euskara galduko du. Familia marokoarrak duela bi urte euskarak presentzia eskasa duen hiriko auzoan euskararen alde egindako hautua ezerezean geratuko da. Erabakia baldintzatu duten faktore asko izango dira, baina halakotan hurbileko zirkuluaren indar-ahalegin-borroka faltak kezkatzen nau. Zirkulu hori gu gara. Euskaldun bat gutxiago. Eta Maya ez da bat.

Koka dezagun geure burua tamaina ertaineko herri euskaldun industrializatu batean. Bertan bizi da bederatzi urteko Omar marokoarra. Omarrek dio bere auzoan irakasleek bakarrik hitz egiten dutela euskaraz. Kalean ez duela inor euskaraz aditzen, haurrek ikasgeletan soilik egiten dutela, ez jolas-ordu, ez jangela, ez parke. Euskara ondo-gozo-mamitik ikasteko heldulekurik ez du Omarrek. Zaila egiten zait bere etorkizuna euskalduna izango dela irudikatzea. Omarrek badu familiaz harago hurbileko zirkulu erantzule bat. Zirkulu hori gu gara. Euskaldun bat gutxiago. Eta Omar ez da bat.

Koka dezagun geure burua herri txiki oso euskaldun batean. Mohak eskolan bai, baina batez ere kaleko jolasetan bixkor (eta bizkor) ikasi du euskara. Iritsi da opor garaia. Kaleak hustu eta igerilekuak bete dira. Moharen familiak ez du etxeko kide guztiei igerilekuko bonoa ordaintzeko nahikoa baliabide. Moha ez da igerilekura joango. Lagunarteko jolas-ordu asko galduko ditu. Bi hilabete eta erdiz. Irailean, arrastaka, pisu egingo zaio atzera euskara. Ez dakit hurbileko zirkuluko kide bakoitza dugun erantzukizunaz ohartzen garen. Zirkulu hori gu gara. Euskaldun bat gutxiago. Eta Moha ez da bat.

Hizkuntza politikak integrazio politika on bat behar du, integrazio politikak hizkuntza politika on bat behar duen neurri berean. Politika horiek egunerokoan zu eta ni behar gaituzte. Mayak, Omarrek eta Mohak ere bai.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Heldulekuak