Borrar
Adobestock
Harriak
Egin kontu

Harriak

Agian hobe genuke mundua ulertu beharrik ez izatea, mundua ulergaitz egiten ari garen garaiotan zentzuak beldurra ematen baitu

Irati Goikoetxea

Sábado, 25 de mayo 2024, 19:57

Tarteka ipuin bat kontatuko dizuet. Zergatik ez, ezta? Eloy Morenoren 'Mundua ulertzeko ipuinak' irakurtzen ari naiz asteotan. Lo hartu aurretik ipuin bat. Bi-hiru orriko ipuin laburrak dira. Gau osorako lurrina uzten dute. Bai, usain itsaskor bat, iheserako tarterik uzten ez duena, pega-pega eginda geratzen dena. Eta goizean dutxatu ezean (izan ere, ez dago goizero dutxatu beharrik, ezta?), hor eramango duzu ipuina zurekin lanera, eskolara edo baratzera. Imajinatu gainean daramazun ipuina autobuseko eserlekuko bizkarraldean itsatsita geratu eta eserleku berean eseriko den hurrengoari jarriko zaiola bizkarroi. Pentsa, ipuina amets bihurtzen da askotan eta jar zaitez, ba, errealitatea fikzioaren zein dimentsiorekin puzle- tzen den erabakitzen. «Mundua ulertzeko ipuinak». Agian hobe genuke mundua ulertu beharrik ez izatea, mundua ulergaitz egiten ari garen garaiotan zentzuak beldurra ematen baitu. Horregatik (arrazoi zehatzen beharrik gabe ere) tarteka ipuin bat. Adibidez, gaur. Bururatu ahala zuentzat.

«Bazen behin haur bat egunero-egunero harri artera jolastera joaten zena. Harpila altu-altuak egiten zituen, forma, kolore eta tamaina askotariko harriak nahastuz. Etxeratu aurretik jolaserako erabilitako harri guztiak bere tokian uzten zituen bat izan ezik. Beti bat izan ezik. Bere tokian ez uzteko aukeratutako harri hura irentsi egiten zuen. Ahoan sartu, listuz busti eta mingainaren bultzada bakarrarekin eztarrian barrura egiten zion bultza. Haurrak harriz betea zuen sabela, harrizkoa bihotza. Inork ez zekien ume hark zertan igarotzen zituen arratsaldeak, inork ez zekien itxuraz hezur eta azal zen haur hark mamia hauskaitza zuela. Harri artean jolasean zebilen arratsalde batean, eskua zabal, harrietako bat hartu, bihotz parera eraman eta laztan-besarkada eman zion. Harriak zimiko moduko bat egin zuen, lurrikara moduko bat. Eta ttak. Malko bat eta beste bat eta beste bat isuri zitzaizkion. Harriari. Begietan behera. Tira, zuloetan behera. Uholdeka. Maitasuna, pentsatu zuen harriak. Maitasuna, edo auskalo zer. Haurra ere, emozioak gainezka zituela, negarrez hasi zen, baina ur-malkoen tokian harri-malkoak isuri zituen».

Ekaitz Goikoetxea bertsolari handiak 'Harriak ez du begirik, begiak harritzen dira' idatzi zuen behin, askorik jakin gabe 2014an albiste bihurtu zela begietatik harriak isurtzen zituen neskato yemendarra.

Begiak harritu egiten dira. Hain zuzen ere, harritu. Mundua ulergaitz denetik. Munduan ulergaitz garenetik.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Harriak