Borrar
Adobestock
Arrastoak
Egin kontu

Arrastoak

Naturarekin bat egiteko modurik onena hogeita hamaika eskutik berak duela sentitu eta sinestea da

Irati Goikoetxea

Martes, 7 de enero 2025, 07:40

Badut lagun bat esaten duena «Hobe seinalerik ez mendian; ez adierazi txoko txiki eder horiek non dauden. Bilatu nahi dituenak aurkituko ditu, eta bilatu gabe aurkitu nahi dituenak, egin dezala bidea beste norabait!».

Gipuzkoan dagoen Sastarriko kobaren bila denboratxo bat luze, bueltaka-bueltaka pasa eta bertaratzea lortu gabe etxeratutakoa naiz. Bazen zuhaitz baten adarra pixka bat irtena... errepikatzen nion neure buruari bideari eskuinera jira noiz egin behar nion asmatu ezinda... goratxoago behar du... edo beherago zen? Ezkutaketan jolastea hori da, natura irriz entzutea enborren atzetik, orbelen artetik. Iratxoren bat zirika duzula sumatzea. Eta zuk ere barre egitea, naturarekin bat egiteko modurik onena hogeita hamaika eskutik berak duela sentitu eta sinestea baita. Gezi bat balego, izen eta guzti, eskuinera biratu beharreko tokian pauso dantzan ibili beharrik gabe bertaratuko nintzatekeen, baina ni bezala, beste asko eta asko eta asko. Eta Sastarriko koban hobe gutxi eta gutxi eta gutxi. Umiltasunez, burua makurtzeko prest dagoena bakarrik. Bai, gizakiak umil zor dio dena naturari.

Sekretua errespetua da, bai, eta heziketa. Errespetuan heztea. Erraza da kontua: errespetuan heztea. Erraza da kontua. Errespetuan heztea. Hori baino ez. Oso erraza. Errespetua. Heztea. Erraza da, ezta?

Urte gutxian asko aldatu da kontua, ordea. Gaur egun ez dakit zentzu handirik duen horrek. Ikusten ez diren arrastoz betea daukagu airea, giroa edo dena delako hodei ikusezin hori. Goroldioa laztantzeko eta azeri kaka usaintzeko betarik hartu gabe, telefonoari begiratzen diogu... hemendik ondo goaz, hamabi koma laugarren kilometroan gaude, seiehun eta berrogeita hamazazpi metrotan eta hortik behera hartuta... harri artean zangalatraba! Nor ari da adar artetik barrezka?

Ez dizuet kontatuko non (badut beste ezagun bat Arabako ur putzu natural basati ederrenen ezagutza inorekin partekatzen ez duena. Jacuzzi izoztuak. Paradisuak). Astelehenean, baso barren zoragarri batean galduta genbiltzala, emakume batek zaputz eta etsita galdetu zigun, Non dago ur-jauzia? Inguru hartan ur-jauzirik zenik ez genekien guk... Arrastorik ez zegoen eta haren berririk ez genuen. Emakume haren zaputz aurpegia izan zen gure oparia, ordea. Belarria zorrotz eta sentipenak bizi, inguruarekin jolasean, bila eta bila ibili ondoren, aurkitu genuen gune majikoa. Ez dizuet kontatuko non. 2025ak txoko txiki eder horien bila harrapa zaitzatela! Errespetuan hezita.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Arrastoak