Dragoi Bolaren eszena matxistak aipatu dira... Eta eszena biolentoak?
Irati Goikoetxea
Jueves, 23 de enero 2025, 15:10
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Irati Goikoetxea
Jueves, 23 de enero 2025, 15:10
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du. Henrik Ibsen antzerkigile eta poeta norvegiarra izan zen antzeko zerbait esaten lehena. Urte batzuk geroago, Fred R. Barnardek eman zion antzeko esaldi bati erabilera modernoa aldizkari bateko iragarki batean. Confucioren izena ere ageri da horien guztien jatorrian.
Saltsa pixka bat sortu da egunotan, gatz pixka bat hemendik, pipermin puska bat handik, Dragoi Bola marrazki bizidunek transmititzen dutenaren inguruan. Makusi plataforman ikusgai daude dagoeneko hamabi atal, Euskal Telebistak duela 35 urte (nola egiten duen denborak atximur, kamarada!) 1989an emititu zituen haiek berak. Dragoi Bola euskaraz. Ostiral honetan zintzilikatuko dituzte beste hamabi. Eszena matxista eta sexistak aipatu dira sare-sozialetan, zentsura bai-ez, ohartarazpenak jarri behar diren, 12 urtetik beherakoentzat ez dela gomendagarria, duela 35 urte duela urte asko dela... Eszena biolentoez ez dut apenas ezer irakurri. Eta nik, Son Gokuren nondik norakoek oso umetan harrapatu ninduten honek, indarkeria bortitza ere oso gogoan dut. Honen guztiaren harira, bi irudi ikusi ditut sare sozialetan egunotan: Son Gokuren eskua Bulmaren alu gainean, Bulma ipurdi bistan Iratxo Dortokaren lerdo aurpegiaren aurrean. Gidoiak gorabehera, irudi hutsak ikusita, Lazkao Txiki marrazki bizidunez oroitu naiz braustakoan. Lazkao Txikiren eskua bere andereñoren hanka artean sartua, Igeldoko suitzar mendian biak. Andereñoren eta beste emakume batzuen lehen planoko titi esajeratuki handiak ere etorri zaizkit tok-tok burura. Horietaz inoiz ez dut inor hizketan entzun edo irakurri. Nola ikusten da hau guztia? Elkarrekin. Ohartaraziz. Ikusi eta hitz eginez beharko du.
Hogeita hamar urte ETAk Gregorio Ordoñez hil zuela (besarkada estu bat hurbilekoei) Donostian. Urteurrena dela eta, zabaldu diren zenbait grabazio ikusi ditut egunotan, orduko kale-giro bortitza, errea, zapaltzailea islatzen dutenak. Semeari tarteka kontatzen dizkiodanak iruditan inoiz erakusteko gai izango naizen galdetzen diot neure buruari. Hitzak ez dakit sinestekoak diren, irudiak ez sinestekoak iruditzen zaizkit. Baina gu ginen suak hartutako autobusen eta zaborrontzien beldurrez Donostiara joateari uzten genionak. Nola erakusten da hau guztia? Ikusi eta hitz eginez beharko du. Ezinbestean.
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio omen du. Behar den guztietan, irudia behar diren hitz guztiez lagunduta aztertu dadila. Bestela, hitzak ez du ezer balioko, eta irudiak hutsaren hurrengoa. Kaka zaharra.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Estos son los mejores colegios de Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Noticias recomendadas
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.